Urko Etxebeste
Naziek ia Europa osoa zuten hartuta 1941ean. Ia dena zuten kontrolpean. Baina den-dena ez. Europako hainbat herrialdetan, armadez besteko erresistentzia talde antolatuak sortu ziren, hainbat zereginekin: informazioa batetik bestera eraman, naziek jazarriei ihesaldian lagundu, soldadu alemaniarren kontrako ekintzak egin… Comete sarea izan zen erresistentzia talde antolatu horietako bat. Euskal Herrian, Bidasoa-Oiartzualdea inguruan izan zituen kideak. Haien lana: naziek botatako indar aliatuetako hegazkinetako kideei —bizirik ateratzen zirenei— gune okupatuetatik ihes egiten laguntzea. Batez ere, Ameriketako Estatu Batuetakoak eta Britainia Handikoak izan ziren ihesean sostengua jaso zutenak.
1941ean sortu zuten Comete ihes sarea, Belgikan. Europa osoko sarea zen. Euskal Herrian, batez ere, Ipar Euskal Herrian (Lapurdin) eta Bidasoa eta Oiartzualdea eskualdeetan saretu zen. Behin Alemaniako armadak botatako hegazkinetako kideak Lapurdira iritsita —Urruñara, Donibane Lohizunera eta Zokoa-Ziburura gehienbat—, Hego Euskal Herrian sartzen ziren Bidasoa ibaia zeharkatuta, eta, bertatik, Gibraltar edo Afrikako iparraldera joaten ziren soldadu aliatuak, euren sorterrietara itzultzeko. Espainiako Estatuan, II. Mundu Gerran ustez lerrotu gabe zegoen Francoren Espainiak jarritako oztopoak ere gainditu behar izaten zituzten. Hego Euskal Herrian, iheslariek Oiartzunen —Sarobe baserrian gehienak— eta Donostian izan zituzten, batik bat, ezkutatzeko lehen lekuak.
Bidasoa ibaia zeharkatzea zen, ziurrenik, bide horren unerik zailena. Baina bidelagun ezin hobeak izan zituzten indar aliatuetako soldaduek: mugalariak. Comete sarearen barruan izan ziren hainbat kontrabandista; euren zereginak utzi eta euren alea jarri zuten nazien kontrako borrokan. Horrela, Juan Carlos Jimenez de Aberasturi historialari errenteriarrak jasota duenez, II. Mundu Gerra bukatu arte, Cometek 800 bat pertsonari lagundu zien Bidasoa ibaia zeharkatzen; Europa osoan, 1.700 lagunen ekarpena jaso zuen sareak. Horietatik 290 era batera edo bestera hil egin zituzten indar naziek —fusilamenduetan, kontzentrazio esparruetan…—. Euskal herritarrak izan ziren horietako lau.
2000. urteaz geroztik, Errenteriako Urdaburu mendizale elkartea arduratzen da, Comete Sarearen Lagunak taldearekin batera, Comete sareak egindakoa oroitzeaz. Hasieran, urtero; eta, azken urteetan, bi urtean behin.
Juan Carlos Jimenez de Aberasturi historialariaren proposamenari segika hasi ziren faxisten kontrako herri ekinaldia oroitzeko ekitaldiak egiten. Horien artean, Ipar eta Hego Euskal Herrian iheslariek zein bide egiten zuten irudikatzen dute. Asteburu honetan egingo dute bide hori, bihar eta etzi.
Erakusketari, garrantzia
Aurten, gainera, 75. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabil Urdaburu elkartea. Horregatik, are bereziago prestatu dituzte sarearen ingurukoak. Bi eguneko ibilaldiaz gain, aste honetan film eta bideo emanaldiak eskaini dituzte Errenterian, eta, igandera arte, argazki eta dokumentu historikoekin erakusketa jarrita egongo da Merkatuzar gunean —gaur eta bihar, 18:00etatik 21:00etara; etzi, egun osoz—.
Tiburcio Arzualde Urdaburu elkarteko kidea buru-belarri lanean ari da egunotan ekitaldien antolaketan. Hamaseigarrenez egingo dute haiek, baina zehaztu du Baztan aldean ere egiten dituztela gisa horretako ekitaldiak.
Ibilbidearen ekinaldia ederra dela uste du Arzualdek, pasarte historiko bat oroitzeaz gain, hainbat txoko ezagutzeko aukera ematen duelako. “Gainera, hasierako urteetan, sareak lagundutako iheslariak etorri ohi ziren. Egun, horietako asko hilda daude, eta bizirik daudenak oso adinekoak dira”. Baina euren senideak joaten dira ibilaldira eta omenaldietara, baita sarea osatu zutenen senideak ere, Frantzia eta Belgikakoak, batik bat.
Urdaburu elkarteak 75 urte bete dituela eta, are erakargarriago egin dituzte aurtengo ospakizunak. Indar berezia eman diote Merkatuzar guneko erakusketari. “Dokumentu historikoez gain, 2000. urtetik hona egin ditugun ibilaldien argazkiak daude bertan. Sareak lagundu zituen hegazkinetako gidariak agertzen dira argazkietan, beste askoren artean. Une hunkigarriak bizi izan zituzten, nazien atzaparretatik ihesean lagundu zien norbait izan zutela oroitu zutelako”.
Leave a Reply