Unai Zubeldia
Eskola kirolaren egitura berria aurkeztu, eta eztabaidan hasi da futbola. “Haurren bahiketa masiboa da hau”. Salaketa gogorra egin du Edorta Salegi Antiguoko Donostiako futbol taldeko presidenteak. “Ez dut ulertzen bat-batean ahaztuta geneukan gatazka giro horretara itzultzea”. Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den ekainean aurkeztu zuen eskola kirolaren foru arau berria, askoren begietara futboletik eta futbolerako egina. Ikasturte honetan froga gisa jarriko dute martxan besteak beste eskola kirolaren jarduna 8 urtetik 6ra jaitsiko duen programa berria, multikirola oinarri duena, eta hurrengo ikasturtean arautuko dute egitura. Aldundiaren aldaketak aurrez aurre jarri ditu, beste behin ere, eskola kirola eta kirol eskolak.
“Arlo hezitzailea lehenetsi dugu guk”. Hala azaldu du Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol zuzendariak. “Eskola kirola ez da haurrak hainbat kiroletan entrenatzeko programa soilik; programa hezitzailea da, barneratzailea, berdintzailea eta haurra ardatz duena”. Alvarezek azpimarratu du kalitatezko eskola kirola lortzeko bidean “eztabaida prozesu baten emaitza” izan dela berrikuntza.
Gazteria eta Kirol zuzendariaren ustez, “gabezia handiak” zeuzkan orain arteko egiturak. “Finantzaketari dagokionez, batetik. Ez dugu ulertzen gurasoen edo inguruaren baliabideen arabera haurrek aukera desberdinak izatea. Gipuzkoako neska-mutiko guztiek aukera berberak izan ditzaten sustatu nahi dugu”. Bestetik, kirol jardunerako gaitasun ezberdineko haurren formakuntza plana ere berrikusi nahi izan dutela azpimarratu du Alvarezek, eta urtarriletik aurrera jarriko dutela abian plan hori. Horrez gain, genero ikuspegia ere “oso kontuan” edukiko dute. “Nesken parte hartzea sustatu ahal izateko, 12-16 urte artean, batez ere. Berriz aztertu beharko dugu eskaintza, nahiz eta eskola kirolak berak soilik ezin dituen hautsi dauzkagun estereotipo guztiak”.
Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko teknikaria eta Eskola Kirolaren Aldeko Plataformako kidea da Eneritz Maiora. Oraindik ere guztia “airean” dagoela ondorioztatu du hark. “Izatez, 6 urtetik 16ra artekoa da eskola kirola, baina aldundiak hitzez azaldu du 6-8 urte artean ez dela landuko lehiara bideratutako kirolik”. Maiora, berez, ados dago horrekin. “Garapen psikomotorea lehenetsiko lukeelako. Baina ea zer bide egiten duen planak, Gipuzkoan ez daukagulako egitura profesionalizaturik; eskola kirolean nerabeak eta gurasoak aritzen dira, normalean, monitore gisa”.
Alvarezek aitortu du ikasturte honetan ezingo dutela egin aldaketa handirik alde horretatik. “Baina eskola kirolean aritzen diren monitoreek jada jasotzen dute formakuntza”. Ikasturte honetan bertan indartu egingo dute alor hori. “Talde sustatzaile bat sortu dugu gaia lantzeko; zein monitore beharko genituzkeen, horiek nola egonkortu beharko liratekeen… Lauzpabost urtera finkatuta egongo da dena”.
6-8 urtetik pauso bat aurrera emanda, Maioraren ustez 8-10 urte artean ere ez luke egon beharko lehia horrek. “Baina kirol federatuaren gisako egitura izaten da jada adin tarte horretan. Eskola kirolean orain artekoa ez dugu ondo egin, eta, horregatik, beldur gara 6-8 urte artean aurrerantzean zer egingo duten”. Alvarezek erabat ukatu du neska-mutikoek adin tarte horretan kirol klubetan aritzeko aukera izango dutela. “Eskoletan bakarrik egingo da kirol jarduna, eta garapen psikomotorea izango du oinarri. Ez dugu nahi futbol, saskibaloi, eskubaloi edo errugbi eskolek 6-8 urte arteko haurrekin mugimenduen errepikapenak eta teknikak lantzea. Klubei ez diegu emango eskumen hori”.
