Eider Goenaga Lizaso
Antiguako ermitaren osagarri gisa, eta baselizari, Zumarragari zein Urola Garaia eskualdeari oihartzun handiagoa emateko xedearekin, 2014an jarri zuten martxan Antioko Interpretazio Zentroa. “XIV. mendekoak dira Antiguako ermitaren lehen dokumentuak, 1366. urtekoak, eta Zumarragako parrokia izan zen 1576. urtera bitartean. Altxorra da, eta altxor horri are oihartzun handiagoa, distira handiagoa ematea da gure helburua”, esan du Edurne Etxeberria Urola Garaiko garapen agentziako turismo teknikariak (Deba, Gipuzkoa, 1976).
Eraikin berri eta modernoa egin zuten interpretazio zentroa hartzeko. “Itxura aldetik oso modernoa da, teknika aldetik ere bai, geotermia erabiltzen du; eta eraikinaren %70 lurpean dagoen arren, argitasun handia du”. Interpretazio zentroaren eraikin berean dago turismo bulegoa ere, eta hurbiltzen denari Zumarragari eta Urola Garaiari buruzko informazioa eta bertako baliabide turistikoen berri ematen diote.
Interpretazio zentroak, berriz, iraganerako bisita bat eskaintzen du. Erakusketa iraunkorrak Antiguako ermitaren eta Zumarragaren historian atzera egiten du, eta, aldi berean, eskualdearen bilakaera historikoa azaltzen du. “Antigua eta Zumarragaren historia, herriaren iragana, Urola ibaiaren garrantzia, baserriaren eta eskulangintzaren historia, industrializazioa, trena iristearen eragina, ezpata dantza, Santa Luzia eguneko azoka, tradizioak… Urolako trenaren bagoi bat ere badago kanpoan… Gai ugari ukitzen ditu, eta bakoitzak nahi duen horretan sakondu dezake, bisita nahi hainbat luzatuz”.
Panel informatiboek eta ukipenezkoek osatzen dute erakusketa iraunkorra, eta sarreran ematen duten eskuorriaren laguntzaz egiten da bisita. 12-13 minutuko bi bideo ere badaude. Lehenengo bideoak Antiguako ermitaren eta Zumarragaren historiari errepasoa egiten dio, marrazki bizidunen bidez historian atzetik aurrerako bidaia eginez. “Bigarren bideoak lotura handiagoa du sentimenduekin”. Zumarragako herritarrek hitz egiten dute, heldu, adineko zein gazteek… eta beraiek azaltzen dute zer esanahi duen ermitak beraientzat. “Bertakoek oso lotura berezia dute ermitarekin, eta ez bakarrik erlijio ikuspegitik; tradizio ikuspegitik, agian, gehiago. Polita da ikustea Zumarragan jendeak nola ikusi eta sentitzen duen ermita. Niretzat zerbait magikoa du horrek”.
Ermitara bisita
Interpretazio zentroa bisitatzeko gutxienez 45 minutu behar direla dio Etxeberriak, eta hortik aurrera bakoitzak nahi adina luza dezakeela. “Gure proposamena da, behin interpretazio zentroa bisitatu eta ermitari buruzko informazioa jaso ondoren, ermita bera bisitatzea”. Ermitara hurbildu ahala, gidari batek hari buruzko azalpenak ematen dizkio bisitariari; ermitaren historia eta haren berezitasunak. “Oso ermita ederra da; beheko aldea egurrezkoa da, eta itsasontzi baten sotoa ematen du; eskultura zoragarriak daude. Kanpotik baserri itxura dauka. Nik uste dut euskaldunon historiaren zati bat dagoela jasota bertan, eta baita gure nortasuna ere. Ez da ohiko ermita bat; nire ustez, toki horrek energia berezia dauka. Merezi du gerturatu eta ikustea”.
Antiguako ermita eta interpretazio zentroa dauden ingurunea ere goraipatu du Etxeberriak. “Natur ingurune batean dago, inguruko mendien ikuspegi oso polita eskaintzen du, eta toki aproposa da goiza edo arratsaldea igarotzeko, eta baita egun pasa egiteko ere”.
Iaz, 20.000 bisitari inguru izan zituzten Antiguako ermitak eta interpretazio zentroak, eta horietako asko erromesak izan zirela azaldu du Etxeberriak. “Antiguako ermitak hiru tenpluen ibilbidea osatzen du Loiolako basilikarekin eta Arantzazuko santutegiarekin batera. Ignaziotar Lurraldea proiektuaren barruan dago, eta gainera, duela bost bat urtetik, Loiolatik Manresara [Katalunia] doan Ignaziotar Ibilbidean derrigorrezko geldialdia da erromesentzat. Horrek badu eragina bisitari kopuruan”.
Leave a Reply