Imanol Saiz
Askorentzat, zaila da jaiak erraldoi eta buruhandirik gabe ulertzea; etxeko txikientzat, batez ere. Oso bereziak izaten dira haurrek erraldoi eta buruhandien aurretik egiten dituzten korrika saioak, eta horiek beti eduki behar izaten dute txoko bat jaietan. Txikien kontua dirudien arren, ordea, Errenterian bada adinekoa den zale amorratu bat: Jose Luis Intxausti. Jatorri anitzeko buruhandi eta erraldoiak kaleetatik atera, miniaturetan bildu, eta erakusketa batean elkartu ditu errenteriarrak.
Errenteriako Kapitain Etxean prestatu dute Txikitasunean handi erakusketa. Ez da errenteriarrak prestatu duen lehen erakusketa, 2014an ere buruhandiak eta erraldoiak oinarri hartuta eskaini zuelako erakusketa herrian bertan. Joan den larunbatean zabaldu zuten bere bigarren eskaintza, eta udara osoan hamarnaka miniatura ikusi eta euren historia ezagutzeko aukera izango dute Errenteriara agertzen diren guztiek.
Buruhandi eta erraldoiena “pasiozko zaletasuna” izan da Intxaustirentzat txiki-txikitatik, eta azken 30 urteetan “txoko garrantzitsua” izan dute errenteriarraren egunerokoan. “Horixe da nire pasio nagusia”, aitortu du. Hizketan hasitakoan ere nabaritzen zaio hori.
Gaztetan, herriko eskola publikora joaten zen Errenteriako buruhandi eta erraldoiak bertatik bertara ikustera —bertan gordetzen zituzten—. “Familiako lagun baten bitartez” zabaltzen zioten atea. Hantxe hasi zen guztia, eta, urteak igaro arren, gaur egun ere bere horretan jarraitzen du gaztetako pasio hark. Erraldoiak, garai batean, “bereziki gaupaseroentzat” egindakoak zirela adierazi du Intxaustik. 08:00etan irten ohi ziren kalera Errenteriako festetan, txikientzako ordutegi zailean. Hala ere, ordutegi aldaketak direla eta, konpartsen protagonista izaten hasi ziren haurrak, eta hala iritsi dira gaur egunera arte.
Zaletasunetik ikerketara
Zaletasun horretatik ikerketa sakonera egin zuen jauzi errenteriarrak, eta etengabeko ikerketa-lanean aritu da ordutik. “Buruhandi eta erraldoien mundu sakona herritarrengana gerturatu nahian”. 1990ean ekin zion lan horri. Nafarroan lehenik, eta Katalunian geroago. Artistarentzat “buruhandi eta erraldoien nazioarteko lurraldea” da Katalunia. “Kataluniako berezko kulturatik ateratzen dituzte hango pertsonaiak”. 1990ean hasita, Gipuzkoa, Nafarroa, Katalunia eta beste hainbat herrialdetako buruhandien ohiturak aztertzen jardun zuen bildumagileak.
Egungo miniaturen bildumari heldu aurretik, Intxaustik idazle gisa islatu zituen bere lehen ikerketa lanak. Hiru liburu kaleratu zituen orotara. Ziur dago liburuek “herritarren oniritzia” jaso dutela, eta, bide horretatik, Errenteriako gazte zein helduek pertsonaia horien historia ezagutu ahal izan dutela. Ikerketa lanean etenik egin gabe, bildumagilea laugarren liburua osatzeko lanean ari da egun.
Intxaurragaren hitzetan, 1990 inguruan Donostian soilik egiten ziren buruhandi eta erraldoien elkarretaratzeak Gipuzkoan. “Eta batzuetan bakarrik”. 1998ko Errenteriako Madalen jaietan bururatu zitzaion estreinakoz herrian bertan tankera horretako elkarretaratzea egitea. Harrez geroztik, beste hainbat herri eta herrialdetako pertsonaia ezagunenak jaso izan ditu Errenteriako bilgune horretan.
Hurrengo hilabeteetan, buruhandi eta erraldoien 168 miniatura egongo dira erakusgai Kapitain Etxeko erakusketan. Gertuko figura ezagunenez gain, Espainiako estatuko hainbat miniatura ikusteko aukera egongo da erakusketan. Harri-kartoizko, gomazko eta marmolezko piezak dira figurak. Hain maiteak dituen buruhandi eta erraldoien historia ezagutarazteko hasi zen Intxausti erakusketa antolatzen, eta urte luzeetako lan neketsuaren ondorio da egun bere etxean duen bilduma.
Hasi zuen ikerketa lanaren harira, hainbat bidaia ere egin zituen errenteriarrak, eta bidai horietako batean topo egin zuen buruhandien miniaturekin; bertan ikusi zuen miniaturak ere bazeudela. Txundituta geratu zen parean ikusi zuenarekin, eta hortik sortu zitzaion herritarrei miniaturak erakusteko grina. Ordutik buru-belarri aritu da mundu osoko miniaturen bilaketan eta bilketan.
Kapitain Etxeko 168 figurak baino gehiago dauzka Intxaustik bere bilduman. Azken 27 urteotan 340 piezako bilduma edukitzera iritsi da errenteriarra. Euskal Herria, Gaztela eta Leon, Galizia, Katalunia nahiz Frantziako erraldoi eta buruhandi ezagunenen itxura duten ehunka irudi txiki elkartu ditu bilduma horretan.
Larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da erakusketa, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara. Errenteriako jaietan, Madalenetan, egunero egongo da zabalik, uztailaren 21etik 25era.
Leave a Reply