Eider Goenaga Lizaso
Arazoa ez da turismoa bai edo ez. Arazoa harago doa. Nolako turismoa, eta, hori baino gehiago, nolako hiri eredua. Hori da eztabaidaren gakoa. Turismoari buruz gaur eta bihar antolatu dituzten Ez gara turistak gure hirian topaketetan hainbat taldek parte hartuko dute, eta gonbidatuen artetik hirurekin hitz egin du Hitza-k: Bartzelonako ABTS Assemblea de Barris per un Turisme Sostenible-ko Daniel Pardo (Zaragoza, Espainia, 1976), Ernaiko Garazi Castaño (Donostia, 1995) eta Groseko Hondarpe auzo elkarteko Aratz Estonbarekin (Donostia, 1979). Hirurak bat datoz: turismoaren munstroari mugak jarri behar zaizkio dena jan aurretik.
Turismoak Donostian hartu duen pisuaz kezka duen lagun talde batek antolatu ditu topaketak. “Gaia mamitsua izan arren, zenbaitetan gehiegi sinplifikatzen da edo fokua toki okerrean jartzen da: turistak etsai bezala hartzearekin nahasten da kritika, adibidez”, azaldu dute antolatzaileek. Turismoaren ondorioak hondartzak eta kaleak betetzeaz haragokoak direla-eta, donostiarren bizi baldintzetan duen eragina aztertzeko beharra ikusten zuten. Udan I’m not a giri Donostian kontuak sortu zituzten sare sozialetan, eta ehunka jarraitzaile eta oihartzun handia lortu zuten. Orain, pauso bat gehiago eman, eta gaiarekin kezka duten herritarrak eta taldeak elkartu nahi dituzte, aurrera begira jartzeko.
Bartzelonako esperientziari begiratuz hasiko dituzte jardunaldiak. ABTSko Daniel Pardok oso garrantzitsua iritzi dio Donostian turismoarekin kezkatuta dauden herritar eta eragileak elkartzeari. “Duela bi urte osatu genuen guk ABTS. Berrogei bat taldek osatzen dugu, eta horren bidez gure indarrak batu baino gehiago, areagotu egin ditugula esaten dugu”. Pardok dio zaila dela Bartzelonan turismoa arazo izaten hasi zen garaia zehaztea, baina 1992ko Olinpiar Jokoetan jarri du inflexio puntua. “Orduan hasi zen hiriaren izena nazioartean zabaltzen; turistak erakartzeko lehen kanpainak hasi ziren, eta, ordutik, turista kopurua esponentzialki hazi da urtero. Politika guztiak hiriko ekonomiaren espezializazio turistikora bideratu dira”.
1992an, gutxi batzuk agertu ziren turismoaren kontra, baina, 2004an, Kulturen Forumak “erantzun sozial handiagoa” izan zuela dio; besteak beste, “jokaldi espekulatiboa askoz ere agerikoagoa” izan zelako. Auzoetan 2005 inguruan hasi ziren antolatzen, baina bakoitza bere aldetik. “2010ean, pertsona batzuk hasi ginen pentsatzen borroka auzoen eremutik atera behar zela; eta, 2014an, etxe turistikoen afera tarteko, auzo oso bat kalera atera zen Bartzelonetako Uda Beroa deiturikoan”. 2015eko udan sortu zen ABTS. “Bi urteotan, lortu dugu turismoaz hitz egitean erreferente izatea, eta auzia gizarte mugimenduen eta herritarren agendan sartzea”. Uda hasieran argitaratutako inkesta batean, lehen aldiz, turismoa agertu zen herritarren kezka nagusi gisa.
Txanpiñoiak bezala
Turismoaren kontra agertu diren eragileak eta ahotsak, azkenaldian, mendian txanpiñoiak bezala hazi direla dio Aratz Estonbak. “Gero eta gehiago gara ustezko normaltasun horretatik saltzen diguten diskurtsoa auzitan jartzen dugunak. Ona litzateke txanpiñoi horiek saretzea, gauza trinkoago bat osatzea… diskurtso ofizial horri parez pare aurre egiteko. Konplizitateak eraiki behar dira”. Garazi Castañok dio topaketek “elkarrekin hausnartzeko eta elkar ezagutzeko” balioko dutela. “Guretzat garrantzitsua da gogoeta horretatik denok ulertzea hiri eredua dagoela jokoan, eta nik uste dut horretan bat egitea ez dela zaila, adostasun hori badagoelako, agerikoa delako. Gero, ikusiko dugu zein den bidea; bakoitzak bere kezkak ditu, ekiteko modu ezberdinak… Ea gai garen horiek uztartzeko”.
Ernaik gazteen ikuspegitik egiten du irakurketa, eta Castañok argi du zein den arazoa: hiriko politikak, herritarrei begira egin beharrean, “ekonomia neoliberal” bati begira egiten dira. “Gutxi batzuen interes ekonomikoak jarriz, bertan bizi garenon gainetik, pertsonen ongizatearen gainetik”.
