Olatz Mitxelena
Ez da ohikoa, eta horregatik badu zerbait berezitik. Pasaiak lau herri txiki biltzen ditu udalerri bakarrean: Donibane, San Pedro, Trintxerpe eta Antxo. Herri bat badiaren bueltan sortua, eta portua erdian, bildu eta bereizi, biak bat egiten dituena. Gaur egun Pasaia ezagutzen ez duen norbaiti hari buruzko galdera eginez gero, arraunarekin lotuko du ziurrenik; eta herritar helduagoek, akaso, garai bateko ontziolarekin eta arrantza portuarekin. Eta ez da harritzekoa.
Itsasoari estu-estu lotuta dago Pasaiaren historia. Badiaren sarrerako bokale ikusgarria izan da, betidanik, munduari begirako leihoa, eta horrek bihurtu du berezi, mendez mende ate natural horri lotuta eraiki duelako bere nortasuna.
Donibane da Pasaiako lau barrutietan zaharrena. Badiaren ekialdean kokatuta dago, eta, Jaizkibel mendiari esker, lur azalera handiena duen barrutia ere bada. Kontrara, hura da urbanizatutako lurzoru eta biztanle gutxien duena ere. Donibanek ikusgarria du Parte Zaharra, eta huraxe da barruti turistikoena eta Pasaiaren postalik ezagunena. Gero eta bisitari gehiago hartzen ari da Donibane; erromesak horietako asko, Donejakueren kostaldeko bideak erakarrita.
Jakina da Donibanek Victor Hugo liluratu zuela. Bertan bizi izan zen idazle frantziarra, eta gaur egun museoa eta turismo bulegoa daude haren etxea izandakoan. Aurrez aipatutakoez gain, Donibanen ezinbestean bisitatu beharrekoen artean dira Santa Ana ermita, Puntetako pasealekua, Bonantza eta Santa Isabel gaztelua.
San Pedro eta arrantza
Donibaneren parean dago San Pedro, badiaren mendebaldean. Uliaren babespean eta garai bateko Torrearen inguruan, Parte Zahar ederra du San Pedrok ere; horixe da herria garai batean izan zenaren azken aztarna. Bertan dira herriko beste bi museoak: Mater Itsasontzi Museoa, Donibane eta San Pedro arteko txalupa hartzen den gunearen ondoan; eta Albaola Itsas Kultur Faktoria, Ondartxon, garai bateko ontziolan, Puntetarako bidean.
Gaur egun Gipuzkoan bisita gehien jasotzen duen hirugarren museoa da Albaolarena. XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika eraikitzen ari dira bertan, antzinako eran, eta lanak bertatik bertara ikusteko aukera daukate museora joatea erabakitzen duten guztiek. Baina San Pedro ez da bizi turismotik soilik. San Pedron dago arrantza kaia, eta, nahiz eta gaur egun gain behera doan bertako jarduera, arrantzak erabat baldintzatu du barrutiaren historia. Asko hazi zen urte gutxiren buruan, bertara lanera joan ziren arrantzaleen eraginez —arrantzaleen auzoa ere badu—; horrela sortu zen Trintxerpe.
Hastapenetan, San Pedroren auzoa izan zen Trintxerpe, baina auzoa zena nabarmen hazi zen arrantza industria garatu zen urteetan, eta lau barrutietatik jendetsuena eta aberatsena izatera ere heldu zen. Garai oparoenetan Dolarraren Hiria izenez zen ezaguna. 1970 eta 1980ko urteetako arrantza krisiarekin bukatu zen, ordea, hazkunde hura, eta, gaur egun, erakundeek hainbestetan agindu duten biziberritzearen zain dago Trintxerpe. Bertako biztanleek herriarentzat nahi dituzte portuak libre utzitako lurrak, baina bide horretan hamaika dira oraindik askatu gabeko korapiloak.
Trintxerpen bisitatu beharreko lekuen artean dira, besteak beste, Itsas Eskola —Trintxerpe eta San Pedro arteko mugan dago— eta industria ondareari lotutako beste hainbat eraikin, Ziriza etxea kasurako. Gaur egun, hainbat kultur ekitaldirentzat aterpe bilakatu da Bakailao fabrika izandakoa. Paco Rabanne jostunari buruzko erakusketa ikus daiteke egunotan bertan.
Udalerriaren hegoaldean dago Pasai Antxo. XIX. mendearekin batera sortu zen barruti hori, bertan hainbat azpiegitura eraiki zituztenean, hala nola trenbide sare nagusia, Madril eta Paris lotuko zituen errepidea, topoa nahiz merkataritza kaia. Ekialdetik, Errenteriarekin egiten du muga Pasai Antxok, eta, mendebaldetik, Donostiarekin.
1890eko ekainaren 21ean sortu zen Pasai Antxo, eta, ondorioz, 127 urteko historia laburra du oraindik. Antxio baserriak eman zion gaur egungo izena. Lehortutako padura baten gainean eraiki zuten Antxo, eta erabat industriari lotuta egon zen garai batean. Jende askok lan egin zuen Luzuriaga enpresan. Gaur egun, ordea, iragan haren arrasto gutxi dago.
Leave a Reply