Miren Osa Galdona
Lurralde arteko mugak fisikoak nahiz administratiboak izan daitezke. Norberak bere autonomiaren baitan jardun dezake, alboan dagoenari muzin eginez. Halaber, komeni da bizilagunarekin harreman ona izatea, inoiz ez baita jakiten noiz izango duzun haren premia. Larrialdiak izan daitezke horren adibide. Hori dela eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek hitzarmen bat sinatu dute mugakide diren eremuetan suhiltzaileak mobilizatzeko. Prebentzioa eta sute itzaltze nahiz salbamendu zerbitzuen mobilizazioan esku hartzea koordinatzea izango da helburua. Modu horretan, erakundeen arteko lankidetza sustatu nahi da. Arkaitz Orbegozo Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzuburuak (Donostia, 1978) esan duenez, hitzarmenak “izaera ofiziala” ematen dio lehen ere egiten zenari, mugetatik harago egiten diren esku hartzeei. Mugakideak diren eremuetako segurtasuna babesteko, hiru egoera azpimarratzen dira itunean: salbamendua, bai trafiko istripuetan eta baita bizia arriskuan duten pertsonen erreskatean ere; materia arriskutsuen garraioa —ihesak, isurketak edo presio nahiz tenperatura arazoak—; eta suteak. “Demagun Mutrikun larrialdi bat gertatu dela. Gipuzkoatik Zarauzko suhiltzaileak edo Azpeitikoak hurbilduko lirateke. Baina bada Bizkaian Mutrikutik gertuago dagoen parke bat: Markina-Xemeingoa. Hitzarmenari esker, gertuen dagoen suhiltzaile taldea joango da gertakariaren lekura. Suhiltzaileen arteko koordinazioa zehaztu da”, argitu du Orbegozok.
Larrialdiek ez dute muga administratiboez ulertzen, eta, ezbeharraren aurrean, erantzunak azkarra izan behar du. Imanol Lasa Gipuzkoako Gobernantza eta Komunikazio diputatuak (Zarautz, 1971) nabarmendu du lehen ere ohikoa zela probintzia arteko elkarlana, baina egungo errealitatera egokitu gabe zegoela:”Elkarlana ohikoa izan arren, orain arte Bizkaiarekin bakarrik genuen hitzarmena. Hitzarmena berritu dugu orain, eta, bide batez, hiru lurraldeen arteko lotura finkatu ere bai”.
Suhiltzaile talde bakoitzak zer pauso eman behar dituen zehazten du itunak. Funtzionamendua “argia” dela dio Lasak. Mugakide diren udalerrietan ezbeharren bat gertatzen denean, larrialdiak koordinatzen dituen SOS Deiak zentroak hiru lurraldeetako zerbitzuei jakinaraziko die lehenengo irteera berehala egin behar dutela. Dei hori suhiltzaile etxeetan hartuko dute. Bakoitzari ez dagokion lurraldean egiten den esku hartzea laguntzazkoa izango da; eta istripua gertatu den lurraldeko suhiltzaileak bertaratzen direnean, haiek hartuko dute operatiboaren agintea eta ardura. Adibidez, Mutrikun gertatutako sute batera Markina-Xemeingo suhiltzaileak iristen badira lehenik, Gipuzkoakoak iristen direnean haiek hartuko dute operatiboaren gidaritza.
Gainera, segimendu batzorde bat ere eratuko da. Lasak adierazi duenez, suhiltzaileek erantzun eraginkorra ematen duten ziurtatzea da batzordearen egitekoa. “Hitzarmenean jasotzen den guztia betetzen dela bermatzeko sortu da, zerbitzua nola hobetu dezakegun jakiteko”, gaineratu du. Aldundi bakoitzeko bi kidek osatuko dute batzordea: “Politikariak nahiz teknikariak egongo dira, lurralde bakoitzak duen egituraren arabera”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak suhiltzaileen zerbitzua eraberritu eta egonkortzeko abian duen prozesuaren barruan sartu du Lasak hitzarmena: “Plan estrategiko berriak finkatu behar ditugu zerbitzua hobetzeko”.
Muga guztiak jomugan
Gipuzkoaren kokaleku geografikoa kontuan izanda, larrialdien beharrak Bizkaiatik eta Arabatik harago doaz. Lapurdi eta Nafarroa ere alboan ditu, eta, muga administratiboak izan arren, suhiltzaileen arteko harremana “oso ona” dela berretsi dute bai Orbegozok eta baita Lasak ere. Ildo horretan, larrialdien koordinaziorako Alert proiektua gauzatzeko ituna sinatu berri dute Gipuzkoako Aldundiak, Nafarroa eta Aragoiko gobernuek eta Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak. Europako Batasuneko Poctefa programaren adar bat da Alert proiektua, eta, lankidetzaren bidez, mugaz gaindiko eremuen integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da horren xede nagusia.
