Gorputz lodiak, bazterrean

Gorputz lodiak, bazterrean

Maialen Etxaniz

Neurriek zehazten dute pertsona bat argala den edo ez. Zenbaki batek banatzen du argaltasunaren eta loditasunaren arteko muga. Edo ez? Nork zehaztu ditu pertsona bat argal edo lodi dagoela dioten neurriak? Nork erabaki du zein den lodia eta zein ez? Zein da loditasunaren konnotazioa? Zer da lodifobia? Zer da lodiaktibismoa? Euskal Herrian bada lodifobiaren aurkako eta era askotako gorputzen aldeko kolektibo bat: Ramonak. Lodiaktibistak dira taldea osatzen duten pertsonak, eta horietako bat da Itsaso Ramonak. Han eta hemen ibili izan da gaia gizarteratzen. Joan den astean, esaterako, Azpeitiko Emakumeen Txokoan izan zen lodifobiaz solasean.

Ramonaken arabera, “pertsona lodiek jasaten duten diskriminazioa” da lodifobia. Lodi izate hutsagatik jasaten dute bazterkeria hori, eta lodifobiaren helburuetako bat beldurra sortzea dela uste dute: “Gizartean oso zabalduta dago lodifobia, eta beldurra sortzea du xede. Izan ere, lodia eta emakumea zarenean, gizarteak exijitzen dituen estereotipoak betetzen ez dituzunean, beldurra sortzen dizute barnean, eta ezin zara lasai bizi”. Jendeak nahi duen arropa ezin janztea, ezin lasai dantzatzea, bere burua txaketarik gabe ezin ikustea, kolore argiak baztertzea…”, hori guztia eragiten du lodifobiak.

Beldur horretaz baliatuta, pertsona lodiak “kontrolatu” eta “gaizki sentiarazi” nahi dituztela uste du Ramonakek: “Pertsonen itxurari lotuta dauden estetika zentro eta bestelako denda askok eta askok itxiko lituzkete beren negozioak ohetik jaikitzean geure burua polit ikusiko bagenu, konplexuak baztertuta geure burua maitatuko bagenu”. Horregatik, uste du kontuan hartu behar direla “gizarte kapitalista patriarkalaren atzean ezkutatzen diren interesak”.

Lodi eta gaixorik egotea ez dira gauza bera Ramonakentzat, eta okertzat jo du loditasuna gaixotasuna dela esatea: “Diabetesa gaixotasuna da, objektiboki da gaixotasuna; baina loditasuna, ez. Gorputz baten ezaugarria da loditasuna. Gizarteak ezarritako klixeen ondorioz, uler daiteke pertsona lodiek azukre asko jaten dutela, kirolik ez dutela egiten, eta horrek hainbat gaixotasun ekar ditzakeela”. Baina, lodiaktibistaren hitzetan, loditasuna, bere horretan, ez da gaitz bat, ezaugarri bat baizik. “Bestela, gaixotasuna litzateke lodifobia bera ere”.

Gizartea gero eta “lodifobikoagoa” dela uste du Ramonakek, eta hori hainbat arlotara zabaldu dela dio, hala nola lan mundura, hezkuntzara edota sexu harremanetara: “Diskriminazio asko sufritzen ditugu. Lana bilatzean, adibidez, itxura kontuan hartzen dutela dioten kartelekin topo egin izan dugu. Arropa denda batean, esaterako, ez da normala pertsona lodi bat saltzaile bezala ikustea”. Ramonaken arabera, hezkuntza arloan ere ikus daitezke diskriminazioak. “Azpimarragarria da eskoletan ume lodiek jasaten duten jazarpena ere. Eta maitasun eta sexu harremanetan ere nabaritzen da lodienganako diskriminazioa”.

Plazandreok plataforma politikoak antolatzen duen Feministaldira ere iritsiko da lodifobia. Aurten, hamabigarrenez antolatuko dute kultura feminista erdigunean jarri nahi duen jaialdia, eta antolaketa lanetan dabil, besteak beste, Josebe Iturriotz. Hark azaldu duenez, fobiei buruzko lanketa egingo dute aurten: “Fobia izango da leloa, eta horrekin erakutsi nahi duguna da oraindik badagoela erreakzio kontserbadore bat feminismoaren eta horrek lantzen dituen gaien aurrean”. Gai horien artean daude arrazakeria, transfobia, matxismoa… eta lodifobia. “Fobia formatuan agertzen diren gorrotoak ikusarazi” nahi dituzte, eta “gorputz ez-normatiboek sufritzen dituzten bazterkeriez” arituko dira.

“Gaur egungo gizarteak indarkeriaren modu sofistikatu bat sortu du, non arauetatik ateratzen diren gorputzak gorrotatu eta mespretxatu egiten diren. Hor daude emakumea eta loditasuna”, azaldu du Iturriotzek. Hark dioenez, “muturreko argaltasunean” oinarritzen da gaur egungo emakume ederraren eredua: “Gorputz gaixoa sustatzen du emakume ederren eredu hegemonikoak, eta argaltasunean eta kontrolean oinarritzen da”.

Gonbidatu bereziak

Lodi ez egoteko gizarteak “prozesu korapilatsuak” sustatzen dituela gaineratu du Ramonakek, hala nola “janariaren errazionamendua”, non pisuak eta zenbakiek “garrantzi handia” hartzen duten: “Kontrolak inguratzen gaitu; zer jan dezakegun eta zer ez esaten digute. Azken batean, guztiok gurutzatzen gaitu lodifobiak”. Iturriotzek dioenez, argala ez dagoen pertsona lodi ikusten da egun: “Askotariko gorputzak ikusten baditugu ere, gaur egun, oraindik, lodia da 40 neurriko arropa erabiltzen duena, eta lotsagarria da hori”.

Gaiaz eztabaidatzeko eta hausnartzeko, gonbidatu bereziak elkartuko dituzte abenduan Donostian; besteak beste, Lucrecia Masson, Nagore Iturriotz eta Irene Bailo. Bideoen bitartez nahiz modu teorikoagoan mintzatuko dira, besteak beste, lodifobiaz eta elikadura nahasmenaz.

Diskriminazio oro baztertu behar dutela uste dute bai Ramonakek bai Feministaldiaren antolatzaileek, eta lanean jarraituko dute fobiak desagertu arte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.