Aitziber Arzallus
Euskal Herriko itsas ondarea eta kultura bertatik bertara ezagutu nahi duenarentzat, ezinbestean joan beharreko lekua da Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria. Elkartea, izatez, AEBetan sortu zuten, 1997an, Mainen, Ingalaterra Berrian, Ameriketatik izeneko trainerua eraiki zutenean. Behin ontzia bukatuta, Ameriketako euskaldunek erabaki zuten Euskal Herriari oparitzea, eta, halaxe, 1998an, trainerua eta elkartea Euskal Herrira ekarri zituzten. Pasai Donibanen hartu zuten lekua, eta, ordutik, Albaolak irabazi asmorik gabe jardun du lanean, euskal itsas ondarea eta kultura berreskuratzeko eta ezagutarazteko helburuarekin. 2010ean, hasierako ontziola txiki hura utzi, eta Pasai San Pedron Azkorreta ontziola industriala izandakoaren instalazioetan ezarri zuen egoitza. Duela hiru urte, 2014ko uztailean, itsas kultur faktoria zabaldu zuen, beste etapa bati hasiera emanaz.
Gaur, San Juan baleontzia da Albaolako izarra. XVI. mendeko ontzi hura Pasaiako portuan eraiki zuten, euskal arrantzaleak Ternuara, Kanadara, balea arrantzara joan zitezen. Baina hango kostaldean zebilela, hondoratu egin zen. 1978an topatu zuten, eta, ordura arte parekorik izan ez zuen indusketa lanen ostean, urpetik ateratako piezak ikertzen aritu ziren 30 urtez. Orain, ikerketa horretan oinarrituta eta garai hartan erabilitako teknika eta materialekin, baleontzia berreraikitzen ari dira Albaolan bertan. Atsedenik gabeko hiru urteren ostean, lan erdiak gaindituak dituzte, baina ontzia nabigatzen ikusteko beste hiru edo lau urte beharko dira.
Baleontziaren eraikuntza bertatik bertara ikusteko aukerak ikusmin handia sortu du, eta bisitari kopuruaren bilakaera da horren adierazgarri: iaz, 50.000 lagun izan ziren Albaolan, aurreko urtean baino 12.000 gehiago, eta aurten marka guztiak hobetzea espero dute. Hiru urtean, Gipuzkoan gehien bisitatutako museoen artean hirugarrena izatea lortu du.
Albaolako eskaintza, ordea, ez da mugatzen baleontziaren eraikuntzara. Itsas faktoriak beste bi espazio ere badituela azaldu du Enara Novillo hango komunikazio arduradunak: bata, erakusketa da; bestea, Itsas Antzokia deiturikoa, egunez arotzen lantokia dena eta iluntzean antzoki izan daitekeena. Erakusketak hainbat atal dituela kontatu du Novillok: “Lehenengoan, XVI. mendera atzera egin, eta euskal baleazaleen eta San Juan ontziaren historia kontatzen diegu bisitariei; bigarrenean, itsasontzia zein materialekin eraikita zegoen eta horien garrantzia zein den; hirugarrenean, euskal baleazaleek sagardoarekin zeukaten harremana; laugarrenean, XVI. mendean balea arrantza nola egiten zuten; eta, azkenekoan, euskal arrantzaleek Ternuako natiboekin zituzten harremanak nolakoak ziren”.
Itsas Antzokia, berriz, arotzek lan egiten duten lekua da, espazio diafano handi bat. “Han zenbait txalupa ditugu, eta bisitariek ikus dezakete pieza horietan nola lan egiten duten Albaolako arotzek, boluntarioek eta mundu osotik praktikak egitera etortzen diren ikasleek”. Antzoki izaerari dagokionez, Novillok azaldu du iaz Donostiaren kultur hiriburutzaren harira ekitaldi ugari egin zituztela han. “Jarduera horiek ez ditugu guk antolatzen; gure jarduera nagusia museoa da. Proposamenen bat iristen zaigunean, aztertu eta baloratu egiten dugu, guretzat, azkenean, lan handia delako iluntzerako areto guztia hustu eta hurrengo goizerako berriz dena bisitariak hartzeko prest izatea. Horregatik, aurten ez dugu osatu kultur agendarik”.
Dena dela, ontziolan bertan ez izanagatik, badute kultur ekitaldi bat buruan: Pasaia Itsas Jaialdia 2018. “Instituzioek antolatu dute, eta guk konpromisoa hartu dugu ahal dugunean laguntzeko. Espero dugu jaialdi arrakastatsua izatea; ikusgarria behintzat izango da badia guztia itsasontzi zaharrez beteta ikustea”.
Babesle izateko aukera
Albaolara joaten diren lau bisitaritatik hiru “bisitari arruntak” izaten dira, euren kabuz joaten direnak. Erdiak pasatxo, Hego Euskal Herrikoak dira, eta gainontzekoak, munduko edozein lekutakoak. Bisita egiteko bi era daudela azaldu du Novillok: “Lehenengoa da sarrera ordaindu eta erakusketaren partea beren kabuz ikustea, eta, gero, arotzen lantokian eta baleontzia dagoen gunean, bisitari guztiei batera ordu erdi inguruko azalpenak ematen dizkiegu; bigarrena da gida kontratatzea”. Azalpenez gain, bisitariei San Juan baleontziaren babesle izateko aukera ere ematen dietela azaldu du. “Irabazi asmorik gabeko elkartea garenez, babesleak lortzea da gure proiektuak finantzatzeko modu bat”. Unescoren babesa ere badu.
Ikastetxeentzat, berriz, hezkuntza eskaintza berezia dute Albaolan, bisitan joaten diren ikasleen ezaugarrietara egokitua.
Aste honetan bertan, gainera, berrikuntza gisa, ontzigintza eskola jarri dute abian. “Hiru urteko ikasketak dira, sei ikasle urteko, eta helburua da transmititzea ontzigintzan daukagun ezagutza guztia”, azaldu du Novillok. Irakasle batekin lanean ariko dira, itsasontziak eraikitzen. “Oso ikastaro praktikoa izango da, erabat esperientzian oinarritutako ikasketa”. Nabigazio eskola martxan jartzea izango da hurrengo erronka.
Leave a Reply