Unai Zubeldia
Bake prozesuan falta den urrats garrantzitsuenetakoa egin nahi dugu guk: preso dauden herritarrak euren etxetik ahalik eta gertuen egotea”. Dispertsioff ekinaldiko arduradunetako bat da Beñat Karrera (Orio, 1980), eta bi eguneko jaialdiarekin bozgorailu lana egin nahi dutela aitortu du. “2017an gauden arren, jende asko, oraindik ere, ez da jabetzen inguruko hainbat errealitatez, eta egoera hori amaitzeko eskatu nahi dugu ekimen honen bidez”.
Gaur-gaurkoz, Orioko bi herritar daude preso: Gregorio Eskudero Curtisen, Galizian, eta Patxi Uranga Alacanten, Herrialde Katalanetan. “Urtarrilaren 19an, gainera, korapilatu egin zen egoera, Xua jaio zelako, Patxi Uranga eta Olatz Lasagabasterren alaba”. Valentziako Picassent espetxean preso dago Lasagabaster, Xuarekin —usurbildarra da Lasagabaster—. “Sakabanaketak kalte ugari sortzen dio umeari berari eta umearen familiari”, hasi du azalpena Karrerak. “Astero espetxetik atera behar izaten dute Xua, pixkanaka-pixkanaka kalea zer den ezagutzeko eta gizarteratzen hasteko. Baina lan hori askoz errazagoa litzateke haren eskubideak beteta Xua etxetik gertu egongo balitz”.
Festa giroan, baina herriko bi presoen egoera salatzea da Dispertsioff egitasmoaren helburua. Hirugarren urtez antolatu dute jaialdia. “Eta erantzun polita izan zuten lehen bi ekitaldiek”. Kontzertuak antolatu zituzten lehen urtean; kontzertuez gain, bazkaria ere bai iaz; eta egitarau zabalagoa daukate prest aurten. Rita Naveiraren Motxilaren umea dokumentala emango dute gaur, 19:00etan, Galtzarri gunean, eta mahai ingurua egingo dute gero. Bihar goizean, berriz, Xuarentzat irri, kantu, dantza eta marrazki jaialdia egingo dute plazan, Porrotx pailazoak lagunduta.
Kalejira egingo dute ondoren, eta gaztetxean bazkaria antolatu dute 14:00etarako —haragijaleentzat, beganoentzat eta haurrentzat aukeran egongo dira—. Apalatxe taldearen kontzertu akustikoa izango dute arratsaldean, 18:30ean, Kolon Txiki tabernan; eta gaztetxeko kontzertuen txanda iritsiko da iluntzean, 22:30ean. Bertaratzen diren guztiek Giranice, Sofa, Bar Remigio eta Itziarren Semeak taldeen emanaldiekin gozatu ahal izango dute lehenengo, eta DJ Peitxer eta DJ Goiorekin ondoren —zortzi euro ordaindu beharko dira kontzertuak entzuteko—.
Parisko ekitaldia gogoan
Presoen sakabanaketaren aurka sortu diren mugimendu guztiekin bat egin dute Dispertsioff ekinaldiko antolatzaileek. “Porrotxen ekitaldia, esaterako, Sarek babestuko du, umeen eskubideen aldeko karta bat lantzen ari delako”. Horrez gain, gaur eta bihar presente eduki nahi dute abenduaren 9an Parisen euskal presoen alde egitekoa duten ekitaldia. “Osotasunean landu nahi dugu gaia, sakabanaketaren salaketa oinarri hartuta”. Antolatzaileek argi utzi dute eurek ez dutela osatzen alderdi politikorik. “Egoera hau salatzeko elkartu garen lagun talde bat besterik ez gara; argi utzi nahi dugu hori”.
ETAren armagabetze prozesuarekin euskal presoen egoera ez dela hobetu salatu du Karrerak. “Eta espetxean dauden haurren egoera da horren isla”. Alde horretatik, “jarrera aldatzeko eta egoera berrira egokitzeko” eskatu nahi diete erakundeei eta alderdi politikoei. “Eskubideak errespetatzeko eskatzen dugu, besterik ez. Ez gara ari eskatzen preso guztiak askatzeko, preso dauden herritarren sakabanaketari irtenbidea emateko baizik”. Orain bi urteko ekitaldia lehenengoa eta azkena izango zen itxaropena zuten antolatzaileek. “Baina, tamalez, ez zen hala izan. Urtebete barru laugarrenik ez antolatu behar izatea espero dugu”.
Leave a Reply