Kronologia

Gorabeheraz beteta egon zen Balentziaga museoa eraikitzeko prozesua. 1999an Balentziaga Fundazioa sortu, 2001ean lehen harria jarri, eta 2011n inauguratu zuten. Tartean, irregulartasun ekonomikoengatik, epaitegietara iritsi zen Balentziaga auzia.

1999
Fundazioaren sorrera. 1999ko urriaren 7an sortu zen Balentziaga Fundazioa, Cristobal Balentziagaren jaioterrian museo bat eraikitzea helburu. Aldamar jauregia aukeratu zuten horretarako; XIX. mendeko eraikina da, eta haren jabeek —Belgikako Fabiola erreginaren familia— joskintzan lehen urratsak egiten lagundu zioten Getariako jostunari. Eraikina berritu eta hari atxikita eraikin moderno bat egitea zen asmoa hasieratik. Museoa 2003an zabaltzea eta
6 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi zuten.
Julian Argilagos. Mariano Kamio Getariako alkate ohia (EAJ) zen Balentziaga Fundazioaren lehendakariorde exekutiboa, eta hark Julian Argilagos arkitekto kubatarra kontratatu zuen museoa eraikitzeko.

2000 eta 2004
Jaurlaritza eta Foru Aldundia. Hasieran, Getariako Udala eta Espainiako Kultura Ministerioa ziren Balentziaga Fundazioan presentzia zuten bi erakunde publikoak, baina Eusko Jaurlaritza (2000) eta Gipuzkoako Foru Aldundia (2004) ere proiektuan sartu ziren.

2001
Lehen harria. 2001eko apirilaren 22an jarri zuten, sinbolikoki, Balentziaga museoaren lehen harria.

2003
6 milioitik 15 milioira. Balentziaga Fundazioak argitu zuen proiektuaren obraren aurrekontua 15 milioi eurokoa izango zela eta museoa 2005ean irekiko zutela.
Obrak, geldituta. Getariako Udalak obrak gelditzeko agindu zuen azaroaren 26an. Eraiki beharreko azalera handitzeko aldaketak egin behar izan zituzten arau subsidiarioetan, obrekin jarraitzeko.
Irregulartasunak. Getariako Aralar irregulartasunak salatzen hasi zen urte amaieran. «Kontu irregular ugari izan ditu prozesuak, eta baita legez kanpokoren bat ere», esan zuen Aintzane Ezenarrok.

2005
Argilagosen lana, auzitan. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak, Argilagosen titulazioa zalantzan jartzeaz gain, Paco Rabanne museorako diseinatutako egitasmoa «barregarri izatetik gertu» zegoela salatu zuen. Fundazioak arkitektoa defenditu zuen.
Berroeta Aldamarren sorrera. Berroeta Aldamar SL elkarte mugatua sortu zuten 2005eko apirilaren 14an. Elkarte horrek bere gain hartu zuen obren kudeaketa, eta bere egin zituen ordu arte Balentziaga Fundazioak eginiko kontratu eta adjudikazioak. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Getariako Udala sartu ziren elkartean, eta Balentziaga Fundazioko lehendakariorde exekutiboa (Kamio) izendatu zuten gerente.

2006
Atzerapena, eta diru gehiago. Argilagosen lana «azken txanparen hasieran» zegoela eta museoa 2007an irekiko zutela iragarri zuten Kamiok eta Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiak urriaren 31n. Aurrekontua 17,4 milioi eurora igo zuten.

