Unai Zubeldia
Egitaraua oso-osorik hartu, eta gustuko emanaldiak gorriz markatzeko eskaintza egiten du Donostiako 78. Musika Hamabostaldiak. Jazzaldiari lekukoa hartuta, asteartean hasiko da hilabeteko Hamabostaldia, abuztuaren 1ean hasi eta 30ean amaituko dena. 94 ekitaldirekin gozatzeko aukera izango da tarte horretan, hamabi ziklotan banatuta. Donostian izango dira emanaldirik gehientsuenak, baina Gipuzkoan bertan eta Euskal Herrian barrena ere entzun ahal izango dira musika doinuak. Besteren artean, Ataun, Arantzazu, Getaria, Hondarribia, Usurbil, Zumaia, Baiona, Senpere, Eltziego eta Leiren ere egingo dituzte emanaldiak.
Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak aurkezpenean adierazi bezala, “oxigeno pixka bat” hartu du aurten jaialdiak, eta iaz baino 200.000 euro inguru gehiagoko aurrekontua osatu dute —2,4 milioi eurokoa, gutxi gorabehera—. Berehalako ondorioa izan du horrek, eta joera klasikoak alboratu gabe, XX. eta XXI. mendeko musikarien obrak ere bildu ditu Musika Hamabostaldiak. Berritasunen eta apustuen bidean, nazioarteko hiru orkestra izango dira aurrenekoz Musika Hamabostaldian: BBC Philharmonic (Erresuma Batua) —abuztuaren 3an eta 4an; bigarren egunean, Donostiako Orfeoiarekin elkarlanean—, Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa —abuztuaren 25ean eta 26an— eta Cincinnatiko Orkestra Sinfonikoa (AEB) —abuztuaren 28an, 29an eta 30ean—.
Opera antzeztua ere berreskuratuko du jaialdiak, eta Wolfgang Amadeus Mozarten lan sonatuetako bat eszenaratuko dute abuztuaren 13an eta 15ean: Figaroren ezteiak. Kursaaleko auditoriumean izango dira bi emanaldi horiek, 19:00etan. Berreskuratze lan horretatik haratago, emakumezko batek lehen aldiz zuzenduko du horrelako lan bat Musika Hamabostaldian. Figaroren ezteiak lanean Yi-Chen Lin zuzendari taiwandar gaztea arduratuko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Easo Abesbatza zuzentzeaz.
Ohi bezala, eskaintza zabalarekin hasiko da jaialdia, lehen egunean hamabost ikuskizunekin gozatzeko aukera izango delako Donostian bertan. Horien artean, aipagarria da Kursaaleko auditoriumeko emanaldia: Victor Ullateren Balletaren Carmen ekoizpen berria eskainiko dute abuztuaren 1ean eta 2an; Lucia Lakarra zumaiarra izango da protagonista estreinaldian, eta Marlen Fuentes biharamunean. 20:00etan hasiko dira bi saioak. Kresala dantza konpainiak, berriz, Rodchenko lan berria eskainiko du lehen egunean, Pasealeku Berrian, Oteizaren eskulturaren ondoan (19:00). Alexander Rodtxenko artista errusiarra du oinarri Faustino Aranzabal koreografoaren emanaldiak.
Gaubeara irteera
Amaia Puin ipuin kontalariak eta Itziar Lertxundi biolontxelo jotzaileak Kantu kontari emanaldia eskainiko dute ostiralean Zumaian eta larunbatean Donostian. Eta iganderako Gaubeara irteera prest daukate; Musica Boscareccia taldeak Gaubean bertan eskainiko duen emanaldiarekin amaituko dute egun osoko kultur bisita. Ataunen (Loreto Aramendi), Usurbilen (Yves Rechsteiner) eta Azpeitian (Esteban Elizondo) emanaldi bana izango da Musika Hamabostaldiaren lehen igandean. Eskaintza eginda dago; gozatzea bakarrik falta da.
Leave a Reply