Miren Osa Galdona
Mendiz eta errekaz inguratutako haran korapilatsu batean dago Urnieta. Orografia eta historian izandako gertakariak direla medio, herriaren bilakaera ere ez da samurra izan. 1986. urtea mugarria da ibilbide horretan. “Lasarte sortu arte, herri indartsua zen Urnieta. 12.500 biztanle zituen, eta, bat-batean, 4.000 biztanle ginen. Oria auzoa Lasartera batu zen, eta guk herritarren bi heren galdu genituen”, azaldu du Urnietako alkate Mikel Pagola Tolosak (Urnieta, 1970). Herri berri bat sortu behar izan zutela azpimarratu du Pagolak, “bere alde on eta txar guztiekin”.
Oria auzoa galdu eta berehala hasi zen eraberritze prozesua. Auzo berriak sortu zirela dio Pagolak, eta, prozesu estrategiko horri esker, “jende berria” iritsi zela herrira. “Espazioaren egonkortasuna lortuta, familiena lortzera bideratu zuten plan orokorra”. Lan horri esker, 6.000 biztanle inguru ditu egun Urnietak. Donostiatik 11 kilometrora egonda, herritar gehienak lotara bakarrik itzuli izan dira herrira. Urnietan lan ez eginda, bizitza Urnietatik kanpo egiten dutela aipatu du Pagolak: “Berezkoa izan duen lotarako herri izaera gainditzeko urratsak egiten ari gara”. Prozesu horretan, oinarrizko elementua ari da izaten herritarren parte hartzea.
Parte hartze prozesuak indarrean daudela kontuan izanda, joan den urtean herri galdeketa egin zuten Urnietan. “Herriak aurre egin beharko liekeen inbertsio estrategikoen inguruko galdeketa egin genuen”, azaldu du Pagolak. Bederatzi milioi eurokoa da Urnietako Udalaren aurrekontua, eta diru kopuru osoaren zati bat zertan inbertituko luketen galdetu zieten herritarrei. Zehazki, lau milioi euro zein proiektutan inbertitu beharko liratekeen galdetu zitzaien herritarrei. Kiroldegiaren birmoldaketa eta herriko irisgarritasuna hobetu beharreko arloak direla erantzun zuten gehienek.
Halaber, herriaren eraldaketa ez da hor geratzen. Aurreko legealdia amaitu baino lehen, garapen urbanistikorako plan orokor berria onartu zen. Herrian garatu daitezkeen espazioak zehazten ditu planak, baita industria arloan garatu beharreko eremuak ere. Pagolak azaldu du zehaztuta dagoela garapenak zein hurrenkera izan behar duen, eta ezin direla hasi hainbat espaziotan ekintzak egiten: “Etxebizitza apur batzuk orain egiten ari dira, baina datozen hilabeteetan azkartu egingo da prozesua”. Etxebizitza horiek direla eta, ezinbestean, bi edo hiru urteren buruan, populazioa aldatu egingo dela ohartarazi du.
Herri bat berriro sortu behar denean, argiak izan behar dute oinarrian ezarri beharreko balioek. Bide horretan, Urnietak kultura jarri du erdigunean. Sarobe arte eszenikoen gunea erreferente da Euskal Herriko arte eszenikoen konpainientzat. “Dantzak eta antzerkiak indarra dute Urnietan, eta hori nabari da herrian sortzen ari den mugimenduan”, azaldu du Pagolak. Edu Muruamendiarazek zuzentzen duen Aukeran dantza taldeaz gain, beste bi dantza talde daude Urnietan: Egape eta Gure Ametsa. Dantzari “mordoa” dagoela dio alkateak, eta jendeak dantza erabiltzen duela jarduera fisikoa egiteko. Antzerkiarekin ere gozatzen dute urnietarrek, ikusle moduan zein agertoki gainean. Horren adibide da sortu berri duten udal antzerki-taldea.
Bidea egiteko
Euskal Herrian, herriko ekitaldi nagusiak izan ohi dira festak. Azken urteetan, erreferente bilakatu dira herri mugimenduek beren beharrizanetara egokitutako festa ereduak. Urnietan ere egitarau propioa lantzen duten jai batzordeak eratu dituzte, eta, besteak beste, kontzertuak eta ginkanak antolatzen dituzte. Gazteen bultzada dago antolakuntzaren atzean, eta festak antolatzeko orduan “erreferente” bilakatu direla azpimarratu du alkateak.
Pixkanaka, hitza hartzen ari dira herritarrak: herri galdeketak, jai batzordeak, kultura arloko taldeak… Hala ere, oraindik ikasteko asko dagoela ohartarazi du Pagolak, eta, “arrakasta handiagoarekin edo txikiagoarekin”, bide beretik jarraitu behar dutela: “Modan dagoen termino bat da parte hartzea, eta garbi dago horrelako prozesuak sustatzea dela ikasteko modurik onena. Baina oraindik pausoak eman behar dira Urnieta herri parte hartzailetzat hartzeko”.
Leave a Reply