Eider Goenaga Lizaso
Mineralak eta fosilak biltzen txiki-txikitan hasi zen Javier Vargas (Eibar, 1967), eta, gaur egun, Elgoibarko Fosil eta Mineralen Museoko sortzaile eta zuzendaria da. Museoak 1992an ireki zituen ateak, baina hura sortzeko ideia 1986-1987 inguruan hasi zitzaion buruan bueltaka; fosilak eta mineralak jasotzea, berriz, 7 urte zituela sortutako zaletasunaren ondorio da. “Etxera patrikak harriz beteta iristen den ume horietako bat nintzen ni. Edozein harri etxera eramaten nuen, eta harriz beteak nituen gelako apalak eta armairuak. Nik jaso eta amak bota egiten zituen”, dio Vargasek. Hasierako jakin-mina eta zaletasuna “pasio” bihurtu zela azaldu du, eta pasio hori haziz joan zen neurrian hazi zela bere bilduma.
Hala, bildumaren tamainagatik, eta batez ere bilduak zituen piezak erakusgai jartzeko interesgarriak zirela iritzita, museoaren ideia sortu zitzaion Vargasi. 1992an ireki zuten, eta ordutik bertara joaten diren bisitariak batez ere ikastetxeetako umeak izaten direla azaldu du museoko arduradunak. “Umeei oso interesgarria egiten zaie, eta eskolan landutako gaiekin lotuta lantzen dituzte museoko edukiak. Baina erretiratu taldeak eta bestelako taldeak ere etortzen dira, eta, nola ez, baita gaiarekiko interesa dutenak ere, bai fosilekiko eta baita mineralekiko ere. Bisitariak askotarikoak dira”.
Erakusketak hiru areto hartzen ditu. Batean, ornogabeen fosilak dituzte; bestean, ornodunen fosilak, eta hirugarren aretoan daude mineralak. “Fosilak taldeka eta garaiaren arabera daude antolatuta; ugaztunak, narrastiak, dinosauroak… Flora fosila ere badago, brakiopodoak, artropodoak ere bai… Garrantzitsua da jendeak eta, batez ere, umeek ulertzea fosil bat zer den, eta ulertzea nola fosildu zen, zein garaitakoa den…”. Umeekin egiten duten ariketetako bat da fosila ikusi eta gaur egun bizirik jarraitzen duen ahaideren batekin alderatzea. “Umeei asko gustatzen zaie ariketa hori”.
Museoan dauden fosil guztiak erraz ikusteko modukoak direla azaldu du Vargasek, berehala antzematen dela non dagoen fosilizatutako animalia, hezurra, arrautza edo landarea… “Ez duzu asmatzen ibili behar non dagoen fosila; oso argi ikusten da. Ez bada ikusten edo ez bada antzematen, ez dut erakusketan jartzen. Biltegian baditut horrelako hainbat pieza, baina, garrantzitsuak izan arren, fosila ez da ondo ikusten; beraz, horiek ez daude erakusketan”.
Vargasek berak topatutako fosilak eta mineralak asko dira museoan, baina baita jendeak ekarritakoak, oparitutakoak, erositakoak edota trukean lortutakoak ere. “Jendeari gehien gustatzen zaiona, normalean, fosilen atala izaten da. Eta niretzat ere interesgarriagoak dira. Fosilen sorrera mirari moduko bat iruditzen zait; duela milioika urte bizi izandako animaliek utzitako arrastoak dira; horietako asko jada ez dira existitzen, baina fosilei esker haiei buruzko informazio ugari lortu dugu”. Elikadura ohiturak, ugalketa prozesua, taldean edo bakarka bizi ziren, belarjaleak, ehiztariak edo sarraskijaleak ziren, ibiltzeko modua, abiadura… Informazio hori guztia ematen dute fosilek, eta bisitariei hori azaltzen saiatzen da Vargas.
Euskal Herrian, itsasokoak
Euskal Herriko fosilak ere sailkatuta daude museoan. “Gehienak itsas animalien fosilak dira, lurreko animalien fosilak apenas daudelako hemen; zerbait topatzekotan Araban topa daiteke. Hemengo fosilen artean duela 100 milioi urteko itsas zaldi batena da aipagarrienetako bat”. Vargasentzat, fosil horiek balio berezia dute. “Ekonomikoki edo ikuspegi paleontologiko batetik, agian ez dira balio handikoak izango, baina norberak aurkitutako fosilek balio sentimental handia izaten dute. Bila ibili eta fosil bat aurkitzen duzun unea oso momentu berezia da, eta horrek ez du preziorik”.
Horiez gain, museoko piezen artean dinosauroekin lotutakoak ditu preziatuen. “Dinosauroen fosilak bereziak dira. Batzuk baditut, nahiz eta ez diren tamaina handikoak. Bat aipatzekotan, Txinatik ekarritako iktiosauroaren fosila aipatuko nuke. Bi ale ditut, osorik; bat txikia da, eta bestea, handiagoa. Oso bereziak dira. Iktiosauroa animalia bitxia zen, erdi narrastia erdi arraina, izurdearen antzeko muturra zuen, eta, birikak zituenez, kanpora atera behar zuen arnastera. Fosilak Jurasiko garaikoak dira. Hemen daudenak ez dira handiak, baina iktiosauro bat 30 metro luze izan zitekeen”.
Dinosauroekin lotuta, dinosauro handiagoen hezurrak, haragijale zein belarjaleen arrautzak eta koprolitoak (kaka fosildua) ere badaude ikusgai.
Leave a Reply