Leire Narbaiza
Eskola erlijioso bitan ikasi nuen nik. Bata bestea baino zurrunagoa, baina biak diziplina handikoak. Diziplina antzinako moduan ulertua: malgutasunik ez, gogorra eta estua, askatasunik gabea. Horregatik, beharbada, esaten zigutenean meza geneukala —edo aitortza, edo erlijioarekin zerikusia zuen edozer gauza— pozarren hartzen genuen, esan nahi zuelako egunerokotasunetik irtetea, eta betiko jardunaren errutina apurtzea, alde batera lagako genituela klaseak, beste gauza batzuk egingo genituela. Batzuetan, zentrotik irtetea ere ekartzen zuten funtzio erlijiosoek. Gurean, txangoak gutxi, eta egiten zirenak, kurtso amaieran. Beraz, mezatara joatea zen festa moduko bat; nahiz eta gero elizan aspertu, gogaitu edota amorratu.
Horregatik, zeharo harrituta nauka ikasle batzuen jarrerak euskaltegian. Egia da ezin direla konparatu gure orduko eskola hura eta euskaltegia. Gure jarduna ez da zurruna, baliteke batzuetan astuna izatea; halere, nahiko askea ere badela esango nuke.
Baina gurean jarrerak aldatu egin dira. Gogoan dut euskaltegiko ikasleei kanpo ekintza bat eskaintzen genienean askok pozarren hartzen zutela, guk eskola erlijiosoan bezala, irakurmenak eta aditzak alde batera lagatzeko aukera zelako. Beste batzuek eroapenez hartzen zuten “zer egingo diogu, ba!” esango balute moduan, eta baten batek disimulu ederrean hanka ere egiten zuen. Baina inork ez zuen protesta handirik egiten, ezta ezezko biribilik bota ere.
Denbora pasatu ahala, jarrerak aldatu egin ziren, eta askok, aitzakia merke bat jaurtita, ez zuten ekintzan parte hartzen. Jendea “galdu” ere egiten zen euskaltegitik hitzaldi lekura, abduzitu egin balute lez. Fenomeno paranormalak gure herrietako kaleetan! Horregatik, sarritan, abisatu ere ez genien egiten ikasleei, klase denboran izanez gero.
Orain, ostera, harrituta nago gertatu zaidanarekin. Antzerki batera joateko aukera geneukan, goizean (ez da batere erraza halakorik topatzea), antzoki dotore batera, eta merke. Proposamena bota nienean, ezetz erantzun zidaten batzuek, eta motibo bat eman: ez zaiela antzerkia gustatzen. Ni zur eta lur!
Tira, ados, batzuei ez zaie antzerkia gustatzen. Ondo da. Baina zinema ere ez dute atsegin, Handia ikustera joateko proposamena egin nienean kontu bera esan zidaten-eta. Horiek beroriek ez zuten hartu irakurtzeko libururik, ikasgelara liburuz karga-karga eginda joan nintzen batean, irakurtzea ere ez ei dutelako gustuko.
Kontua da, idazlan bat egiteko ematen diedanean, protesta txikiren bat egoten dela, baina zintzo-zintzo egiten dutela. Idazlanak gustukoago dituzte, orduan? Ez, buruan dute idazlana gogokoa ez izan arren egin egin behar dela, ikasteko-edo balio duelako. Azterketan “sartzen” delako.
Baina kezkagarriena ez da ez gustatzea kulturarekin zerikusia duen guztia. Arduratzen nau ikastaldeetako gazteenak direla kulturari uko egiten diotenak. Helduago batzuek, agian, ez dute hain gustuko proposatutakoa, baina aukera bat eman nahi diote, zerbait desberdina egin, argi daukatelako egiten duten horrek ere balio diela euskara ikasteko.
Pentsatu beharko genuke eskolak eta gizarteak zein gazte formatzen duten, zein eredu ematen diegun. Hausnartu beharko genuke gazte horiek zer demontre egiten duten euskaltegian, zergatik ez duten nahikotasun maila erakusten euskaraz.
Txarto gabiltzan seinale.
Leave a Reply