Danel Agirre
Bada euskara hutsean ari den artista bat, bere perfumea merkaturatzera doala iragarri berri duena. Ez da edonor. Egin kontu: bost urte daramatza Gernikako urriko azken asteleheneko azokan saritutako gazta erdietako bat enkantean erosten. Ez diogu errenta aitorpenik egingo hemen gure protagonistari, baina ederki dakizu zuk ere zer-nolako patrika behar den bost urtez jarraian Gernikako urriko azken asteleheneko azokan saritutako gazta erdietako bat enkantean erosteko.
Ahaztu Fermin, ahaztu Ken Zazpi, ahaztu Saldias, Esne Beltza, Gatibu edo Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Kalkulagailua eskuan —Excela gorroto dut, Office eta bere suzedaneoak Luziferren asmakizunak dira—, berea da publiko gehien mugitzen duen euskal show-a. 150 plazatik gora egiten ditu urtero, eta mukuru betetzen ditu denak. Artista hori asteburu batez zure herrira ekarri nahi baduzu, errazagoa suertatuko zaizu A Taldea kontratatzea. Urriko eguen arratsalde batekin edo otsaileko martitzen goiz batekin konformatu beharko duzu, jaiegunak urteetarako erreserbatuta eduki ohi dituelako.
Topikorik errotuenak irrigarri uzten ari da. Bere bi kamioitzarrak aparkatzen dizkie mutur parean euskarak dirurik ematen ez duela dioten guztiei. Girotzaile harrigarri horren emanaldiren batera bazoaz, ez duzu sekula berriz esango gurean jendea dantzan ipintzea kosta egiten denik. Haurrek diotena debozio fanatikoa da, zaletasun hutsa baino gehiago, eta bigarren abestirako dena emanda edukitzen ditu guztiak. Gurasoek batak besteari begira igaro ohi dituzte minutu batzuk. Eta seme-alabak lotsagorritu ondoren, ezinbestean pistaren erdia inbaditzen dute azkenean.
Erabat imajinaezina zaidan arrazoiren bat dela medio, ia ezezaguna da Gipuzkoan. Pollos Oikinako meridianoraino iristen da bere inperioa, hor nonbait. Ekialderago bizi bazara, bere izenik entzun ere ez zenuen egingo akaso. Ni ez nintzen salbuespena. Olagarrok azaldu behar izan zidan, Galdakaon bizi izan zenean, fenomeno horrek Bizkaian duen tamaina harrigarria. Hiru euskaltzale entzutetsu samar kontsultatu ditut hau idaztera eseri baino lehen, berripaper honetako kazetari bat tartean. Bakarrak zekien nortaz ari nintzen, eta garai bateko telebistako bere agerraldiak baino ez zituen gogoan. Euskal Herrian jende gehien mobilizatzen duen emanaldia berea denaz, ezta arrastorik ere.
Komunikabideek ez ikusiarena egin ohi dute berekin. Hizkuntza ahulenen dagoen bazterretan milaka lagun euskaraz entretenitzen dituenak ez du elkarrizketa bat merezi, agidanez. Inongo beka, diru-laguntza eta saririk gabe negozio bikaina altxatu duenak ez du antza ezer interesgarririk kontatzeko, beste eragile guztiontzat galera eta estutasuna baino ez den sektorean. Eskerrak Xaiborri mespretxu horrek guztiak piperrik axolako ez dion. Arreta, zurikeria eta koipea plazarik betetzen ez dakitenek sumatzen dituzte faltan. A, eta ahaztu gabe. Gernikako gazta erdien enkantearen dirutza herriko zahar-etxearentzat izaten da.
Leave a Reply