Ane Urkola
Euskal Herrian ez da ohiko kirol jarduna Erdi Aroko ezpatarekin egiten den eskrima, baina Europako zenbait herrialdetan araututa dago jada. Kirol horretan aritzen da Jon Ander Galarraga (Altzo, 1983), eta diziplina horri buruzko xehetasunak eman ditu.
Zer da Erdi Aroko eskrima?
Kirol bat da, baina Euskal Herrian, esaterako, ez dago araututa; hortaz, independentea da, nolabait esatearren. Ezpata motari dagokionez ere erabat ezberdina da diziplina hau: Erdi Aroko ezpatak erabiltzen ditugu guk, bi kilo ingurukoak, nahiz eta XV. mendean desagertzen hasi ziren ezpata horiek. Arma areto bat daukagu Donostian, eta bertan ibiltzen naiz ni. Zumarragan ere badago beste areto bat, eta bost dauzkate Bizkaian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dago, ziurrenik, arma areto gehien Europako datuak aintzat hartuta. Hamabost lagun inguru elkartzen gara Donostian, eta guk bi eskuekin erabiltzen ditugu ezpatak. Ezpatez gain, ezkutuarekin, lantzarekin eta zaharragoak diren ezpatekin ibiltzen hasi gara orain. Normalean, kilo eta erdi eta bi kilo arteko ezpatak izaten dira, baina eskuen artean gelditzen da pisuaren zatirik handiena; oso orekatuta dago dena.
Zer egiten duzue arma areto horietan?
Entrenamenduak egiten ditugu. Erdi Aroko eskuliburuetan oinarritzen gara, eta bertako irudiak aztertuta osatzen ditugu mugimenduak. Irudi horien bidez diseinatzen ditugu entrenamenduak. Dena den, ez dugu erabat kopiatzen bertan ikusten duguna; esaterako, ez gara janzten Erdi Aroan bezala. Mugimendu horiek egiten saiatzen gara gu, eta bi ezpaten arteko borroka nolakoa izango litzatekeen kopiatzen saiatzen gara. Dezente urruntzen gara eskuliburu horietatik, praktikotasuna delako gure helburua.
Zer esan nahi du helburua praktikotasuna izateak?
Erdi Aroan ezpatak erabiltzen ikasteko akademiak edukitzen zituzten nobleziaren semeek. Oso jarrera fantastikoak eta politak irakasten zizkieten, baina ez zuten erakusten errealitatea. Esaterako, mugimendu batera iristeko lau irudi agertzen dira eskuliburu horietan, eta mugimendu bakar batekin lor dezakegula ikusi dugu guk. Erreferentzia gisa hartzen ditugu, baina praktikoa zer den eta zer ez ikusten saiatzen gara.
Nola babesten duzue zuen burua?
Erabateko babesa erabiltzen dugu borrokarako: eskrimarako maskara, hockeyko eskularruak, polizien petoak eta ukondoetako zein belaunetako babesak. Oxigenoa sartzea zailtzen du aurpegiko maskarak, eta ez da batere erraza arnastea. Ezagutzen dut borrokan hasi eta oxigeno faltaren ondorioz mareatuta erori izan denik ere.
Nondik datorkizu zaletasuna?
Kirol asko praktikatu izan dugu guk; borroka arteetan ibili izan gara, eta historiazaleak gara. Alde horretatik, historia praktikatzearen parekoa da guretzat. Dena den, ezin da alderatu beste kirolekin. Urte askoan futbolean eta pilotan ibilitakoa naiz, eta ez dago kirol hau bezalakorik. Ezin da azaldu zer sentitzen den ezpatarekin beste bati kolpea ematen diozunean. Sekulako azkartasuna behar du buruak; fisikoki oso ondo prestatuta egon beharra dago, eta oso argi eduki behar dira estrategia kontuak. Xakean jokatzea bezalakoa da, baina kolpeak hartuz. Oso estrategikoa eta aktiboa da kirol hau; mendekotasun handia sortzen du.
Nola lortzen dituzue material horiek guztiak?
Txekiar Errepublikatik ekartzen ditugu normalean, baina, gaur egun, Europan nahiko merkatu zabala dago Erdi Aroko eskrima praktikatzeko. Pixkanaka arautzen hasi dira Europan, eta Olinpiar Jokoetan ere sartu nahi dute.
Noiz amaitzen da borroka? Zein da helburua?
Beste pertsona baten aurka aritzen gara borrokan, eta parekoari burua edo gorputzeko beste zatiren bat ukitzea izaten da helburua. Kolpea ematea da kontua, eta ez ukitzea soilik. Garrantzi handia ematen diogu horri. Geure burua seguru sentitzea da erronka, aurkariaren arma blokeatuta uztea; errealismoa ematen saiatzen gara. Garrantzitsuagoa da aurkariak ni ez jotzea, nik hura jotzea baino. Horregatik, bost minutuan bueltaka ibili ondoren, azken hamar segundoetan erabaki daiteke borroka. Lehia gelditu egiten da norbaitek kolpea emandakoan.
Euskal Herrian noiz hasi zen indartzen kirol hau?
Bizkaiko Antzinako Eskrima Elkartea sortu zuten duela hamar urte inguru, eta hori izan zen gure lehen adreilua. Gipuzkoan ere duela hamar urte sortu zen aurreneko elkartea, Bizkaikoarekin batera, baina gelditu egin zen gero. Duela sei urte sortu zen gure taldea, eta horri esker ekin genion bideari.
Zer-nolako harremana duzue beste taldeekin?
Euskal Herriko eta Espainiako taldeekin daukagu harremanik estuena. Nafarroara eta Bizkaira sarritan joaten gara, eta baita Burgosera ere [Espainia]. Areto bakoitzak bere jokatzeko moduak izaten ditu, eta mugimendu ezberdinak praktikatzen ditugu leku bakoitzean, tokian tokiko elkarteen ikuspegiak kontuan hartuta. Barne txapelketa batzuk ere egiten ditugu, baina ez dauka lehia kutsu handirik. Elkar ezagutzea eta komunitatea sortzea da helburua.
Leave a Reply