Unai Zubeldia
Askotan ez da erraza izaten norberak barruan daukan arte eskaintza hori azaleratzea, eta are nekezagoa izaten da espresio modu horri plaza duin bat eskaintzea. Artista gazte asko gelditzen dira bidean euren lanak erakutsi ezinik, eta, hain zuzen ere, orain bi urte ate hori irekitzeko helburuarekin jaio zen Kontenporanea arte garaikidearen topaketa, Irunen. Udaleko kultura saila da antolatzailea, eta Bitamine Faktoria dinamizatzailea.
“Artearen, sorkuntza kolektiboaren, partaidetzaren, hiriko artearen eta beste hainbat diziplinaren inguruan gazteentzako topaketa izateko berariaz sortutako proiektua da Kontenporanea”. Juncal Eizagirre Irungo Udaleko Kultura ordezkariak hitz horiekin deskribatu du topaketa. “Hasiera-hasieratik, gazteek eurek aukeratzen dituzte edukiak, eta eurek ematen diete forma lanei; hori da proiektu honen bereizgarririk garrantzitsuena”. 2015ean ekin zioten aurrekontu parte hartzailearen bideari, eta horren barnean antolatu dute aurten, bigarrenez, Irungo arte topaketa.
Aitor Bengoetxeak, Tracy Portillak eta Itziar Elosegik osatutako Kontenporaneako gazte batzordeak hala hautatuta, zazpi artista gaztek erakutsiko dituzte euren lanak asteburu honetan, Carlos Blanco Aginaga CBA udal liburutegian: Iraitz Arabolaza irundarrak (eskultura), Jara Navarras Napal iruindarrak (argazkilaritza), Juncal Alfonso Aguilar irundarrak (margolaritza), Miriam Loidi Zulet irundarrak (eskultura), Onintza Etxebeste oiartzuarrak (ikus-entzunezkoak eta argazkilaritza) eta Pau Figueres donostiarrak (esku hartze urbanoa).
Antolatzaileen arabera, duela bi urte 2.000 lagun baino gehiago bertaratu ziren artisten lanak ezagutzera, eta “oso arrakastatsuak” izan ziren orduan egin zituzten erakusketak, aurkezpenak, kontzertuak eta tailerrak. Kontenporanea ez delako arte erakusketa soila, bizi-bizirik dagoen topaketa baizik. Horren erakusgarri, hitzaldiak, proiekzioak, eztabaidak, kontzertu txikiak, performanceak, instalazioak eta musika, dantza eta antzerki emanaldiak eskainiko dituzte aurten ere. Gazteenei espresiorako atea irekita, orain bi urte emandako lehen pauso hura sendotuz joatea da egitasmoaren erronka.
Artisten egonaldiak
Bihar, 10:30ean irekiko dituzte CBA udal liburutegiko ateak. “Eta herritar guztiei gonbita egin nahi diegu zazpi artista horien lanak ikustera etor daitezen. Liburutegiaz gain, bi egunez arte garaikidearen areto handi bat izango da gune hau”, gaineratu du Eizagirrek. Bihar, 10:30etik 22:00ak arte egongo da irekita liburutegia, eta, etzi, 12:00etatik 21:00ak arte. Ez da sarrerarik ordaindu beharko lanak bertatik bertara ikusi ahal izateko.
CBA udal liburutegia arte erakusleiho erraldoi bihurtuko da bi egunez, baina muga horiek gaindituko ditu Kontenporanea topaketaren oihartzunak. Izan ere, Europako Ibilbide Bereziak egitasmoaren barruan, hurrengo ostegunean artisten egonaldien programari ere ekingo diote Irunen. Oiasso museoan egingo dute lehenengo topaketa hori, eta Miriam Isasi gasteiztarra izango da egonaldiaren arduraduna. Abenduaren 22ra arte ikusgai izango da Monumento (in)material lana. 1936ko gerran Irunen bertan eta hiriaren inguruan topatutako balakaden arrastoak islatu ditu Isasik lan horretan.
Gai horrekin lotura daukaten hainbat tailer egingo dituzte abenduaren 22ra bitartean, eta, hala nahi dutenentzat, irteera bat ere antolatuta daukate. Abenduaren 2an, 11:00etan abiatuko dira Oiasso museotik, eta Isasik berak egingo ditu gidari lanak. Irun inguruan ibiliko dira, eta, besteak beste, bere lana osatzeko erabili duen metodologia azalduko du artistak —ibilaldirako arropa erosoa eramateko aholkua eman dute antolatzaileek—. Hurrengo egunean, berriz, 11:00etan hasiko da tailerra, Oiasso museoan. Museoan bertan eman behar da izena ibilaldian eta tailerrean parte hartu ahal izateko. Hamar laguneko taldeak osatuko dituzte gehienez.
Leave a Reply