Aitziber Arzallus
Aralarko natura eta euskal kultura, biak batean lantzeko aukera dute Aralarko Parketxe Hedatura doazen bisitariek. Biak batean, soilik bietako bat edota bietatik pixka bat, bisitari bakoitzaren ezaugarrien, interesen eta egingo duen egonaldiaren iraupenaren arabera. “Karta zabala eskaintzen dugu, bakoitzak gehien gustatzen zaion menua aukeratu dezan”, dio Ainhoa Diez de Salazar Aralarko Parketxeko koordinatzaileak (Donostia, 1988).
Gipuzkoako Parketxe Sareko kidea da Aralarko Parketxe Hedatua —hori du izen ofiziala—, eta Artelatz Ingurumen Zerbitzuak enpresa arduratzen da hura kudeatzeaz. Bi gunetan bereizita dauden azpiegiturek osatzen dute: Ataunen dagoen Barandiaran museoak eta Lizarrustiko Parketxeak.
Joxemiel Barandiaranen (Ataun, 1889-1991) bizitza eta lana ezagutarazteko, duela zazpi urte zabaldu zuten museo hori Ataungo San Gregorio auzoan. Elkarren ondoan dauden hiru eraikinek osatzen dute gunea: museoaren eraikinak, era askotako tailerrak eta jarduerak egiteko erabiltzen duten beste batek, eta garai bateko zerratokia eta errota dauden Errotatxo eraikinak.
Bisitariek goiko solairuan hasten dute museoko bisita, Barandiaranen bizitza eta ekarpena laburbiltzen dituen ikus-entzunezko batekin. Ondoko gelan, hark sortutako material andana topatuko dute. Besteak beste, 75 urteko ibilbidean argitaratu zituen 575 idazlanekin osatutako liburutegia eta egindako ikerketen xehetasunak jasoz eskuz idatzi zuen egunerokoa, formatu digitalean kontsultagai.
Beheko solairuan, berriz, arkeologia eta etnografia arloetan egin zuen lanaren berri jasoko dute bisitariek. Besteak beste, Euskal Herriko mapa batean kokatuta ageri dira induskatu zituen aztarnategiak, eta aztarnategi zati baten erreplika ere badago, indusketako tresna eta guzti. Barandiaranek bildutako hainbat kondaira bere ahotsean entzuteko aukera ere badute bisitariek.
Parketxea, berriz, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan dago, Ataundik Etxarri Aranatzerako bidean, Lizarrustiko gainean (620 metro). Zerbitzu ugari biltzen dituen eraikina da: harrera gunea, interpretazio zentroa, 45 lagunentzako aterpetxea, taberna eta jatetxea, hain zuzen. Bisitariek natur parkean topatuko dutenari buruzko informazio osatua jasoko dute interpretazio zentroan, argazki, pantaila, maketa eta beste euskarri batzuen bidez. Naturgunean barrena egin ditzaketen ibilaldien inguruko xehetasunak ere azalduta daude beste txoko batean. Eta aisialdi gela bat ere badago, haurrak lasai jolas daitezen.
Hiru motatako bisitariak hartzen dituztela azaldu du Diez de Salazarrek: “Batetik, bisitari orokorrak etortzen dira, norbanakoak, museoa edota interpretazio zentroa ikustera etortzen direnak. Bestetik, taldeak, haietako asko ikastetxeetakoak, egun-pasa edo egonaldi luzeagoak egitera etortzen direnak. Eta, azkenik, tarteka antolatzen ditugun jarduera berezietara inguratzen direnak”. Urri bukaerarako, adibidez, mitologia astea antolatzen ari direla aurreratu du. “Mitologia tailerrak egingo ditugu eskolekin, ipuin kontaketa mitologiko bat ere izango dugu, eta ostiral gauean Toti Martinez de Lezeak hitzaldi bat emango du”.
Leave a Reply