Aitor Biain
Astelehena da, arratsaldeko seiak, eta Aretxabaletako Areantza auzoko kanpaiek ez dute ordu seinalerik eman. Urteetan mezulari lanak egin ondoren, isilik, mutu dira egun, beste askoren moduan. Garai batean, mezara deitzeko, sute baten arriskuaz ohartarazteko edota auzotar baten heriotzaren berri emateko erabiltzen ziren, besteak beste. Egun, baina, astean behin soilik entzuten dira kanpai hotsak Areantzan. Ostiralero, behinik behin, arratsaldeko zazpien buelta horretan. Ez dute mezurik igortzen, baina; soinu hutsalak dira. Kanpaiekin praktikak egiten diharduten Juane kanpai-jotzaile eskolako kideak dira, garai bateko ogibide zaharra galtzeari muzin egin diotenak.
Helburu horrekin, hain zuzen, ezkilak jotzeko modu tradizionala gal ez zedin sortu zuten Areantzako kanpai-jotzaile eskola Julen Abasolo eta Gorka Madinabeitia auzotarrek. Biek ala biek dute kanpaien zaletasuna. Madinabeitiaren kasuan, baina, familiatik datorkio, haren arbasoak Areantzako kanpai jotzaile izan baitziren urte askoan. “Niretzat ia nahitaezkoa zen hari horri jarraitzea”, aitortu du.
Ume zelarik igo izan zen kanpandorrera Madinabeitia, eta ikasteko ahaleginak egindakoa ere bada aurretik. “Baina egun batean ikasten nuena hurrengorako ahaztu egiten nuen. Eskola sortzearekin, argi nuen aukera aprobetxatu behar nuela”. Joxejoakinena baserrian belaunaldiz belaunaldi igaro baita kanpai jotzailearen ogibidea, eta Madinabeitiaren osaba Juane omen zen kanpai jotzailerik “onena” auzotarren iritziz. Hari ikasitakoak errepikatzen ari dira ordutik Areantzan: “Haren ondorengoak gara”, azpimarratu du Abasolok.
Egun batez, Juanen jakituria guztia bideoz grabatzea erabaki zuten Abasolok eta Madinabeitiak. Nahikoa ez zela iritzita, eskola sortzea erabaki zuten ondoren. Hala, irudi haiekin ikus-entzunezko bat sortu zuten, beste batzuei irakasten hasi aurretik beraiek ikasi behar izan baitzuten aurrena. “Joaldi guztiak irudietara pasatu genituen lehendabizi, eta karaoke moduko bat eratu genuen ondoren. Kantuan egitea bezala da; letrari jarraitu beharrean, kolpeari jarraitu behar zaio”, azaldu du Abasolok. Material “berritzailea” da, ezkilen munduan ez baita halakorik eskolako kideen esanetan.
Auzoko lagunengana zein inguruko ezagunengana jo zuten orduan, eta hamabi laguneko kuadrilla osatu. Astean behin elkartzen hasi ziren: nor bere ordenagailuaren aurrean erritmoari jarraituz, elkarri irakatsi eta elkar zuzentzen zuten. “Hasierako garai haiek oso politak izan ziren, aurrera egiten ari ginela ikusten genuelako, batez ere”, adierazi du Madinabeitiak. Ez baita gaitasun berezirik behar kanpai jotzen ikasteko. “Edonork” ikas dezake. “Belarri apur bat izatea ongi dago; baina ez da behar dohain berezirik”.
Hamar urte igaro dira ordutik, eta hainbat joaldi eta errepika menderatzen dituzte dagoeneko. “Hamar urte bete ditu aurten Areantzako eskolak, eta oraindik ere astero elkartzen gara”, hasi du azalpena Abasolok. “Dinamikarekin jarraitzen dugu, eta lehendabiziko helburua bete dugula esango nuke: gurekin belaunaldi bat luzatu da, eta ondorengoekin beste bat ere luzatuko delakoan gaude. Ez da gutxi”.
Egun, lauzpabost kide ditu eskolak, baina gutxik jarraitzen dute “aktiboki”. Edonola ere, urteak ez dira alferrik pasatu, eta eremu didaktikoaz gain, arlo sozialean ere “lorpen ugari” dituztela azpimarratu du Abasolok. “Kanpai mundua bere osotasunean hartzen saiatu izan gara hasieratik, eta beste herri batzuetako kanpai jotzaileekin harremana egin dugu”. Ezkilen munduko saretzeak “elkar elikatzen” laguntzen diela aitortu du Madinabeitiak: “Toki askotan egon gara. Hasieran, guk deitzen genuen inguruko auzoetara joateko. Orain, beste herri batzuetako gonbitak jasotzen ditugu”.
Bi kide berri besterik ez
Iaz, besteak beste, Donostiako Tabakaleran izan ziren ezkilak jotzen. Eta Espainiara ere egin izan dituzte hainbat bidaia. “Hasieran uste genuen gu ginela munduko kanpai jotzaile bakarrak, baina konturatu gara ezetz. Mundu zabala dago, eta apurka azaleratzen ari da, gainera”, azpimarratu du Madinabeitiak; finean, hori baita haien egitekoa. “Elkarteko estatutuetan adierazten dugun moduan, kanpai jotzaileen munduko ekintzak sortu eta bultzatzea da gure helburua; mundua ezagutaraztea, azken batean”.
Elkarte gisa eratu baitzen iaz eskola. Maisuaren omenez jarri diote Juane izena. Egin dute bidea urte hauetan, eta ari dira egiten egun ere, nahiz eta aitortu “zaila” dela jarraipena ematea; hamar urteotan bi kide berri soilik izan dituzte. “Baina ez gaitu kezkatzen horrek; gero gerokoak”, azpimarratu du Madinabeitiak. Urkulu urtegiaren soinu banda bilakatu dira, bederen: “Tontakeria dirudi, baina jendeak entzuten gaitu, eta badakite ari garela”. Blog bat ere badute sarean. “Prentsan agertzen gara, ekintzetan parte hartzen dugu… Hor geratuko da egiten dugun guztia”.
Teknologiak aurrera egin duen heinean, kanpaiak zaharkituta geratu direla dirudi. Askorentzat zarata hutsal bilakatu dira, traba egiteraino. Juane kanpai-jotzaile eskolako kideak, baina, ez daude prest mendeetako ohitura ahanzturan uzteko: “Uste dugu oraindik posible dela kanpai hotsekin bizitzea”, azaldu du Madinabeitiak. Kanpai hotsek oihartzun luzea dute, oraindik, Areantzan.
Leave a Reply