“Zinemagileek eta idazleek behar duten guztia dauka Pasaiak”

O. Mitxelena

Lanbidez kazetaria da Luisma Laboa (Pasai Donibane, 1970), eta herriko bake epailea ere bada. Ezkontza asko egindakoa, oso ezaguna da Pasaian.

Nola definituko zenuke Pasaia?

Lau barruti izanik, bere bizimodua du bakoitzak. Horixe nabarmenduko nuke, bakoitzak berezko testuingurua eta bizimodua duela.

Herriko txoko bat aukeratu beharko bazenu?

Donibaneko Puntak, niretzat horixe da txokorik kutunena, itsasargiaren ondoko punta hori, itsaso magalean. Gazteagoa nintzenean askotan joaten nintzen hara hausnartzera eta itsasora begira egotera. Gustuko txokoen artea bigarrena, berriz, Donibaneko Iturri Zaharra da.

Zein bide egingo zenuke Pasaiako gida turistiko lanak egin beharko bazenitu?

Pasai Antxotik abiatuko nintzateke, eta San Fermin parrokia, azoka eta Luzuriaga ingurua erakutsiko nituzke han, iraganeko industria giroa gogora ekartzeko. Trintxerpera joango nintzateke handik, eta Ziriza Etxea bisitatuko genuke bertan. Trintxerpe eta San Pedro lotzen dituen portuko gune hori zeharkatuko genuke ondoren, eta, San Pedrora iritsita, Parte Zaharra, merkatua eta Albaola aukeratuko nituzke. Txalupaz igaroko ginateke Donibanera, eta Santa Ana baselizara igoko ginateke, handik dena ikusten delako. Parte Zaharretik barrena, Puntetaraino joango ginateke azkenik.

Esatari lanetan aritzen zara herriko ekitaldi askotan.

Bai; ekitaldi asko izaten dut urtean zehar. Jarduera mordoa antolatzen dute Pasaiako kultur eta kirol taldeek. Oso herri bizia da Pasaia.

Bake epailea ere bazara. Epaiketa asko izaten al dituzu?

Ezkontzak izaten ditut gehiago. Dezente edukitzen ditut, bai astean zehar eta baita asteburuetan ere. Pasaitarrak ezkontzen dira Pasaian, baina baita pasaitarrak ez direnak ere. Bizilagunen arteko liskarrak ere izaten dira, noski, baina bi aldeen arteko adostasuna lortzen dugu gehienetan.

Film eta eleberri askoren agertoki ere bada Pasaia. Harritzen al zaitu horrek?

Ez. Herriak badauka gaitasun hori. Kaleak, itsasoa, mendia… Zinemagileek eta idazleek behar duten guztia dauka Pasaiak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.