Eider Goenaga Lizaso
Orain 25 urte Donostian lehen mintzapraktika bikote eta taldeak osatu zituztenetik, bide luzea egin du Mintzalagun egitasmoak. Iaz, Euskal Herrian, 6.000 bidelagun eta bidelari inguru izan ziren, astero-astero, gutxienez ordubetez, euskaraz. Gipuzkoan, iaz, 26 herritan, behintzat, bazegoen martxan Mintzalagun proiektua, eta 2017-2018ko ikasturterako beste bi herritan hasi dira: Zestoan eta Anoetan. Datorren astean, azaroaren 10ean egingo dute egitasmoa aurkezteko ekitaldia, Zestoako plazan. Anoetan, herri txikia izan arren, jada hamalau lagunek eman dute izena, eta hasiak dira lehen pausoak ematen.
Mintzalaguneko bikotea bidelagun batek —euskaraz erraztasunez egiten duen pertsona bat, baina inolako titulaziorik behar ez duena— eta bidelari batek —elkarrizketa bermatzeko gutxieneko euskara maila duena— osatzen dute. “Baina gu saiatzen gara hirukoteak izan daitezen, gutxienez, eta, normalki, bostekoak dira talde handienak”, azaldu du Noelia Lataburu Andoaingo AEK-ko irakasle eta Anoetako Mintzalagun taldearen dinamizatzaileak. Dinamizatzaileek osatzen dituzte taldeak, adina, zaletasunak eta egutegi zein ordutegi beharrak kontuan hartuta.
Astean ordubetez elkartzeko konpromisoa dute, eta ordu horretan, noski, euskaraz aritzekoa. “Talde bakoitzak bere kasa funtzionatzen du, eta, hitzordua aldatu edo jarduera zehatz bat egin nahi badute, beraiek erabakitzen dute. Guk, dinamizatzaileok, hilean behin-edo jarraipena egiten diegu, zer moduz dabiltzan galdetu…”, argitu du Ainara Loiarte Andoaingo Mintzalagun taldearen dinamizatzaile eta Mintzanet sareko mintzapraktika zerbitzuaren koordinatzaileak.
AEK, udalak eta Topagunea
AEK-k kudeatzen ditu Andoaingo eta Anoetako Mintzalagun taldeak, eta baita Zestoakoa ere. Baina denak ez ditu hark kudeatzen. Mintzalagun egitasmoak hiru hanka dituela azaldu du Edorta Lopezek, AEK-ko Praktikatu zerbitzuko arduradunak. “Mintzalaguna ezin da ulertu elkarlanik gabe: Topagunea [euskara elkarteen federazioa], tokiko administrazioak eta euskaltegiak, denok batera gaude. Andoainen ez dago euskara elkarterik, eta AEK-k kudeatzen du; baina hirurak dauden tokian, AEK-k kudea dezake, edo euskara elkarteak edo udalak. Beti saiatzen gara hiru agente horiek batera aritu daitezen”.
Mintzalagun taldeetan elkarlana da ardatza. Batek beharra edo gogoa du euskara praktikatzeko, eta beste bat prest dago bere denboraren zati txiki bat horretara bideratzeko. “Euskaldun zaharraren figura nabarmenduko nuke nik. Beti euskaldun berriari eskatzen zaio ahalegina, eman dezala izena euskaltegian, euskara ikasi behar duela… Baina guk, euskaraz betidanik dakigunok, badugu zeregina, eta asko daukagu eskaintzeko”.
Irailean eta urtarrilean egiten dituzte Mintzalagun egitasmoa sustatzeko kanpainak, eta urrian hasi ohi dira martxan. Lopezen arabera, bidelagun faltarik ez dute izaten; “bidelariak badaude, beti bilatzen diegu bidelaguna”, diote bi dinamizatzaileek ere. Baina edozein unetan eman daiteke izena mintzapraktikan hasteko. “Mintzapraktika egin nahi duenari ez diogu inoiz atea ixten; eman dezala izena, eta guk jarriko dugu bidea bidelari horrek bidelaguna izan dezan”. Bidelari izan nahi duenak nahikoa du euskaltegira, euskara elkartera edo udalera joatea izena emateko; eta bere herrian mintzapraktikarako aukerarik ez duenari ere ez zaio mugarik jartzen. “Norbere herrian mintzalagun egitasmoa ez izatea ere ez da oztopo, aldameneko herrian eman dezake izena”, argitu du Loiartek. Helburua argia da: ez dadila inor gelditu talderik gabe, eta lagundu nahi duenak ere aukera izan dezala beti. Alde horretatik, Lataburuk azaldu du Anoetan bi pertsonak eman dutela izena bidelagun izateko, eta bidelari gabe dituela biak. “Beraz, gogo onez hartuko genituzke bai Anoetako bidelariak, baina baita aldameneko herrietakoak ere”.