Eskoletan, zalantza asko
Ezjakintasunaren soka fin horretan zalantzan dabil Miren Casado ere, Aiako Lardizabal herri eskolako gorputz hezkuntzako irakaslea. Bere horretan ez du gustuko haurrei lehiakortasun kutsu hori hain azkar txertatzea. “Orain arte ez da lortu lehiakortasuna saihesterik, eta Lehen Hezkuntzako Hirugarren Mailatik Lehen Mailara jaitsiko dute orain langa hori? Neurri hauekin ez dakit ez ote garen ari puskatzen haurraren berezko garapen natural hori”.
Multikirola oinarri hartuta, Aia, Orio eta Getariako eskoletako ordezkariak Zarauzkoekin elkartzen dira gaur egun eskola kirolaren jarduna antolatzeko. Casado ziur dago hori dela bidea. “Hilabete batez, kirol desberdinak probatzen dituzte haurrek, eta, ondoren, denbora tarte luzeagoan lantzen dituzte betikoak: futbola, saskibaloia eta eskubaloia”.
Aldaketaren zurrunbiloan sartuta, eztabaida handia sortu du futbolean, kimuen mailako bigarren urtean —11-12 urte—, aldundiak kirol klub batetik besterako mugimendua arautu izanak ere. “Hezkuntza zentroetan egiten den eskola kirola da programaren ardatza”, zehaztu du Alvarezek. “Eta horren osagarri dira kirol eskolak; infantil mailara iritsi arte bai, behintzat”. Beste behin ere, futbolean sortu du ika-mikarik handiena neurriak. Orain artean, errendimendu mailan ari ziren Gipuzkoako 45 taldeak, baina egitura berriarekin 24 talde ariko dira errendimenduan, eta hobekuntzan ariko dira gainerakoak.
Hain zuzen ere, herenegun eduki zuten azken kontseilu bilera Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Futbol Federazioak, Realak eta gainerako eragileek, eta eztabaida luzea izan zuten kimu mailako bigarren urteko egituraren inguruan. Alde horretatik, errendimenduan ari diren taldeek entrenamendu bat edo bi egingo dituzte eskola kirolean, aukeran, eta beste bat edo bi kirol eskolan, aukeran hori ere. Hobekuntza mailan daudenek, berriz, bi entrenamendu izango dituzte eskola kirolean, derrigorrean, eta futbol eskolan egin beharreko entrenamendu kopuruak sortu du saltsa. Bakarra zeukan araututa aldundiak, baina bigarrena nahi dute Realak eta Gipuzkoako Futbol Federazioak. “Haurra ardatz hartuta”, aldundiak baldintza zorrotzak jarri nahi ditu kasu horretan, eskola kirola kaltetu ez dezan. Realak eta Futbol Federazioak gaur arteko epea daukate aldundiari erantzuteko.
Gipuzkoako Futbol Federazioko idazkari nagusia da Patxi Gabilondo, eta funtsean ez dago eskola kirolaren egitura berriaren aurka. “Alebinen [kimuen] bigarren urtean mailaketa hori egonda ere, haur guztiei aukera berbera ematea da gure erronka”. Gabilondok ulertzen du Antiguokoren gisako klubak haserre egotea, baina zentzuz jokatzeko eskatu die guztiei. “Bost urte betetzerako onen-onena nahi izaten dugu denok, baina kontuz ibili behar dugu”. Idazkariaren ustez, haurrek “euren inguruan” gozatu behar dute lehen urteetan. “Eta kadete mailara iritsita tokian tokiko klubek eurek esango diote haurrari baliabide gehiago dauzkan talde batera joateko. Ez nau beldurtzen mugikortasunaren gaiak”.
Errendimendua eta hobekuntza, bi maila horiek sortzeak ez ote du areagotzen haurren arteko berezko aldea? Beldur hori dauka Maiorak. “Urola Kostan esperientzia txarrak eduki izan ditugu umeen frustrazioagatik”. Teknikariaren ustez, futbolari begira hartu dituzte neurri gehienak. “Eta arriskutsua da egin nahi dutena; oso argi eduki behar dugu adin bakoitzean haurrarentzat zer den egokiena”.
Beldur horiei erantzun die Alvarezek. “A umeak eta B umeak sortuko ote diren errendimendu eta hobekuntza mailak eskainita? Tamalez, hala gertatzen da orain ere, eta hori saihestu ahal izateko komenigarria da bakoitzaren gaitasunaren araberako eskaintza egitea, bakoitzari bere espazio naturala eskaintzea. Guztientzat lekua daukan eskola kirola sortu nahi dugu”.
