Leire Narbaiza
Euskal Herrian bidaiariak miretsi egiten ditugu. Hala da. Bereziak iruditzen zaizkigu, ausartak eta bipilak, munduan barrena dabiltzalako motxila bizkarrean dutela, mundua “benetan” eta “sakon” ezagutzera joaten direlako. Lau izarreko hoteletako logeletan ostatu hartu beharrean, mila izarreko lolekuak nahiago dituztelako. Horiek bai esploratzaile bikainak! Eta horregatik, etxera itzulitakoan, askok diaporamak muntatu, hitzaldiak eman, irratian berba egin edota liburu bat argitaratzeko aukera izaten dute.
Hori bidaiari ezagunek edo euren esperientzia ondo saldu dutenek egiten dute. Baina beste maila apalago batean, denok dugu halako esploratzaile bat inguruan: leku urrun eta exotikoetara joan dena, eta hango bizipen harrigarriak eta bertakoen dohain zoragarriak kontatzen dizkiguna.
Sarri askotan, lagun abenturazaleak banan-banan aletzen dizkigu herrialde urruti eta ezezagun horretako ontasun guztiak. Etengabe esaten digu hango biztanleek gauza gutxi daukatela, oso pobreak direla; baina, hala eta guztiz ere, zoriontsuak. Gainera, gizaki zoragarri horiek ez dutela izaten presarik, bizitzaz disfrutatzen dutelako. Hori guztia ilustratzeko, pertsona horien argazki irribarretsuak erakutsiko dizkigu —izan ere, urruneko jende horrek beti egiten du irribarre— euren etxeetan jan eta lo egin duelako gure adiskideak, musu-truk, aitatu dudan moduan, daukaten gutxi hori herrian agertzen den edonorekin partekatzen dutelako.
Kontakizun horiek entzunda, beti alarma gorria isiotzen zait. Bidaiari txatxiguai horiek zer egiten dute herri pobre batean, jende oso txiroaren jatekoa jaten? Ez dira konturatzen beste horien lepotik bizi direla? Bidaia behartsuen pentzudan egiten ari direla? Bidaiariok kapritxoz dihardutela? Pertsona exotiko horiek fede onez ematen dietena, eta eurek onartu, esplotazio mota bat izan litekeela? Uf, galdera kezkagarri askotxo.
Galdetegiarekin jarraituta, neure kolkorako botatako batzuk ere bururatzen zaizkit: ez ote dira bidaiari horiek beste turistak bezalakoak? Alegia, ez ote dituzte euren presentziarekin toki exotiko eta autentiko horiek kutsatuko Airbnb-n izena emandako pisu turistiko batek beste? Donostiako Parte Zaharrean pintxotan dabilen giriak adina? Sanferminetan Nabarreria iturritik salto egiten duten atzerritarren moduan?
Beste alde batetik, gauzak aldatu egiten dira gurera datorrenean munduaren beste puntan ezagututako jende zoragarri hori. Gure gizarteak susmopean ditu: guri lana kentzera datoz, hemengo diru laguntzetatik bizitzera kolpe zorririk jo gabe, lapurretan egiten dute… Nork ez du entzun halakorik?
Zelako paradoxa gertatzen zaigun: munduan zehar bidaiatzen dugunean paradisu urrun horietako pertsonak eskuzabal eta abegitsuak dira, kontuan hartuta herrialde pobreetakoak direla. Hona etortzen direnean, ostera, gaizkileak dira. Nola izan liteke mugak pasatutakoan hainbeste aldatzea jendearen izaera? Europaratzeak hori ekarriko du, gurekin mimetizatu, eta gure jokaerak kopiatu? Ez dakit, bada.
Bidaiariak miretsi, eta turistak gorrotatzen ditugu, nahiz eta neurri batean denok garen turista. Urruneko jende exotikoa zoragarria da bere etxean. Hemen, baina, gaizkile ankerrak. Benetan? Oporretan hausnartzeko gaia! Disfrutatu!
Leave a Reply