2007
Salaketa kontrolik ezari buruz. Balentziaga museoko lanetan diru publikoa kudeatzeko eta kontrolatzeko moduan irregulartasunak salatu zituen Aralarrek, Berroeta Aldamar elkartea, berez Balentziaga Fundazioari emandako diru publikoaren kontrolerako sortutakoa, ez zelako bere funtzioa betetzen ari. Besteak beste, salatu zuen fundazioko kudeaketaz arduratzen zen pertsona eta Berroeta Aldamarreko arduraduna pertsona bera zela: Kamio.
Aurrekontuarekin kezka. Aurrekontua 18 milioi eurora igo zela salatu zuen Aralarrek, eta azken kopurua handiagoa izan zitekeela. Berroeta Aldamarrek argudiatu zuen kontuetan izandako igoera «lehengaien garestitzearen eta proiektua hobetzeko egindako aldaketen» ondorio zela.
Kamioren dimisioa. Martxoaren 13an jakin zen Kamiok dimisioa eman zuela bai Balentziaga Fundazioan, bai Berroeta Aldamarren. Berroeta Aldamarrek prentsa agirian azaldu zuenez, museoaren eraikuntzaren azken faseari ekitekotan zeuden, eta «aro berriari bermeekin eta zorroztasunez» ekin nahi zioten. Elkarteak Argilagosen Hemen Art-ekin zuen kontratua eten, eta ordu arte egindakoaren «azterketa ekonomiko zehatza» eskatu zuen.
Auzibidean. Irregulartasun larriak baieztatu, diru publikoaren behar besteko kontrol falta aitortu, eta Jaurlaritzak, foru aldundiak eta Getariako Udalak —Berroeta Aldamarren bidez— Argilagosen Hemen Art enpresa auzitara eramateko asmoa azaldu zuten, abuztuan. Elkarteak agindutako ikuskaritza txostenaren arabera, ia 440.000 euro fakturatu ziren zuritu gabe. Hiru egun geroago, Kamiok irregulartasunak ukatu zituen.
Hamar milioi gehiago. Miren Azkarate Kultura sailburuak agerraldia egin zuen azaroaren 20an legebiltzarrean. Museoaren aurrekontua jada 20 milioi eurotik gorakoa zela, 3,5 milioiko defizita zegoela eta erakunde publikoek 10 milioi euro jarriko zituztela iragarri zuen. Irregulartasunak onartu zituen Azkaratek, eta «ardurak argitzeko» bide judizialera jotzeko aukera aipatu zuen.
Salaketa fiskaltzan. Azaroaren 22an, Berroeta Aldamarrek salaketa jarri zuen Kamioren kontra, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzan, «delitutzat har daitezkeen gorabeherak» zeudelako.

2008
Kultura Ministerioaren blokeoa. Irregulartasunak argitu arte, aurreko urtean agindutako diru laguntza (1,4 milioi) blokeatu egin zuen Espainiako Kultura Ministerioak. Aldi berean, foru aldundia eta Jaurlaritza Balentziaga Fundazioan sartu ziren, Espainiako Gobernuarekin eta Getariako Udalarekin batera. Ordu arte izaera pribatuari eutsi zion fundazioak izaera publikoa hartu zuen.
Ikerketa batzordea. Eusko Legebiltzarrak Balentziaga museoaren auzia ikertzeko batzordea sortzea erabaki zuen, apirilean. Irailean hasi ziren agerraldiak. Urrian, Kamiok irregulartasunak ukatu zituen, baina ez zuen lortu zalantzak argitzerik. Abenduan, ikerketa batzordeak bere txostenean Eusko Jaurlaritzari egotzi zion «erantzukizun politikoa», «arduragabekeriagatik». EAJk txostenaren aurka bozkatu zuen.
Fiskaltzak, kasuarekin aurrera. Azaroan, Balentziaga auziarekin aurrera jotzea erabaki zuen fiskaltzak, delitu zantzuak zeudela iritzita. Kamio, Julian Argilagos eta Rolando Paciel —Hemen Art enpresakoa— inputatu zituen.

2009
Fiskalaren txostena. Urtebeteko ikerketaren ostean, sumarioa sekretupetik atera eta otsailean fiskalaren txostena ezagutu zen. Kamiori kudeaketa desleiala, bidegabeko jabetzea, merkataritza agiriak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi zion; Argilagosi, kudeaketa desleiala eta arlo profesionalean bidegabe sartzea; eta Pacieli arlo profesionalean bidegabe sartzea.

2011
Inaugurazioa. Ekainaren 7an inauguratu zuten Balentziaga museoa.

2014
Zigor eskaerak. Irailean, zortzi urteko kartzela-zigor eskaera egin zuen fiskaltzak Kamiorentzat, eta lau urtekoa Argilagosentzat. Pacielentzat, lau hilabeteko isuna. Horrez gain, lehenengo biek dirua itzultzea eskatzen du: 2,2 milioi euro lehenak, eta 2 milioi euro bigarrenak.

2017
Aurretiazko auzi saioa. Epaiketa aurreko auzi saioa egin zuten Donostiako Zigor Arloko 2. Epaitegian, martxoaren 30ean. Epaiketarako datarik ezin izan zuten zehaztu, Argilagos ez zelako auzitegian agertu. Hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen epaitegiak.
Auzi-ihesean. Epaitegiak auzi-ihesean deklaratu zuen Argilagos, uztailean. Epaiketa hura gabe egiteko atea ireki zuen horrek.