Ez da ikasle izan behar
Bidelariaren profila, ezaugarriak eta helburuak askotarikoak direla esan du Lopezek. “Mintzalagunen izena ematen duten %25-30 soilik dira une horretan euskara ikasten ari direnak. Askotan, Mintzalagun hitza aipatuta, euskara ikasleekin lotzen da, eta mito hori gainditu nahi dugu guk”. Mota askotako bidelariak aipatu ditu: euskaltegia aspaldi utzi zutenak, euskara galdu dutenak, euskaraz inorekin egiteko aukerarik ez dutenak, euskara ikastetxean ikasi zutenak… Eta helburuak ere pluralak dira. “Batzuek euskara hobetu nahi dute; baina beste batzuk harreman sare berriak bilatzen dituzte, euskal giroan murgiltzea, hizkuntza ohiturak aldatzea…”.
Ildo horretan, asteroko ordubete horretatik antolatzen dituzten jarduerak aipatu dituzte Lataburuk eta Loiartek. “Joan den astean, bertso afaria antolatu genuen mintzalagunen eta bertso eskolaren artean”, azaldu du Loiartek. “Eta Gurasolagun egitasmoan ere antolatzen ditugu jarduerak, umeek eta gurasoek batera egiteko. Joan den ostiralean, hamar familia elkartu ziren sukaldaritza tailerrean”. Biek garrantzitsutzat jo dute, astero biltzen den talde txiki horretatik aparte, jendea talde handiago baten, egitasmo zabalago baten kide sentitzea. Urtean bospasei jarduera antolatzen saiatzen dira, kulturarekin, kirolarekin, gastronomiarekin, eta, oro har, aisiarekin lotuta.
Mintzalagun egitasmoaren aldaerak eta taldean egiteko jarduerek duten garrantzia nabarmendu du Lopezek. “Gure erronka da bestelako praktika jarduerak bultzatzea, aisialdiari lotuta, natura eta mendiari lotuta, kirolarekin lotuta: mendilagunak, gazte kuadrillak eta zaletasunaren ingurukoak, asko dira sukaldaritzaren edo kirolaren inguruan elkartzen direnak; kantu lagunak ere badira, eta irakurle klubak, Urola Kostan hitanoa lantzeko taldea sortu da… Eta ez nuke aipatu gabe utzi nahi Mintzanet, on line egiten diren mintzapraktikak”.
Mintzalagunen izena ematen duenari zaletasunen eta antolatuko lituzkeen jardueren inguruko galdeketa bat egiten diotela azaldu du Lopezek. “Horrela, jarduera baten inguruan gutxieneko kopuru bat biltzen bada, saiatzen gara ekintzaren bat egiten edo taldea osatzen”. Herri mailan egiten dituzte gehienak, baina ahaleginean ari dira eskualde ezberdinetakoak jarduera berean elkartzeko ere. “Adibidez, 2018ko lanketan atera da Lezen espeleologia irteera bat egiteko aukera. Hori eskain diezaiekegu Sakanako eta Lautadako mintzalagunei bakarrik, baina egin daiteke deialdi zabalago bat, autobusak antolatu eta egun pasa eder bat egin”.
Zaletasunen inguruko talde horien eragiteko gaitasuna azpimarratu du Lopezek. “Mendian korrika egiteko talde bat sortu zuen dinamizatzaile bat etorri zen lehengoan, baina horiek jada autonomoak dira, eta aurten lehiaketa bat antolatu dute, eta dena euskara hutsean egin dute. Mintzataldeen jomuga ideala litzateke hori”. Talde horiek tokian erreferentzia bihurtzen direla, euskaraz aritzen ez zen jendea elkartu eta euskaraz funtzionatzen hasten direla, eta euskararen presentzian eta erabileran eragiten dutela, horiek dira abantailetako batzuk. “Eta, gainera, guretzat ere erreferentzia bihurtzen dira, aurrera begira laguntza eskatzera edo zerbait antolatzera joaten garenean”.
Euskara hobetzeko eta praktikatzeko sortutako talde horietan, euskara maila hobetzeak lehen mailako helburu izateari uzten dio. “Hori ere egiten dute, baina jada ez dute kontzienteki egiten; elkartzen dira, eta, denak euskaldunak direnez, hobeto edo okerrago egin, naturaltasunez egiten dute euskaraz”. Mintzalagun talde txikietan hori lortzea zailagoa dela uste du Lopezek, eta horregatik dute helburu pixkanaka zaletasunen inguruan elkartzen diren taldeak sortzea. “Guretzat inportanteena da praktikatzea eta euskaraz bizitzea. Gaur praktikatzen dute bihar euskaraz bizitzeko, eta bide horretan zubi lana egiten dugu guk. Eskutik helduta hasieran, baina gero askatzeko xedez”.
Leave a Reply