Danel Agirre
Bazter honetan idatzi nuen zazpigarren zutaberako, ideiak guztiz agorturik nituen. 2011n izan zen hori, egin kontu ordutik zenbat lasto irentsarazi dizudan. Zortzigarren testuan, gogoan dut, bueltaka zebilkidan izenburu kaskar batetik abiatu nintzen: Twitter Cinzano. Ondoren zetozen hiru mila karaktererekin zer gertatuko zen ez nekien, eta igarri zen. Betelan lotsagarrietan espezialista nauzu, baina testua berriz irakurri, eta asaldatu egin naiz: 2011ko ni axolagabe galanta zen. Garai hartako euskal txiolariak epel eta aspergarritzat jo, eta espainiarrak bezain harroputz eta iraingarri aritu zitezen xaxatu zituen. Damu naiz orain probokazio hura argitaratu izanaz. Ez da nire eraginagatik izan, baina gurariekin kontuz ibili beharra dago, betetzen amaitzen dutelako. Sei urteren bueltan, beste Twitterrak adina fanatizatu da euskal Twitterra. Arrotza eta ezatsegina zait niri.
Iñaki Segurolak hirurehun orrialde erabili zituen behin bizitzan arrazoia edukitzea baino okerragorik ez dagoela argudiatzeko. Oihaneko animalia basatia bezalakoa delako arrazoia: dotorea eta miresgarria saltaka libre dabilenean, zerraldo disekatua baino ez tiroka ehizatu eta trofeo moduan erakusten dugunean. Hirurehun orrialde ez, hogei hitzeko txioa nahikoa izaten dute, ordea, eskopetari askok baieztapen kategorikoak egin, bidenabar aurkari pare bat iraindu, eta paketetxoari zirto ironikoaren zelofana ipintzeko. Avecremegia, gauza onerako.
Twitterren sortzailea, Evan Williams, bilakatu da Twitterren kritikorik zorrotzena. Birtxioen adikzioak, kritikoak blokeatzeko ahalmenak eta formatuak eragindako espazio faltak mezuen sinplifikazioa eta erradikalizatzea sustatzen duenaz bizkor jabetu zen, eta enpresa laga. Erabiltzaileak ez atsekabetzen saiatzen dira sare sozialak, orduak eta orduak eman ditzaten bertan. Horretarako, antzeko usteak eta interesak dituztenen mezuak erakusten zaizkie. Oihartzun ganbera delakoak eragiten dituzte algoritmoek, pentsamolde berbera dutenek berrelikatutako ghettoak.
Donald Trump AEBetako bozetan gailendu bazen, Williamsen aburuz, Twitterri esker izan zen. Tontotutako publikoari eslogan labur eta sinpleak eman, eta tontotutako publikoa bera izan zen haiek defendatzearen lan zikina egin ziona. Alemanian, AFDko eskuin muturraren oldarraldi bizkorra ezin da esplikatu alderdiaren sare sozialen erabilera sinplista eta efikaza aipatu gabe. Debate publiko sosegaturako espazioak —sekula existitu badira— desagertzen ari dira mundu osoan. Politikariek txioka hitz egiten digute aspaldi, herritarren pentsamendu propioa eraikitzeko ahalmena pikutara doa. Sozialak agian, baina batere pluralak ez diren sare sozialetako gure oihartzun ganbera gotortuetan daude eskuragarri behar ditugun arrazoi guztiak. Baina nork nahi du Twitterren konkistatutako inperio bat.
Gremioa ere plisti-plasta dabil lokatzetan. Auzo-lotsak ito ohi nau euskal kazetariren batek, txalo erraz bila, eguneko fatxa espainiarraren ateraldia birtxiotzen duen bakoitzean. Eta halako ezinegon bat ere sentitzen dut, onespen berehalakoa eta etengabea bilatzen duen horrek berriemaile kaskarra behar duen susmoagatik. Zutabe hau kirtenkeriatzat baduzu, itxaron sei urte. Oso bestelako Twitter Cinzano Revolutions bat idatziko dut orduan, eta zentzuzkoagoa irudituko zaizu akaso.
Leave a Reply