Aitor Biain
Euskal Herriko beste herri askori gertatzen zaien bezala, orografia malkartsu batean dago Soraluze ere; zulo moduko batean. Deba ibaiaren bailara estu batean dago herria, Bergara eta Elgoibar artean. “Sarri esaten digute hor behean, zuloan gelditzen den herria dela Soraluze. Guretzat, gure zulo maitea da, baina”, aitortu du Iker Aldazabal alkateak (Soraluze, 1977). Ia lau mila biztanle ditu, eta, Debabarrena eskualdean izanagatik ere, oso gertu du Debagoiena; batzuentzat, eztabaida iturri ere badena. “Askok esaten digute Debagoienan egon beharko genukeela. Edonola ere, guk sarri esaten dugu ez gaudela ez batean eta ez bestean; tartean gaudela alegia, eta inon ez”.
Baina orografiak ez ezik, azken urteetan eraikitako azpiegitura erraldoiek ere zuloan utzi dute herria, alboratuta, auto gehienak saihesbidetik igarotzen baitira, edota AP-1etik, garai batean ez bezala. “Bere garaian, Soraluze ezaguna zen zirkulazio guztia herri erditik igarotzen zelako. Bi noranzkotako zirkulazioa igarotzen zen kale estu batetik. Tokiko etxeetako balkoiak eraman ere egiten zituzten kamioiek askotan”. Hori ekiditeko, saihesbidea egin zen orduan, eta gerora eraiki zuten AP-1a. “Herri barruko trafikoa arindu dute, eta oinarrizko bizi kalitatea irabazi dugu, baina B aldea ere badu”.
Sorreratik armagintzari lotutako herria izan da Soraluze. Han eraiki zuten, besteak beste, Erregeen Kanoi Fabrika, eta urte askoan iraun zuen industriak herrian. “Eibar herri armagina dela esaten dute eibartarrek, baina jatorria, izatez, Soraluzen dago, herriaren izenak aipatzen duen moduan”. Hain zuzen, XV. mendetik gaztelerazko izenean gorde duen [Plasencia] de las Armas abizena da egun garai hura gogorarazten duen ezaugarri bakarrenetakoa. “2005ean, Andoainera eraman zuten industriari lotutako azken enpresa. Egun, tailer zahar bat besterik ez da geratzen herrian; erortzear dagoena, bide batez. Hura lehengoratzeko asmotan gabiltza”, azaldu du alkateak.
Enpresa batzuk ixten
Industriak, betidanik, pisu nabarmena izan du Soraluzen, inguruko herrietan gertatu moduan. Armen ekoizpenean mendeak eman ondoren, torlojuak egiten hasi ziren enpresa asko ondoren. Egun, baina, oso bestelako argazkia du herriak: “Egoera latza pairatzen ari gara, ez dut kontrakorik esango”, aitortu du alkateak, egoeraz jakitun. Lurraldeko langabezia tasarik handienetakoa du Soraluzek egun, Eibarrekin batera: %16 inguru. “Azken urteotan, zoritxarrez, enpresa batzuk itxi egin behar izan dituzte, eta eragin zuzena izan du horrek”.
Horrez gain, azken urteotan etorkin gehien hartu duen herrietako bat ere bada Soraluze. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako immigrazio tasarik handienetakoa du herriak: %9. “Askotan oso estua da langabeziaren eta immigrazioaren arteko lotura, eta, gurea horren herri txikia izanik, nabarmen ikusten da hori. Izan ere, kualifikaziorik ez duen jendea bizi da herrian, edo oso kualifikazio apala duena”, azaldu du Aldazabalek. Horiek lan merkatuan sartzeko “zailtasun handiak” izaten dituztela gaineratu du.
Hala eta guztiz ere, horrek guztiak bestelako eraginik ere izan du herrian. Hainbat herrialdetako jendea bizi da Soraluzen, eta, Aldazabalen hitzetan, kultura ikuspegitik “asko” aberastu da herria. “Inoiz ez da izan inolako arazorik. Alaiak gara soraluzetarrak, umoretsuak, eskuzabalak. Alde horretatik, kanpotik datozenei erraztu egiten diegu hartu-emana. Herri irekia eta bizia da gurea”.
Herria biziberritu eta iraganeko aztarnak azaleratzeko prozesuan da Soraluze. Alde horretatik, esanahi berezia du herria bitan zatitzen duen Deba ibaiak. “Ibaiari bizkarra emanez bizi izan gara urte askoan. Herriaren erdi-erditik igarotzen bada ere, ez diogu egin kasu handirik. Egoerari buelta eman nahi diogu, ibaiak duen garrantziaz jabetuta”. Ibaiaren ertzetan daude eraikita garai bateko armagintza alorreko eraikin ugari. Asko eta asko zaharkituta daude egun. Bada, inguruak leheneratu nahi dituzte, “herriaren eta ibaiaren arteko hartu-emana sustatuz”. Horrekin batera, irispideak errazteko plan bat ere martxan du udalak, alkatearen hitzetan, eta faseka ari dira herria “eraldatzen”.
Halaber, Karakate Irukurtzeta mendilerroan ere garai bateko aztarnak azaleratzen ari dira. Balio arkeologiko handiko inguru megalitikoa da, eta historiaurreko trikuharri eta tumuluak daude. Indusketa lanak egiten ari dira orain, Aranzadiren laguntzarekin. “Hasieran aurreikusten ez ziren aztarna batzuk ateratzen ari dira; irailean emateko asmoa daukagu horren guztiaren berri”.
Leave a Reply