Alert ituna garatzeko 3,4 milioi euro jarriko dituzte lau erakundeen artean —Gipuzkoak 454.000 euro ipiniko ditu—. Irungo eta Hendaiako parkeetan izango du eraginik handiena akordioak. Bi parkeen arteko esku hartzeak hobetzen lagunduko du, eta jarraitu beharreko protokolo eta prozedurak zehaztuko dituzte. Esaterako, Jaizkibelen gertatzen diren ezbeharrak modu eraginkorragoan kudeatzea ahalbidetuko duela dio aldundiak. “Kasu horretan, telefono zerbitzuak koordinatu, eta kartografia eta segurtasun plan komunak osatuko dira, hizkuntza ezberdinak kontuan hartuz”.
Mugen arteko administrazioen artean bi maila bereizi behar direla esan du, hala ere, Lasak. Izan ere, Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzua aldundiaren esku dago, baina Hendaiako suhiltzaileen eskumena Frantziako Gobernuarena da. Edozein kudeaketa txiki, hodi malgu batzuk uztea, esaterako, “trabaz beteta” dagoela jakinarazi du Lasak: “Parisek eta Madrilek sinatu beharko lukete hitzarmen formal bat, eta zaila da hori gertatzea”.
Hala ere, bai larrialdietan eta baita maila teknikoan ere bi parkeen artean elkarlana badagoela esan du Orbegozok. “Lehen, bizkarra ematen genion elkarri. Ondoren ohartu ginen ezinezkoa zela elkarri ez laguntzea. Gehienbat, gertutasunagatik”. Nafarroaren kasuan, harremana oso ona dela azpimarratu du Orbegozok. Lasa ere bat dator bi administrazioen arteko “sintonia onarekin”. Halaber, “zaharkituta dauden nondik norakoak berritzearen garrantzia” azpimarratu du.
1980ko hamarkadan diseinatutakoa da egungo egituraketa, eta hura ere behar berrietara moldatzea ezinbestekotzat jotzen du aldundiak. Bederatzi parke daude Gipuzkoa osoan. Horietatik zortzi Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen ditu; Donostiako parkea, berriz, Donostiako Udalak. Guztira, 137 suhiltzaile aritzen dira, txandaka, 24 orduz guardian. Parkeko, lau suhiltzaile aritzen dira lanean. Irungo parkea da salbuespena —sei suhiltzaile aritzen dira han—, eta bertan izan da Hitza. “Ingurune berezia da hemengoa. Biztanleria dentsitate handia dago, eta natur ingurune zabala hartzen du”, azaldu du Orbegozok. Orotara, 240 profesionalek osatzen dute Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzua: besteak beste, 156 suhiltzaile, 48 kabo, hamasei sarjentu, hiru ofizialorde eta zerbitzuburu bat aritzen dira. Gaur egun, suhiltzaile direnetatik, hiru baino ez dira emakumezkoak. Orbegozoren esanetan, horietatik bi ordezkapenak egiten ari dira, eta hirugarrena behin-behineko egoeran dago; hiruretako inork ez du bere lanpostua ziurtatua.
25 postu, 1.021 hautagai
Ildo horretan, zerbitzua hobetzeko prozesuarekin lantaldearen profesionaltasunean ere jarri nahi du indarra aldundiak. Hala, enplegu publikorako eskaintza berria zabaldu zuten joan den urtarrilean. 25 postu eskaini dituzte, eta 1.021 hautagaik eman dute izena; horietatik 33 emakumezkoak dira. Maiatzean eginiko azterketan, lehen aldiz baremoa ezarri zaie probei, emakumezko eta gizonezkoen arabera. Emakume eta gizonen arteko desberdintasun fisikoak jarri ditu erdigunean Orbegozok hartutako neurria azaltzeko orduan: “Ez dituzte proba desberdinak egin behar; soilik bakoitzaren ezaugarrietara moldatu ditugu”. Lasak gaineratu du “emakumeek aukera berberak izan ditzaten” jarri dituztela baremoak. Lau proba gainditu behar dituzte hautagaiek suhiltzaile izateko: korrika eta igeriketa saioak, trebetasun proba eta soka igotzea. Azken proba hartu du adibide gisa Orbegozok: “Soka igo behar duten proban, emakumeek metro bat gutxiago igo beharko dute”. Lasak, berdintasun politiken esparruan, “eskutan zituzten neurri guztiak” hartu dituztela gaineratu du, eta emakumeak animatu ditu suhiltzaile izatera.
Sua itzaltzeaz harago
Larrialdi esanguratsurik gabe, jendearentzat ezezaguna da suhiltzaileen egunerokotasuna. Irungo parkeko suhiltzaileek azaldu dutenez, baina, ez dute izaten “aspertzeko denborarik”, eta beti izaten da “zereginen bat”.
Bai Esan koordinazio zentroari lanpostura iritsi direla jakinaraztea da lehen egitekoa. 24 orduko txandak egiten dituzte. Ibilgailu guztiak gainbegiratzen dituzte, material guztia prest dagoela ziurtatzeko. Egunerokoak izaten dira istripuen simulazio probak ere, eta baita ariketa fisikoak ere. Txirrinak jotzean, ahalik eta denbora laburrenean erantzutea da haien erronka. Berdin dio larrialdia Gipuzkoan den edo ez.
Leave a Reply