Asier Zaldua
Gipuzkoa hegoaldean dagoen 1.500 biztanleko herria da Zegama. Aizkorri magalean egonda, hala ere, biztanle kopuru horri dagokiona baino sona handiagoa du herriak. Mendizale asko Zegamatik gora abiatzen da Aizkorrirako bidean; herriko lurretan dago San Adriango pasabidea; Zegamara joaten dira asko perretxiko bila; bertako lurretan dago Beunde, eta beste asko hara joaten dira eguna pasatzera; Zegama-Aizkorri mendi lasterketa ospetsua ere egiten dute herrian… Finean, Aizkorriko hiriburua da Zegama.
Betidanik, Aizkorri izan da herriaren aberastasun iturri nagusia. Egun, gainera, turistak erakartzen ditu mendiak. Gipuzkoako parke naturaletako bat izanik, herrian bertan dago aldundiaren bost parketxeetako bat. “Zegaman daukagu Aizkorri-Aratz parkeko sarreretako bat, eta baita parketxea ere. Munduko zuhaitz askoren xaflak ikus daitezke bertan, eta tailerrak antolatzen ditugu herria ezagutzera emateko”. Hala azaldu du Joseba Izagirre alkateak (Zegama, 1974).
Parketxea garrantzitsua da herria ezagutzera emateko, eta zer esanik ez Zegama-Aizkorri mendi lasterketa. Munduko proba garrantzitsu eta maiteenetako bat da. Korrikalari askok eta askok parte hartu nahi izaten dute sortzen den giroa bertatik bertara ezagutzeko. Alde horretatik, primerako enbaxadorea da Kilian Jornet, egungo mendi lasterkaririk onena. Zortzi aldiz irabazi du proba, eta ahal duen guztietan parte hartzen du. “Herria munduko erakusleihoan jarri du Zegama-Aizkorri lasterketak. Gero eta jende gehiago etortzen da parte hartzera eta ikustera. Zerbitzu ona eskaintzea eta mendiari kalterik ez egitea, horiek dira gure lehen helburuak”.
Bi arrazoi nagusi daude mendi maratoiaren arrakastaren oinarrian: ikusleak eta antolatzaileak. Ikusleei dagokienez, Kataluniatik inguratzen dira asko. Mendi lasterketetan ibili zaleak dira kataluniarrak, eta lotura estua dute Zegamarekin. Sant Sadurni d’Anoia herriarekin senidetuta dago Goierriko herria, eta, hala, Cava Festa antolatzen dute urtero. Hilaren 27 eta 28an izango da aurtengoa, eta herri horretako cavarik onenak probatu ahal izango dira. Bestalde, Zegamak harreman berezia dauka Seu d’Urgell herriarekin. Zegamarrak hango gazta txapelketara joaten dira urtero, eta Kataluniako gaztak saltzen dituzte San Martin eguneko ferian.
Kataluniarrekin harreman estua izanik, egunotan elkartasuna adierazi diete, noski. “Gertutik jarraitzen ari gara han gertatzen ari dena. Udalbatzan elkartasuna adierazi genien aho batez, eta salatu egin genituen urriaren 1eko gertakariak”. Jornet buru, Zegama-Aizkorri ezagun egiten lagundu dute kataluniarrek, baina zegamarrei eurei esker egin du aurrera proba horrek. Ehunka herritarrek parte hartzen dute antolaketan.
Zegama oso herri parte hartzailea dela erakusten duen adibideetako bat da hori. “Bizirik dago herria. Boluntario asko izaten da edozer gauza antolatzeko”, azaldu du alkateak. Hala, ekitaldi asko antolatzen dituzte urtean zehar, Zegama-Aizkorri maratoiarekin eta Cava Festarekin batera: Gipuzkoako Erlezain Eguna, Ehiza Eguna, arku prehistorikoen Europako Txapelketa, mendi duatloia, San Silvestre lasterketa, San Martin feria… Zegaman badago zer egin eta zer ikusi, beraz. Baina… bizitzeko toki ona al da? “Bai, bai. Ondo bizitzeko moduko herria dela uste dut. Bertan jaiotakoak bertan gelditzea da gure helburua, eta baita kanpotarrak erakartzea ere”.
Goierriko gainontzeko herriengandik aparte samar dago Zegama, baina hori ez dela oztopo nabarmendu du alkateak. “Aldeko eta kontrako gauzak dauzka besteengandik aparte egoteak. Zegaman ez dago lan egiteko aukera askorik, baina hamar minutura ditugu Goierriko herri garrantzitsuenak”. Izagirreren ustez, “lantegitik gertu baina lasai” bizitzeko aukera ematen du herriak. “Goierriko gainontzeko herrietatik etorri izan da jendea Zegamara bizitzera. Izan ere, eskualdeko herri handienetan baino zerbitzu gutxiago izan arren, merkeagoak dira etxebizitzak. Zerbait behar dugunetan, hamar minutura daukagu Beasain”.
Udalaren egitasmoak
Herritarren bizi kalitatea hobetzeko lanean ari da udala. “Aldundiari aspaldi eskatu genion Seguratik datorren bidegorria luzatzeko, eta lortu dugu azkenean”. Aldi berean, hoditeria berritzen, zuntz optikoa jartzen eta errepidea zabaltzen ari dira herrian. “Izan ere, oinezkoak, orain arte, errepidetik joaten ziren bidegorrira, eta oso arriskutsua zen hori. Bide hori bera estua eta arriskutsua zen autoentzat ere”.
Udalak hainbat egitasmo ditu esku artean. “Lau herri bide konpondu behar ditugu; fibrozementuzko hoditeria aldatzen ari gara; rokodromo txiki bat egiten ari gara pilotalekuan; urte amaierarako pilotalekua berrituko dugu; ikastolako jolastokiko alboak estali behar ditugu; eta egiten ari diren etxe berrietako lokal batera eramango ditugu gaztelekua eta ludoteka”. Hori guztia eginda, Aizkorriko hiriburua baino gehiago izango da Zegama.
Leave a Reply