Osasunaren izenean, guraso

Osasunaren izenean, guraso

Unai Zubeldia

Oso hunkigarria izaten da haurrak iristen diren momentu hori”. Arantxa Etxeberria urnietarrak eta Juanjo Olaizola donostiarrak esperientzia pixka bat badaukate udan Txernobyldik iristen diren haurrekin, zortzigarren urtez ireki dietelako etxeko atea Snizhana eta Xemia Vladitxenko Ukrainako anai-arrebei. 13 urte dauzka batak, eta 14 besteak. Txernobyl elkartearen ekimenez, aurten 205 adingabe etorri dira Euskal Herrira, horietatik 101 Gipuzkoara —79 Bizkaira, hamahiru Arabara eta hamabi Nafarroara—.

Boluntario edo harrera familia izateaz gain, Txernobyl elkarteko kide ere badira Etxeberria eta Olaizola, eta, lehenengoak azaldu duenez, 42-43 familia lortu zituzten iaz, baina aurten “nahikoa larri” ibili dira familiak lortzeko. “Ulertzekoa da, hala ere, gastu handia pilatzen delako azkenerako”. Izan ere, familia bakoitzak bere gain hartu behar izaten du haurren bidaia eta bi hilabeteko egonaldia. Joan den astelehenean iritsi ziren haurrak, Ukrainako lau monitorerekin, eta abuztuaren 28an egingo dute etxerako buelta.

6, 7, 8 urtekoak izaten dira lehen aldiz etortzen diren haurrak —26 aurten—. “Bidaia luzea izaten dute guztiek, euren herritik autobusean joaten direlako Kieveraino; hiru orduko bidaia izaten dute askok. Eta, hegazkinean sartuta, leher eginda iristen dira Bilbora”. Haurrak, urduri eta nekatuta; eta harrera egingo dieten familiak ere, tentsioan. “Ezinegon handi samarra egoten da normalean, baina saiatzen gara dena ondo antolatzen”. Hizkuntzarekin ere “nahikoa lan” izaten dute hasieran. “Baina hainbestean moldatzen gara monitoreen laguntzarekin eta keinuekin”.

1986ko apirilaren 26an lehertu zen Txernobylgo zentral nuklearra, eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) laguntza eskatu zion nazioarteari, inguru hartan zeuden neska-mutikoek urtero, gutxienez, pare bat hilabete gune hartatik kanpo igaro zitzaten. “Osasunez ahulduta iristen dira Euskal Herrira, behar handiena daukatenak etortzen direlako, eta etxera indartsuago itzultzea izaten da kontua, urtea hobeto igaro ahal izateko”. Etxeberriak azaldu duenez, alkoholismo arazo handia daukate Ukrainako familia askotan. “Desegituratuta daude familia asko; aitona-amonekin bizi dira haurretako batzuk…”. Hortzetako arazo dezente izaten dute haur gehienek. “Uraren kalitatea ere ez da izaten onena, elikadura ere ez…”.

Etxeberriak eta Olaizolak bertatik bertara ezagutu ahal izan dute Snizhana eta Xemiaren familia. “Iaz joan ginen, Aste Santuan. 300 biztanleko herri txiki batean bizi dira. Etxetxoz beteta dago dena, bakoitzak bere baratzea dauka, kaleak asfaltatu gabe daude… Euskal Herrian duela 70 bat urte bizi ginen moduan bizi dira han”.

Denetariko familiak

Lan jarduna eta haurrei eskaini beharreko denbora uztartzea izaten da lanik zailena. “Baina gainerako familiak bezala moldatzen gara gu: oporrak baliatuta, lanaldia murriztuta, udan izaten diren taldeetan izena emanda, aitona-amonei laguntza eskatuta…”. Etxeberriaren hitzetan, denetariko familiek ematen dute pausoa Txernobylgo haurrei harrera egiteko. “Seme-alabarik ez daukatenek, bizpahiru dauzkatenek, bikotekiderik ez daukatenek, erretiroa hartuta daudenek…”.

Familia bakoitzak bere bidea egiten du udako bi hilabeteotan. “Baina tarteka elkartzen gara hainbat plan egiteko. Esaterako, Irrisarri Landera joateko txangoa prestatu dugu”. Hori bai, eguneroko edozein jardunekin “harrituta” gelditzen dira haurrak. “Ematen diezun gutxi hori asko da eurentzat, edozein parketara jolastera joatea, adibidez”. Txernobyl elkartea 1996an hasi zen Ukrainan behar baino erradiazio handiagoa jasaten duten haurrei laguntzen. “Eta bi besoak zabal-zabalik izango ditugu aurrerantzean ere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.