Leire Narbaiza
Mateixa, ara, seny, por, pau… hitzak ikasi ditugu azken boladan, nahi barik, ia-ia geurezko jakituriak eman balizkigu bezala. Testuinguru konkretuan, gai izan gara deduzitu eta ulertzeko. Katalanez gabiltza ikasten berez, horretara jarri barik. Ez dakit Kataluniak independentzia lortuko duen, baina hizkuntza gutxituari procés horrek eragin dion bultzada ikaragarria da, edozein hizkuntzak nahiko lukeena. Zer esanik ez, hizkuntza minorizatu batek.
Diàleg da ikasi dugun hitz horietako bat. Dialogoa, alegia. Batzuek eta besteek eskatzen dutena. Euskaraz dialogo-ren ordaina, hiztegian begiratuz gero, elkarrizketa da. Dialogo gaitzetsita dago. Bai, badakit Hiztegi Batuan agertu agertzen dela, baina euskara baturako ez da gomendatzen, idatzian erabilera urria izan delako. Ok. Gutxitan idatzi ei dugu; hala eta guztiz ere, esango nuke euskara mehetu eta marguldu egiten duela berba hori arbuiatzeak. Zeren eta dialogatzea eta elkarrizketa ez baitira gauza bera; edo hobeto esanda, dialogoa solasaldi mota konkretu bat da. Nire ustez, elkarrizketa pertsonen arteko edozein hitz-trukaketa izan liteke; esate baterako, igogailuan izan dezakegun eguraldiaz egiten dugun berbaldia. Elkarrizketa da izan, baina inork deituko lioke dialogoa horri? Ez, bada! Horrek, atzera ere, Xabier Amurizaren baieztapena berresten du, euskara idatzian 2.000 hitz falta ditugula, alegia.
Era berean, iruditzen zait gutaz ere asko erakusten duela, bat etortzeko dugun ezintasunaren erakusgarri izan litekeelako. Izan ere, dialogoak —beti nire iritzirako— elkar ulertze minimo bat eskatzen du, adostasuna lortzeko helburua ere baduela esango nuke. Berba hori gurean falta izanak demostra lezake elkarri entzun eta konprenitzeari ematen diogun garrantzi urria.
Diàleg. Parlem irakurri dugu. Manifestazioak ere egin dira dialogoa exijitzeko, ahaztuta Generalitateak Espainiako Gobernuari hamazazpi aldiz eskatu ziola berba egitea erreferendumaren aurretik. Baina, hemen ondotxo dakigunez, adostasuna eta elkar ulertzea Espainiako Erreinuari (Hedoi Etxartek esango lukeen moduan) eskatzea eguerdian ilargi bila ibiltzea bezalakoa da, ez da existitzen. Espainian diskusioa eztabaida da, ingelesez edo frantsesez gertatzen ez den moduan.
Discuter (frantsesez), to discuss (ingelesez) hitzek eztabaidatu esanahia izateaz gain, hitz egitea ere esan nahi dute. Discutir gaztelaniaz, ostera, eztabaidatzea da, ez berba egitea. Konfrontazioa eta gatazka da, oihuka jardutea, Tele5ko Sálvame estiloan. Orroka batean, elkarri entzun barik, ozenen jarduten duena irabazle. Hala imajinatzen dut elkarrizketa, dialogoa, eztabaida…
Baina Espainiako Gobernuak orain arte, dialogoa edota elkarrizketa bidea zabaldu beharrean, bere bertsio armatua besterik ez du erakutsi: errepresioa eta kartzelatzeak. Beharbada, ez daki besterik egiten, euskaldunokin demostratu zuen lez. Katalanekiko duen jarrerak, zoritxarrez, hipotesia berretsi besterik ez digu egiten.
Llibertat hitza ere ikasi dugu, maleruski. Llibertat, askatasuna eskatzeko izan delako, Jordi biak (Sanchez eta Cuixart) etxeratu ditzaten, eta beste inor espetxean sar ez dezaten. Casserolada etengabeak egingo ditugu, behar izanez gero, amorrua atera eta protesta egiteko.
Eta Egunkaria itxi zigutenean Endavant ere ikasi genuenez, Endavant Catalunya aldarrikatuko dugu, dialogo eta negoziazioan sinesten baitugu. Katalunia gara-eta!
Leave a Reply