Erretaula bat itsasoarrena

Erretaula bat itsasoarrena

Miriam Luki

Itsaso udalerri izan zen, Ezkiorekin batu zuen gero erregimen frankistak, eta biek elkarrekin egin dute aurrera urte askoan. Aurreko urtarrilean, banandu egin ziren Itsaso eta Ezkio, eta, orain, itsasoarrek hartu dute euren herriaren lema. Aspaldian, auzolanean garbitzen zuten San Bartolome eliza. “Gure amonak betidanik joan izan dira eliza garbitzera”, azaldu du Maite Salutregik. “Baina garbiketa sakona egitea pentsatu genuen, eta orduan jabetu ginen egiteko zegoen guztiaz eta baita gure ondareaz ere”. Sinestunak eta kristau sinesmenik ez zeukatenak elkartuta aritu ziren auzolanean. “Elkarrengandik ikasiz, gure historia eta ondarea balioetsiz”. Itsasoarrek elizako erretaula zaharberritzeko egindako urratsa da elkarlan horren emaitzetako bat. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza lortu dute, eta Equipo7 Bizkaiko enpresako adituak ari dira jada erretaula zaharberritzen.

Pilare Muxika itsasoarrak kontatu duenez, duela bost urte hasi ziren elizan bisita gidatuak egiten: “Gure elizari buruzko ikerketa sakona egin genuen, eta baita kontzientzia hartu ere. Aldundiari eskaria egin genion, eta babesa eman zigun Javier Martiarena zuzendari ohiak”. Gipuzkoan ez dago garai hartako erretaula askorik. Zaharberritze lanen %50 ordainduko ditu aldundiak, eta dohaintzak ere bilduko dituzte. “Aurrekontuaren zati handi bat bermatuta daukagu”, gaineratu du Muxikak. Guztira, 105.000 euro inguru beharko dituzte erretaula berritzeko.

Javier De Miguel Equipo7 enpresako zaharberritzailearen esanetan, erretaula guztiek dute balioa, baina “bi garairen arteko trantsizioa” erakusten du Itsasoko elizako erretaulak. “Eta, besteak beste, hor dago erretaularen berezitasuna”.

Gotikoaren lehen fasekoa da Itsasoko San Bartolome elizako ate nagusia, 1300 ingurukoa. Aro platereskoaren ezaugarriak eta Errenazimentukoak dauzka erretaulak; bien arteko trantsizioa zizelkatuta dago bertan.

Eliza handitu egin zuten 1747an, eta barroko garaiko bobedak, zutabeak eta kontrahormak gehitu zizkioten Miguel Salezarrek zuzenduta. Desmuntatu, gorde, eta, behin eliza berrituta, berriro ipini zuten erretaula; balio handia eman zioten beraz.

Muxikaren hitzetan, ez da ohikoa erretaula baten egilea nor den jakitea. “Baina Juan de Lizarazuren alargunak erretaula egiteagatik zor zitzaion dirua erreklamatu zuen, eta eskaera hori dokumentatuta dago Oñatiko agiritegian”. Hain zuzen, Ana de Areizagak 2.401 marabedi eskatu zizkion Itsasoko udalerriari 1575ean, Juan de Lizarazu artista urretxuarra zendu ostean.

Trantsizio erretaula izanik, De Miguelek azaldu du artista bakoitzaren estiloa nahiz ekarpena suma daitezkeela bertan: “Artista bakoitzak bere kaligrafia zizelkatzen du gubiarekin, eta obra pertsonalizatzen laguntzen du kaligrafia horrek; esaterako, bolumenak emateko moduan. Erretauletan jakin daiteke maisuak edo haren ikasleek egindako lanak diren”. Juan de Lizarazu artista jantzia zela azaldu du De Miguelek: “Diego de Siloe artistaren obrak ikusi zituen, Andres de Araozen jarraitzailea zen —Oñatin dauzka hainbat lan, eta Miguel Angelen lanak ezagutzen zituen; hau da, bazeukan Italiako Errenazimentuaren berri; grabatuen eta marrazkien bitartez iristen zitzaion informazioa”. Muxikak gehitu du Gipuzkoan jada ez dagoela Lizarazuren lan asko. “Ez, behintzat, Itsasokoaren parekorik”.

Enkarguz egindako lana

XVI. mendeko herri hartan, luxua izan zen Itsasoko elizaren erretaula. Enkarguz egindako lana izan zen, eta adituek uste dute erretaularen oinarrian itxuraz zutabeei eusten dieten mentsuletan zizelkatutako aurpegiak erretaula egiteko dirua eman zutenenak direla. Parrokia txikia zen ordukoa, baina burujabetza lortu berri zuen herriak, eta jada ez zegoen Lazkaoko jaunaren boterearen mende. Alkatea zuten, justizia propioa eta diru bilketa ere euren esku zegoen. Muxikak adierazi duenez, horri esker herria hazi egin zen arkitektura arloan. De Miguelen azalpenen arabera, garai hartan analfabetoak ziren herritarrik gehienak. “Irudiak jasotzen dituzte erretaulek, zerbait kontatzen dute, eszenak ageri dira, eta bisualki informazioa ematen dute. Didaktika lana egiteko moduetako bat zen hori”.

Hitzez xeha litezke San Bartolome elizako erretaularen ezaugarri guztiak, baina zinez merezi du kontatzen duen hori guztia bertatik bertara ikustea, zizelkatutako landareak nahiz dragoiak kasu. Zaharberritze lanetan ari dira orain buru-belarri, eta abendurako amaituta egongo direla espero dute.

Intsektu egur jaleak akabatu zituzten lehenik eta behin, eta erretaularen euskarria bere onera ekarri zuten gero. Ondoren, beste fase batean, egurraren eta pinturaren arteko geruza ere ekarriko dute lehengora. Polikromiari helduko diote azkenik: “Erretaulari bere jatorrizko itxura emango diogu bernizak eta kedarrak kenduta. Baina argi daukagu gure helburua ezin dela izan denborak erretaulan utzitako arrastoak erabat ezabatzea”. Edozein kasutan, De Miguelek adierazi du erretaula “egoera onean” aurkitu zutela lanean hasi zirenean. “Argi dago Itsasok bere ondarea baloratu izan duela eta ez dela egon itoginik erretaularen gainean; hezetasunik ere ez da izan inguru horretan. Ondo zaindu dute”.

Garai batean, herri bakoitzaren identitatearen berri ematen zuten elizek eta barruan zeuden artelanek. Mundua ikusteko zein irudikatzeko moduaren isla ziren. Gaur egun, elizek galdu egin dute dimentsio hori erakunde gisa, baina ondare dira oraindik, eta bere horretan biltzen dute herrien identitatea. Itsasori buruz hitz egiten du herriko erretaulak eta baita itsasoarrei buruz ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.