Itzea Urkizu Arsuaga
Ez da gauza bera artelan izatera jolastea edo aldi berean jostailu eta artelan izatea. Halakoxeak dira art toy-ak: jostailuak baina artelanak; edo artelanak, baina, aldi berean, jostailuak. Sortzez, berez, ez dira jolas egiteko objektuak, baizik bildumak egitekoak edo txukun pilatzekoak. Artistek, ordea, kontsumitzailearen esku uzten dute erabileraren askatasun hori. Herritar askorentzat, oraindik ere, berritzaile suertatzen dira arte garaikidearen munduan aski ezagunak izan litezkeen piezak. Hala, egunotan Tolosan eta Donostian lau erakusleiho zabalik dira art toy-en unibertsoa ezagutzeko.
Topic zentroarekin eta Aranburu jauregiarekin batera, GKo Gallery eta Tabakalera dira proiektuaren lau zutabeak, eta Art Toy Gama kolektiboaren ardura izan da espazio bakoitza diseinatzea eta piezak koordinatzea. Topic zentroko erakusketara bertaratzen den bisitariari epika, elegantzia eta esklusibitatea sartuko zaizkio begietatik. Aretoaren ilunak are fetitxeago bilakatuko ditu art toy-ak eta, argien jokoarekin, joera artistiko horren aniztasunaz jabetzeko gune ezin egokiagoa da txotxongiloen nazioarteko zentroko aretoa.
More than Dis(Play) izenburuarekin, datorren martxora bitarte ikusgai izango da Topic zentroko erakusketa; mundu osoko ehun jostailu baino gehiago bildu dituzte bertan. Fran Picazok egin ditu komisario lanak, eta hamazazpi herrialdetako 59 artistaren art toy-ak bildu dituzte erakusketan, norbere azalpenarekin eta izenburuarekin.
Topic zentroak bereizi egin ditu jostailuak eta artelanak; haurren alor fisiko eta psikologikoa garatzeko entretenimendurako tresnatzat daukate bata, eta “artistaren sorkuntza maila gorentzat” bestea. Bide horretan, bisitariei erronka bat proposatu nahi izan diete More than Dis(play)-rekin: testuingurutik kanpo dauden piezak begiratzea; zerbaiten itxura izan bai baina zerbait hori ez diren piezak aztertzea.
Tolosako txotxongiloen nazioarteko zentroak 2015ean jarri zuen art toy-en erakusketaren iturburua; Jolasa eta txotxongiloak erakusketa prestatu zuten orduan, jostailuen eta txotxongiloen arteko harremana islatzeko. Handik urtebetera, berriz, objektuen presentzia hartu zuen oinarri Joan Baixasen Eroen ontzia erakusketak, eta areto isil bat bete zuten.
Topic zentroarentzat, ondorioz, “txotxongiloen munduaz haragoko bidaian jarraitzea” izan da art toy-ei tartea egitea, beren testuingurutik kanpo funtzionatzen duten piezak badirela erakusteko: “Ikusle helduen erreakzio kritikoa eragin nahi dugu magia joko bat proposatuz”.
Topic zentroko aretoa iluntasunak atontzen duen modu berean, Aranburu jauregiko Toy Con erakusketan koloreak arautzen du art toy-en unibertsoa. Cristina A. del Chicca eta Sergio Pampliega Campo komisarioen eskutik, gelaz gela bidaiatzeko proposamena jasoko du bisitariak, eta koloreak izango dira bidaiaren iparrorratz. Jostailuzko artelanak dekorazioarekin uztartuta, jostailu itxurako obrak ikusteko testuinguru jakin bat sortzen du Aranburu jauregiko gela bakoitzak. Erdiko aretoa da, ordea, ikusgarriena eta handiena. Komiki batean sartzearen parekoa da pausoa eman eta atea gurutzatzea, momentu horretan Judas Arrieta artistaren lanek xurgatzen baitute bisitariaren adimena.
Hormetako ilustrazio, koadro eta hainbat art toy-k bat egiten dute bertan, eta, zalantzarako aukerarik eman gabe, Ekialdeko arte adierazpenetarako bidaia proposatzen die Arrietak bisitariei. Hilaren 9ra arte zabalik egongo da Aranburuko jauregiko erakusketa.
‘Merchandising’-a?
Hastapenetan, marrazki bizidunen erreplikak ziren art toy-ak. 1990eko urteetan entzutetsu bihurtzen hasi zen zenbait artista txinatarrek hartutako bidea, eta gero eta sortzaile gehiago batu zitzaizkien, jostailu itxurako lanak ekoizteko helburuarekin. Kasurik gehienetan, kritika sozialerako baliatu zituzten pieza haiek, eta artelanen kategoria eskuratu dute denborarekin, bildumagileen gozamenerako. Hain justu, art toy-ek horregatik dute esklusibitate kutsua, eta garestiak izan ohi dira.
Azken urteotan, zenbait eztabaidaren erdigune izan da art toy-en eta merchandising produktuen arteko lehia. Badirudi, ordea, norbere merkatuan tinko jarraitzeko moduan direla. Euskal Herrian, oraindik, ez dago oso errotuta art toy-en kultura, eta zale gehienentzat, gaur egun, AEBak dira erreferentziazko gune.
Leave a Reply