Eider Goenaga Lizaso
Pagoetako natur parkeak eguna pasatzeko aukera paregabea eskaintzen dio hara biltzen denari. Gipuzkoako Parketxe Sarea osatzen duten natur parkeetako bat da, eta bisitariari Iturrarango interpretazio zentroan egiten zaio harrera. “Interpretazio zentroa baserri batean dago. XV. mendekoak dira baserriaren lehen datuak, baina 1711n erre egin zen, eta baserria berreraiki egin zuten. Baserriak jatorrizko egitura du, egurrezkoa, eta eraikina bera jada interesgarria da bisitatzeko”, azaldu du Amaia Agote Iturraran Parketxeko ingurumen hezitzaileak (Aia, 1976).
Interpretazio zentroan, Pagoetako natur parkean egin daitezkeen ibilbide, txango, jarduera eta abarren informazio osatua ematen diote hara iristen den edonori. “Eta, horrekin, bisitariak erabakitzen du zer egin nahi duen, zer duen gustuko eta zer bisitatu nahi duen”.
Aukeren artean lehena interpretazio zentrotik atera gabe egin daiteke. “Eraikinaren gune batean erakusketa etnografikoa dago. Garai batean baserrietan erabiltzen ziren tresnak ditugu ikusgai, eta inguruko paisaia kulturalaren bilakaera ere aztertzen da. Mahai luze bat dago, eta, hor, historiaurretik hasi eta gaur egun arteko istorio moduko bat kontatzen da, non azaltzen den gizakiaren eraginez nola joan den aldatzen tokiko paisaia; ikus daiteke nola aldatu den, eta, aldi berean, azaltzen saiatzen gara nolakoa izango litzatekeen paisaia hau gizakiaren esku hartzerik gabe”.
Erakusketa bi gune interaktibok osatzen dute. “Batean, modu birtualean eta marrazki bizidunen bitartez, bisitariari azaltzen zaio baserriak zergatik eraikitzen ziren, nola eraikitzen ziren, zenbat kostatzen zen, baserriko bizimodua nolakoa zen… Bestean, garai bateko lanbideak azaltzen dira. Hemen inguruan garrantzia izan duten lanbideei egin nahi genien lekua, eta bi lanbide agertzen dira: ikazkinarena eta olagizonarena”. Baserritarraren, olagizonaren eta ikazkinaren ahotik entzuten dira azalpenak. Agoteren arabera, interpretazio zentroko eduki guztiak modu didaktikoan ematen ahalegindu dira, eta horregatik hautatu zuten formatu hori.
Kanpoan altxorra
Pagoetako altxor handiena, halere, kanpoan dagoela nabarmendu du Agotek, natur parkeak 2.800 hektarea inguru dituela, eta bisitariak inguruan galtzeko hamaika arrazoi aurki ditzakeela. Horietako bat da lorategi botanikoa. Lorategiak 25 hektarea ditu; horietako hamabost mundu osoko landareekin daude osatuta, eta beste hamar tokiko landareekin. 6.000 landare mota daude. “Hemengo mikroklimak munduko landare ezberdinak hazteko aukera paregabea ematen du; eta natur parkean ibilbide zailago bat egin ezin duenak, mendi bideetan sartu nahi ez duenak, umearen orgarekin datorrenak edo adineko jendeak aukera du lorategian oinezko ibilbide lasaia egiteko”.
Agorregiko burdinola eta errotak bisitatzea da beste aukera bat. “Gipuzkoan eta Bizkaian 300 burdinola baino gehiago zeuden, baina Agorregikoa da bi urtegi zituen bakarra, sistema hidrauliko bikoitza zuen bakarra. Teknologia aldetik oso interesgarria da”. Burdinola eta errotak larunbat, igande eta jaiegunetan jartzen dituzte martxan, eta bisitariak aurrez izenik eman gabe du aukera horiek ikusteko.
Burdinolaren ostean, erlategia bisitatzea gomendatzen du Agotek. “Erlearen garrantziaz ohartaraztea da helburua, erlea ezagutzea. Izan ere, gordina da horrela esatea, baina erlea desager tuko balitz, gizakiak bost urteko iraupena baino ez luke izango”. Egurrezko etxola batean sartzen da bisitaria, eta sare batetik ikusten du erlauntzak nola irekitzen dituzten, erleek nola lan egiten duten, nola bizi diren… “Ikusi, entzun eta usaindu egiten da, eta zentzumenak lantzeko gune oso egokia da”, azaldu du Agotek.
Bisita amaitzeko, natur parkean bertan ibilaldi bat egin, gune atonduetan hamaiketakoa edo bazkaria egin, eta, txikienekin, Sarrolako betizu, pottoka eta oreinak ikustera joan daiteke. “Egun oso bat igarotzeko arazorik ez dago, eta horrela ere zaila da hemen dagoen guztia ikustea. Hamaika bisita egiteko aukera eskaintzen du Pagoetak”.
Leave a Reply