Unai Zubeldia
Gipuzkoaren historian dauden mitoetako batzuk argitzeko saiakera da hau”. Besteak beste, egiteko hori dauka Síntesis de la Historia de Gipuzkoa liburuak (Gipuzkoako historiaren sintesia), Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkarteak 2010ean sortu zenetik egindako lanaren fruituak. Gaztelaniaz kaleratu dute lan mardula, 416 orrikoa, eta, ondo bidean, urtea amaitzerako guztien eskura egongo da euskarazko bertsioa ere.
Sei historialariren artean egin dute historiaurretik gaur egunera arteko bidea: Jose Antonio Mujika (Historiaurreko ilunpetik Gipuzkoako historiaren argitara), Elena Torregarai (Erroma Gipuzkoan), Jose Angel Lema (Ipuzkoa-tik Gipuzkoako herrien senidetzara), Estibaliz Gonzalez (Gipuzkoa lehenengo globalizazioan), Carlos Rilova (Gipuzkoa eta XIX. mende luzea) eta Pedro Barruso (Gipuzkoa XX. mendean. Modernizaziotik Kultur Hiriburutzara). Alvaro Aragon EHUko Historia irakaslea eta Iker Etxeberria EHUn Historian lizentziaduna aritu dira, berriz, koordinazio lanetan. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxa Fundazioaren babesean gauzatu dute proiektua, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta finantzaketa kolektiborako kanpainaren bidez finantzatu dute.
“Azken 30-40 urteotan historiografian eta arkeologian egindako lanaren sintesia edo bilduma” da liburua, Aragonen hitzetan, eta “mugarri” izan nahiko luke Gipuzkoako historiografian. Historialariek “oso lagungarri” izan dituzte azken urteotan aurkitu dituzten aztarnategiak. “Lan horri esker, azken 30 urteotan asko hazi da Gipuzkoaren historiaren inguruan daukagun jakintza; lehen baino askoz gehiago dakigu orain”. Sei atal dauzka liburuak, eta garai bakoitzean arlo jakin batzuk aztertzen saiatu dira egileak: kultur arloa, hizkuntza, ekonomia, erlijioa, politika, gerra… “Ahal izan ditugun atal guztiak jorratu ditugu kasu bakoitzean”.
“Europa iparraldea eta hegoaldea harremanetan jartzeko leku estrategikoa izan da, betidanik, Gipuzkoa, pasaleku garrantzitsua; bidegurutzea”. Egileen arabera, Gipuzkoatik barrena joan dira Atlantikora eta Mediterraneora “ideiak, pertsonak, kulturak… eta bertakoekin uztartu dira guztiak”. Gipuzkoa gaur egun ere “mugan” kokatuta dagoela adierazi du EHUko Historia irakasleak. Baina “zubi” gisa azaldu nahiko luke muga hitza, eta ez “harresi” gisa. “Aro Berrian oso garrantzitsua izan da izaera hori, horri esker bermatu ahal izan ditugulako foru garaian geneuzkan pribilegioak”.
Mitoen kontuari helduta, adibide batekin atera du argazkia Aragonek: “Askotan urrun gelditzen zaizkigu historiaurreko kontuak, baina oso argigarria da, adibidez, Mujikaren zatia. Zabalduta dago Gipuzkoa garai hartan isolamenduan eta bakardadean zegoen ustea, baina egileak argi islatu du hutsala dela uste hori, ez dela egia”. Mujikaren azterketaren arabera, duela mila urte ere gipuzkoarrek harremana zeukaten Europako biztanle gehienekin. “Eta silex edo suharriarena da horren adibide nagusia. Adituek ikusi dute askotan oso urrutitik iristen zela material hori Gipuzkoara: Urbasatik, Ebro harrotik, Biarnotik, Landetatik… Geure burua isolatutzat jo izan dugu askotan, baina Europaren zentroan egon izan gara sarri”.
Etorkizunerako ekarpena
Sei egileen izenean hitza hartuta, Gipuzkoaren erromatartze prozesua aztertu du Elena Torregarai EHUko Antzinaroko irakasleak. “Autoreek argi geneukan sintesia izan beharra zeukala liburuak, baina asko geneukan esateko, Bizkaian edo Nafarroan ez bezala Gipuzkoan orain arte ez zegoelako bertako historia biltzen zuen lanik”. Bilketa lanean hasita, Aragonek aipatutako mitoetako askorekin topo egin dute egile gehienek. “Mito historiografikoak, zientzia komunitatearenak eta herritarrenak. Zaila da horiek deuseztatzea, baina uste dut gure lurraldean gauza batzuk baztertzen hasiko garela lan honi esker”.
Izurrite Beltzaren eragina, baserriaren jatorria, Gipuzkoaren konkista, kaparetasun unibertsala… ETAk borroka armatuari emandako amaiera eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutza dira liburuko azken bi pausoak, baina egileak ez dira gelditu historiaren kontaketa hutsean. “Etorkizunerako ere zer edo zer planteatu nahi izan dugu. Honekin ez da amaituko Gipuzkoaren historia”.
Bide luze baten lehen pausoa besterik ez da Síntesis de la historia de Gipuzkoa lana; datozen asteetan Gipuzkoako zortzi herritan aurkeztuko dute liburua: Donostian bertan, Zarautzen, Ordizian, Bergaran, Hondarribian, Azkoitian, Tolosan eta Eibarren. Eskualdez eskualde, bertako errealitatearen azterketa egingo dute aurkezpen hitzaldi horietan. “Zalantzarik ez daukat beste historialari eta azterketa batzuk sortuko direla hortik”. Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak argi dauka bide luzea egingo duela proiektuak, “Gipuzkoaren historia ikertzen jarraituko dutelako gai honekin kezka, ardura eta ilusioa daukaten herritar guztiek”.
Leave a Reply