Aitziber Arzallus
Herri baten historian, 80 urte ez dira urte asko. Baina nahikoa izan daitezke iragana ahazten hasteko. Orduko protagonistek eta lekukoek bakarrik dakizkite unean-unean gertatzen zen guztia betikotzeko gaurko baliabide eta teknologiarik ez zeneko kontuak. Eta denbora kontra dute. Adibidez: gutxik hitz egin dezakete lehen pertsonan 1936ko gerran bizitako gorabeherez, gazteenek ere ia ehun urte dituztelako eta haietako asko hilda daudelako. Horregatik, denborak berekin eraman ez ditzan, interpretazio zentro bat egin dute Eibarko Arrate auzoan, orduko lekukotasunekin, garai hartako benetako materialarekin eta propio eraikitako erreplika eta maketekin: Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa, hain zuzen.
Erakusketaren helburua da hurrengo belaunaldiei erakustea eta ulertaraztea 1936ko gerrak zenbaterainoko arrastoa utzi zuen Eibarren bertan eta inguruko mendietan —Arrate, Akondia, Kalamua, Urko…—. Izan ere, 1936ko irailetik 1937ko apirilera, zazpi hilabetez, Eibarren izan zen gerrako frontearen kokalekua. Denbora horretan, inguruko mendietan borrokaldi latzak izan ziren eta hiria bera ere ia egunero erasotzen zuten, kanoikadaka. Azkenerako, 1937ko apirilaren 25ean bukatu zen setioa, tropa frankistek hiria bonbardatu eta mendean hartu zutenean.
Borrokaldi gogorrenak Arrateko zelaian eta inguruetan izan zirenez, Eibarko Udalari iruditu zitzaion hango aterpea kokaleku egokia izan zitekeela 1936ko gerrari buruzko interpretazio zentroa jartzeko. Halaxe, azkenekoz aterpea berritzeko lanak egin zituztenean, erakusketa ere prestatu zuten, eta martxan da 2015eko urtarrilaren amaieratik. Soilik igande goizetan zabaltzen ditu ateak, eta iaz 1.724 lagunek bisitatu zuten zentroa. Jose Luis Gonzalez udaleko kultura zuzendariaren esanetan, jendea “erabat harrituta” irteten da handik. “Inor gutxik dakielako Arrate eta Akondia inguruetan horrelako borrokaldirik izan zenik eta horrenbeste lagun hil zirenik”.
Arrateko aterpetxearen sarreran dago museoa, gela txiki batean. Gonzalezen hitzetan, merezi du erakusketa ikustea. “Ikusgarria da”. Jesus Gutierrez historialariak eta Jose Luis Balentziaga armetan adituak atondu dute, “trintxera bat izango balitz bezala”. Beltz-beltza da, bazter guztietan hondar zakuak daude pilatuta, eta kanoi zuloak daude han eta hemen.
Gelaren erdialdean, maketa bat dago, bi bandoak elkarrengandik zeinen hurbil kokatu ziren erakusteko. Hiru maniki ere badaude, garai hartako jantziekin eta armekin. Horrez gainera, hainbat bitrinatan ikusgai jarrita daude gerran erabili zituzten hainbat ibilgailuren maketak, Akondia inguruan jasotako granada zatiak, soldaduen mediku liburuxkak, orduko benetako botika kutxa bateko hainbat elementu, dirua, kartelak eta garaiko beste hainbat objektu. Eibarko eta inguruko mendietan garai hura nola bizi izan zuten ulertzen laguntzeko, lekuko zuzenen testigantzak jasotzen dituen ikus-entzunezko bat ere jartzen diete bisitariei.
Ibilaldi interesgarriak
Baina interpretazio zentroa abiapuntua besterik ez da, leku interesgarrienak kanpoaldean baitaude: Arrate inguruetan, Akondian eta Kalamuan, besteak beste. Bisitariek sei informazio panel topatuko dituzte —lau, Arratera begira, eta, beste biak, Akondiara begira—, leku bakoitzean jazotako gerra pasarteekin. Informazio hori osatze aldera, interpretazio zentroari eta kanpoaldean prestatutako hainbat ibilbideri buruzko informazioa jasotzen duen gida bat kaleratu zuen Eibarko Udalak iragan urtean. App aplikazio bat da gida hori, eta erabitzaileentzat baliagarri izan daitezkeen audio gida bat, bideoak, testuak, argazkiak, mapa eta beste argibide batzuk biltzen ditu. Aplikazioa doan jaits daiteke App Storetik eta Google Playtik. Behin jaitsita, ez du behar Internetera konexiorik.
Zentroaren kanpoaldean, hurbileneko informazio panelera gerturatu, han adierazten den botoia sakatu, eta QR kodea eskaneatuta edo panelaren zenbakia sartuta, gidak azalduko dio erabiltzaileari zehazki non dagoen, zein interes gunetan. Halaber, ibilbidean zehar dauden panel horietako informazioa osatuko dio, han gertatutakoaren berri ematen duten argazki eta audioen bidez.
Leave a Reply