Gazteentzat hirian bizitzea ezinezkoa gertatzen ari dela salatu du, eta lau faktore nagusi nabarmendu ditu. Lehena, lan arloan dagoen “prekarizazioa”. “Basatia da. Parte Zaharrean, tabernetan-eta, betidanik izan dira baldintza kaskarrak, baina orain are kaskarragoak dira, eta, gainera, beste eremu batzuetara, beste negozio mota batzuetara zabaltzen ari da”.
Bigarren faktorea etxebizitzaren arazoa da. Aurretik aipatutako lan baldintzekin gazteen egoera jasangaitza dela dio. “Ezin gara emantzipatu, ezta lanaldi osoan lan eginda ere”. Nabarmendu du, Donostian, gurasoen etxea uztea ez dela inoiz erraza izan. “Baina, gaur egun, luxua da, ametsa… edo amesgaiztoa. Gure auzoetatik kanporatuak izaten ari gara, zentrotik periferiara, eta periferiatik inguruko beste herrietara”. Altzakoa da Castaño, eta, haren arabera, Donostiako zentrotik eta auzoetatik jende asko joan da hara bizitzera. “Euskara gehiago ari gara entzuten Altzan, baina prezioak ere igo dira, eta, orain, Altzako asko Pasaiara edo Astigarragara joaten dira bizileku bila”.
Espazio publikoaren merkantilizazioa eta pribatizazioa da Ernaik nabarmentzen duen hirugarren faktorea, eta laugarrena, auzoak nortasuna galtzen eta mugimendu sozialak itzaltzen ari direla. Turismoaren industria “garro ugari dituen munstro baten” moduan irudikatzen du Castañok. Eta horregatik dio ez dela nahikoa turismo ereduaz hitz egitea. “Hiri eredu zehatz bat ezartzeko kanalizatzaile bat da turismoa, eta, Donostian horixe da dagoen tresnarik garrantzitsuena; baina, finean, hiri eredu bat ari dira ezartzen, herritarrak kontuan hartu gabe”.
Gros adibide jarrita azaldu nahi du gaia Estonbak. “Parte Zaharra bai, beti izan da turisten jomuga, baina Grosen nahiko berria da fenomeno hau. Auzotar asko kezkatuta gaude, Parte Zaharrean gertatutakoa gerta daitekeelako Grosen ere: auzoa nortasuna galtzen ari da, lurzoruaren prezioa nabarmen igo da, eta bertako komertzio eta negozioak nazioarteko marka eta kateekin ordezkatu dira”.
Zurriolako pasealekuaren eraikuntzak ireki zuen auzoa turisten jomuga bihurtzeko bidea. “Eta, pixkanaka-pixkanaka, turismoaren industria auzoa jaten ari da, eta hondartzako lerrotik hasi eta barruraka sartzen ari da”. Estonbaren arabera, auzoak, oraindik, eusten dio bere izaerari, baina agerikoa da bi ereduren talka. “Donostiako postal horretan, Gros bihurtu da modernizazioaren irudi, eta hainbat unetan, adibidez pintxo-potean, bi eremu guztiz bereizita daude: batean daude hipsterrak-eta, taberna berriak, terrazak eta nazioarteko kateen negozioak; eta bestean, betiko auzotarrak, betiko tabernak, betiko negozioak…”.
Donostian bilakaera Bartzelonan baino askoz ere azkarragoa dela uste du Pardok, eta hurrengo pausoak iragarri ditu. “Turismoaren presioa Parte Zaharrean eta zentroan dagoela eta konponbidea deskontzentrazioa dela esango dute; baina horrek ez ditu hustuko masifikatuta dauden tokiak, ez, arazoa beste auzoetara zabaldu besterik ez du egingo. Gero, jende guztia udan etortzen denez, desestazionalizazioaren argudioarekin hasiko dira, eta arazoa urte osora zabalduko da”.
Pardoren arabera, argia da diagnosia: turismoak bizilagunak euren auzoetatik kanporatzea dakar; eguneroko kontsumorako komertzioak herritarrei ezertarako balio ez dieten komertzioekin ordezkatu eta prezioak izugarri igotzen dira; lan baldintzak prekarizatzen dira, beste edozein sektoretan baino gehiago; espazio publikoaren masifikazioa; mugikortasun arazoak; itsasontzi, hegazkin eta autobusek eragindako kutsaduraren areagotzea; hondakin plastikoen hazkundea, turismo eredu honen kontsumismoaren ondorioz; ingurumenari erreparatu gabe eraikitzen eta arautzen da… “Argi dugu, hori guztia ez dugu nahi, eta, ondorioz, eskaera bakarra egiten dugu: turismoaren hazkundea geldiarazi behar da, zerbait kontrolatua egin behar da, eta pausoak poliki-poliki eman”.
Turismoaren industriak hartu duen tokia herritarrek berreskuratzea nahi dute hirurek, eta Pardok esaldi bakarrean laburbildu du guztia: “Hiriarekin, hiritarrekin eta ingurune naturalarekin errespetuz jokatuko duen hiri eredu bat behar da”.
Leave a Reply