Unai Zubeldia
Produzitzen dugunaren %90 baino gehiago esportatzen dugu. Oso barneratuta daukagu nazioartekotasun hori; atzerrian dago gure egunerokoa”. Xabier Alzaga Danobat Elgoibarko enpresako zuzendari kudeatzailea (Eibar, 1976) gustura dago azken urteotan nazioartean lortzen ari diren lekuarekin. “Beti pauso bat aurretik ibiltzea da gure erronka; bai makinen teknologian, bai zerbitzuetan… Horretan ari gara, eta horrela jarraitzea da merkatuan hazten segitzeko biderik egokiena”.
Bide zuzen horri segika, Elgoibartik Australiako basamorturaino iritsi da Danobat enpresa, BHP Billiton multinazionalarekin lortutako 100 milioi euro inguruko akordioari esker —meatzaritza alorrean munduan dagoen multinazionalik garrantzitsuenetakoa da BHP Billiton—. Meatzeetatik portuetara minerala garraiatzen duten trenak konpontzeko “munduko tailer automatizatu aurreratuena” eraiki du euskal enpresak Australian. “28 minututik behin merkantzia bagoi oso bat konpon dezakeen soluzio digital bat diseinatu dugu”.
Alzagaren hitzetan, “tamaina handiko erronka” jarri zien parez pare Australia eta Erresuma Batuko multinazionalak. “Baina baita 4.0 alorrean jauzia egiteko oso aukera ona ere”. Alemaniako enpresa batekin lehian ibili da Elgoibarko enpresa. “Eta kooperatiba izateak lagundu digula uste dut”. Mondragon Taldearen makina- erremintako adarra da Danobat. “Segurtasun eta konfiantza handia eman diegu arduradunei, bezeroarengandik gertu egoten garela ikusi dutelako”. BHP Billitonekin 2013an sinatu zuten lehen kontratu handia. “Funtsean, tailer guztiaren kudeaketa geure gain hartzea adostu genuen, eta proiektua osatuz eta handituz joan da ordutik”. Errodamenduen tailerra eraikitzea, gune batean produkzioa heren bat haztea… “Pausoak emanda, produzitzen ari gara dagoeneko”.
Oso gune berezian dago tailerra. Urteko egun askotan 45 gradutik gorako tenperatura izaten dute Pilbara eskualdeko basamortuan. “Dena gorri-gorria da, eta beste planeta bat dela ematen du”. Adibide gisa, 1.700 kilometrora dago gertueneko hiria. “Oso muturrekoak dira baldintzak”. Alzagak azaldu du langileek, orain arte, Perth hiritik hartzen zutela hegazkina iparraldera —Australia mendebaldean dago Perth, eta biztanle gehien duen laugarren hiria da—. “Eta meategira joateko arropa jantzita sartzen ziren gehienak hegazkinean”. Egitura horrekin, enpresarentzat “oso altua” zen kostua. “Eta, segurtasuna oinarri hartuta, ahalik eta jende kopuru txikienarekin tailer bat egiteko erronka jarri ziguten”. Sistema automatizatuari esker eskaini du irtenbidea Danobatek.
Robotak gizakien ordez?
Robotak eta gizakia. Bi mutur horiek parez pare ditu lan munduak. “Baina, kasu honetan, basamortuko baldintza gogorrak kontuan hartuta, ulergarria da tailerra digitalizatzea; arriskua dago batetik, eta gune horretara joateko prest zegoen jendea aurkitzeko zailtasuna bestetik”. Hori bai, tailerraren mantentze eta zaintza lanak gizakiaren esku jarraitzen du oraindik. “Zaintza lana kontrol gunetik egiten dugu, Perthetik eta Euskal Herritik”. Gaur-gaurkoz, Danobat enpresako “zortzi-hamar” langile daude Australian. “Produkzio laguntzaile lanetan ari dira han”. Eta beste horrenbeste ari dira lanean Euskal Herrian. “Bai mantentze lanak egiten, eta bai kudeaketa lanean. Australia eta Euskal Herria artean, horrela ibili gara proiektu guztian”.
Alzagak aitortu du digitalizazioaren bidetik “lehen baino langile gutxiago” behar dituztela tailer horretan. “Baina gaitasun jakin batzuk behar izaten dituzte horiek. Orain, jada, tailerra ez dute betetzen piezak leku batetik bestera mugitzen dituzten langileekin, softwarearekin lanean ari direnekin eta mantentze lanetan ari direnekin baizik”.
Tailerrari hitzezko argazkia atera dio zuzendari kudeatzaileak. “Trena errailen bidez sartzen da tailerrean, eta bagoiak desmuntatu eta muntatu egiten ditugu bertan”. Hiru tailer nagusi dauzka guneak: “Egiturena, minerala etortzen den tanke hori konpontzen duena; bogien azterketa eta konponketa tailerra; eta ardatzak, gurpilak eta errodamenduak desmuntatu, konpondu, aztertu, berritu eta ordezkatzen dituena”. Software kontrol bat txertatuta daukate. “Eta, baldintzen arabera, ordenagailuak berak erabakitzen du zer konpondu behar den eta zer ez”.
1954an sortu zen Danobat enpresa, eta 1980an DanobatGroup. 1992an, MCCren barruan sartu zen enpresa, eta hurrengo bost urteetan hainbat bulego komertzial eta zerbitzukoak inauguratu zituen Txinan, Alemanian, Frantzian, Japonian, Italian, AEBetan eta Brasilen —2008an Indiara eta AEBetako beste hainbat gunetara eman zuen pausoa, eta 2011n Errusia eta Errumaniara—. 2005ean, trenen mantentze lanetarako ekipamenduen hornikuntzan lanean hasi zen Danobat.
Pausoz pauso, 4.0 industriara bidea egin du Elgoibarko kooperatibak. “Alemanian ekin zioten jarduera horri, eta 2011rako eskaintzak jasotzen hasita geunden gu ere”. Industria jarduna “eguneroko bizitzaren ispilu” dela azaldu du Alzagak. “Segurtasun kamera, esaterako, sakelakotik kontrolatzeko aukera daukagu jada, eta pauso horiek berresten ari da enpresa mundua ere. Bide horrek ez dauka atzera bueltarik”.
Leave a Reply