Zailtasunez zerbait badakite Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioan. Haiek 2006an jarri zuten abian eskola kirol egokituaren programa. “Urritasunen bat zeukaten haurrek jarduera fisikoren bat egin zezaten beharra sentitzen genuelako”. Hasiera hartan ohiko eskola kiroletik aparteko zerbait zela argitu du Maiorak. “Baina gaur egun zabaltzen ari da inklusioaren gaia, eta, zaila izanda ere, zenbait eskolarekin saiatzen ari gara urritasunen bat daukaten haurrak eta ez daukatenak elkarrengana gerturatzen”. Futbola, saskibaloia eta eskubaloia nagusitzen dira normalean. “Baina Urola Kostan lortu dugu hiru kirol horietako bakoitzari urtean jardunaldi bat kentzea eta beste kirolen bat egitea: arrauna, surfa, softbola, kirol egokitua… Egitura horiek aukera ematen digute urritasuna daukaten haurrek ere parte har dezaten, ez dagoelako lehiarik”.
Sortu den zalapartaren jakitun, eta lurraldetasun irizpideak arautu arren, aldundiak herritarren esku jarriko du eskaerak jasotzeko posta zerbitzua. “Kasuan-kasuan aztertuko ditugu eskaerak, eta, familia eta lan kontuak kontuan hartuta, salbuespena egiteko arrazoirik badagoen edo ez zehaztuko dugu”. Arautegi berriaren arabera, benjamin mailan —9-10 urte— haur bakoitzak bere eskola dagoen herriko edo hiriko kirol kluben batean edo bere bizilekuko kluben batean eman ahal izango du izena. “Herrian edo hirian kirol jardun horretako klubik baldin badago, noski. Oiartzunen, esaterako, ez dago errugbi klubik, eta kasu horretan Donostiara joan beharko lukete haurrek. Oiartzunen egonez gero, hori bai, herriko klubera joan beharko lukete”.
Ikasturte honetan ez dute aldaketarik egingo kimuen mailako bigarren urtean. “Dagoeneko urtebete daramatelako eurek aukeratutako gunean. Horiek ez dute errespetatu beharko lurraldetasun arau hori, hasita daukaten zikloa erabat osatu ahal izateko”. Lehen urtekoek bai, horiek jada arau berria errespetatu beharko dute ikasturte honetan.
Antiguokoren salaketa
Futboleko liskarrari helduta, Gipuzkoako eta Gipuzkoatik kanpoko haurrak oso gaztetan fitxatzea leporatu izan zaio Antiguokori. “Baina haur horiek eta euren gurasoek ez al daukate eskubiderik nahi duten tokian nahi duten kirola egiteko?”, bota du galdera Salegik. “Nahi dituzten hitzak erabiliko dituzte egoera zuritzeko, baina atxikitze sistema jarri nahi dute martxan; gurasoen borondatearen aurkako neurria da hau”.
Arazorik ez zegoen lekuan arazoa sortu dutela salatu du Antiguokoko presidenteak. “Haur bat futbolean jokatzeko herri batetik bestera mugitzea arriskutsua bada, zer ez ote da haur horri azterketa batean 4ko nota jartzea? Ken ditzatela notak. Erotzen ari gara, benetan. Eskola kirola erabat bazterrean utzita daukate aspalditik”. Salegik onartu du ez daukala zentzurik Aretxabaletako 12 urteko haur bat entrenatzera Donostiara eramateak. “Baina Irun edo Zarauzko bat zergatik ez da etorriko? Hala nahiko balu, zergatik debekatu hori? Batetik bestera mugitzea gero eta errazagoa den garai honetan, mugimendu horiek debekatuko ditugu Gipuzkoan. Ez dauka zentzurik”.
Alvarezen ustez, eskola kirolaren funtsa zein den ez ulertzeak sortu du eztabaida, baina, arazoak arazo, desio bat dauka: “Neska-mutikoek etorkizunean kirola egiteko ohitura izan dezatela; osasunagatik, batez ere. Neska-mutiko horien helburua ez dadila izan futbolean, saskibaloian edo beste kirol batean onenak izatea, ondo pasatzea baizik”.
Leave a Reply