Imanol Saiz
Izatez galiziarra da Isaac Xubin (Coruña, 1978), baina dagoeneko gure artekoa ere badela esan daiteke. Filologia galegoa ikasten ari zela egin zuen topo euskararekin. Hizkuntza ikasi bezain laster, euskal poema eta liburu ugari itzuli izan ditu idazleak galegora. 2015ean Etxepare sariarekin bueltatu zen Coruñara. Pasaian da egunotan, Donibanen, azken lana bukatzen.
Zein helbururekin etorri zara Pasaiako Hugoenea etxera?
Nire bigarren liburua idazten ari naiz, eta Pasaia, betidanik, leku aproposa iruditu zait hori egiteko. Bakarrik egon nahi nuen, lasai idazteko. Liburua Pasaian girotuta ez egon arren, pasaitarren arrantza ohiturek, esaterako, ideia asko eman dizkidate. Logikoki, arrantzaleen munduarekin lotu dut liburua, eta Pasaia da lekurik aproposena gai horren inguruko hausnarketak egiteko. Pasaian dagoen Galiziako kultur elkarteak antolatutako hitzaldi bat eman nuen, aurreko astean, Hugoenean. Eta literaturaren eta gastronomiaren arteko harremanaz hitz egin nuen. Idazle askok erabiltzen dute gastronomia pertsonaien inguruko datuak edo pistak emateko. Betidanik interesatu izan zait asko kontu hori.
Galiziar bat, euskaraz. Hori, bere horretan, bitxia da jada; ez da egunero ikusten…
Ez; egia esan, ez da batere ohikoa. Batez ere, Galiziatik datorren galiziar bat euskaraz hizketan ikustea da arraroa. Ni propio etorri nintzen Euskal Herrira euskara ikastera. Kanpotik etorritako galiziar ugari dago Pasaian. Horiek, ohiturak direla-eta, euskaldun izaten bukatu zuten azkenerako.
Nolatan hartu zenuen euskara ikasteko erabakia?
Vigon ikasten ari nintzenean hartu nuen erabakia. Filologia galegoa ikasten ari nintzen garai hartan. Filologo gisa formakuntza hobea izateko gauza bereziren bat egin behar nuela erabaki nuen, ezberdina zen zerbait, eta aukera paregabea iruditu zitzaidan euskara ikastea. Erabat asmatu nuela uste dut, filologia erromanikoaren errealitatetik oso urrun dagoelako euskara. Filologiari ikuspegi berezia ematen dio euskarak. Edozein aspektutan, gai berberaren hainbat ikuspegi izateko aukera ematen du horrek. Normala den bezala, zaila da euskara ikastea. Hala ere, erraza da ikasteko lehen pausoa ematea, AEK bezalako hamaika eragile daudelako. Gero, egia da, hiri batzuetan, Bilbon esaterako, zaila dela euskarazko giroa aurkitzea. Hala ere, uste dut Euskal Herriko edozein hiritarrek nonahi duela euskara ikasteko aukera; benetako aukera dago. Gizartearen zati handi bat dago euskararen erabileraren alde: akademiak daude; administrazio publikoak bekak eta diru laguntzak ematen ditu; literatura asko dago; telebista saioak euskaraz egiten dituzte… Niretzat, ez da zaila izan hizkuntza ikastea. Egia da oso gogotsu ekin niola, nire esku zegoen guztia jarri nuela. Zerbait ulertzen hasi bezain laster, hitz gutxi batzuk esateko aukera ematen du euskarak, eta oso pozgarria da hori. Keinu txiki horiek baloratzen ditu jendeak. Hizkuntza bat ikasteak beti ematen ditu tankera horretako sariak.
Pasaia Galiziarekin lotzen dute askok. Zure ustez, zergatik gertatzen da hori?
Pasaiak izandako immigrazioaren ondorioa dela uste dut. Beste lurraldeekin alderatuta, hasieratik integratzen saiatu izan dira galiziarrak, eta lortu dutela uste dut. Adibidez, egun, euskaldunak dira galiziar asko. 1936ko altxamendu faxistan, esaterako, Trintxerpe eta oro har Pasaia defendatu zuten galiziarrek, euskaldunekin eskuz esku. Horrelako egoerekin ondoriozta daiteke galiziarrak zer-nola egokitu ziren Euskal Herrira.
Gastronomiazalea zarela ikusita, zein duzu gustukoago, euskalduna ala galiziarra?
[Barrez] Zaila da aukeratzea. Kantauri itsasoaren ertzean dauden herrietako gastronomiak ezaugarri komun ugari dituzte. Ez hainbeste plateretan edo errezetetan, pertsonen ohituretan baizik. Ezingo nuke aukeratu bietatik bakar bat. Galizian, adibidez, garrantzi handia dauka gastronomiak. Egun, gure kulturaren ondare garrantzitsuena da gastronomia; hizkuntza baino are garrantzitsuagoa.
Nolakoak dira Joseba Sarrionandiaren poemak galizieraz?
Primeran irakurri eta entzuten dira. Betidanik gustatu izan zaizkit Sarrionandiaren poemak, beste askoren artean. Jendeak ikaragarrizko harrera egin die galegora itzulitako poemei. Euskaraz entzutera edo irakurtzera ohituta egon arren, hitz edo kontzeptu bat ulertu bezain laster, poema horiek Sarrionandiarenak direla ohartzen da jendea. Hori oso polita da niretzat. Jende asko gerturatu izan zait zoriontzera eta eskerrak ematera. Sarrionandiaz gain, niretzat Fermin Muguruza izan da euskara ikasteko eta euskal kulturan murgiltzeko arrazoi nagusietako bat. Kortatu izan zen nire nerabezaroko soinu banda. Eta Bernardo Atxagaren gisako idazleek ere handitu egin dute hizkuntzarekiko nire miresmena. Azken urteotan, harreman bikaina izan dut Harkaitz Canorekin ere; lagun handiak gara.
Leave a Reply