Aitziber Arzallus
Buzoian jostailu dendako lehen katalogoa jasotzearekin batera hasten da Gabonetarako atzerako kontua. Dagoeneko badira bizpahiru aste aurtengoa hasi zela. Eta beste horrenbeste falta da Olentzero eta Mari Domingi bisitan etortzeko ere. Baina ari ote dira zakua opariz betetzen?
Tolosako Amets jostailu dendako Arantxa Jauregik eta Jasone Santinek baietz diote, ondo ari direla saltzen. Haientzat, hau da urteko sasoirik inportanteena. Gutxi gorabeherako kalkulua egina dutela esan du Santinek: “Urte guztikoaren erdia baino gehiago saltzen dugu Gabonetan”. Errege eguna igaro bitartean gogor aritzea tokatzen zaie, beraz.
Beste ikuspegi bat du Leire Kerejeta Azpeitiko Alzuaran emakumeentzako arropa dendaren jabeak —beste bi denda ditu: bat Azkoitian eta beste bat Beasainen—. Uste du lehen indar handiagoa zutela Gabonek. “Orain, berriz, Gabonak datozen horrekin, beste hilabeteetakoa baino lasaiagoa izaten da abenduko lehen hamabostaldia. Hilabetearen erdi aldetik Erregeak pasatu bitartean egoten da mugimendua. Baina, hilabete bukaerako emaitza kontuan hartuta, abenduak ez die alde handirik ateratzen irailari edo azaroari”.
Kerejetarekin bat dator Donostiako Easo Sport kirol arropa dendako Marian Ruiz ere. “Lau edo bost egunera mugatzen dira Gabonetako erosketak. Egun horietan sartu-irten handia izaten dugu dendan, eta horrek eragiten digu ohi baino mugimendu handiagoa dagoen sentsazioa. Baina, emaitzetan, ez dugu alde handirik antzematen”.
Amets jostailu dendaren jabeentzat, ostera, aspaldi hasi ziren Gabonak. “Irailean”, dio Jauregik. “Orduan hasten gara produktuak jasotzen”. Materiala jaso ahala, etxez etxe banatzeko katalogoa osatzen dute. Aurten, urriaren bukaerarako prest zituzten dendako jostailuekin osatutako bi liburuxkak. “Katalogoak berak Olentzeroren opariek baino ilusio handiagoa egiten die haurrei”, esan du dendan dagoen bezero batek. Santinek kontatu du, berriz, aurreko batean bezero bat dendara etorri zitzaiela haurren Hola bazuten galdezka. “Sekula entzun gabea nintzen, eta a zer grazia egin zidana!”.
Jauregi eta Santin ez ezik, haien bezeroak ere garaiz hasten dira Gabonetarako prestatzen. “Ez pentsa atzera gelditzen direnik”, esan du Jauregik. “Goiztiarrenak urriaren bukaera alderako arrimatzen dira dendara lehendabiziko eskaerak egitera”. Aurreneko horiek, normalean, eskarmentua hartutakoak izaten direla azaldu du Santinek. “Beste urteren batean beranduegi ibiltzeagatik esku hutsik geratutakoak izaten dira, espabilatzea hobe dela ikasi dutenak”. Behin azaroan sartuta, mugimendu handia hasten da Tolosa erdiguneko dendan.
Andoni Etxebestek, berriz, Donostiako Bretxako merkatuan du abizen bereko harategia, ehun urteko ibilbidea duen familia negozioa, hain zuzen. Gabonen gertutasuna sumatzen dela dio, bezero batzuk hasita daudelako egun horietarako menuak pentsatzen eta prestatzen; “aspalditik”, gainera. “Urteroko kontua da hori: batzuk oso goiz hasten dira prestaketekin, eta dena azken unerako lagatzen dute beste batzuek. Bakoitzaren izaeraren araberakoa izaten da hori”. Etxebesteren esanetan, zenbait etxetan oso garbi izaten dute egun horietan zer jan behar duten; beste batzuetan, berriz, tarte handiagoa lagatzen diote inprobisazioari. “Baina ziur naiz denetan izango direla otordu onak”
Erosteko ohiturak, aldatzen
Kerejetak eta haren bazkideak 2002an zabaldu zuten aurreneko denda, Azkoitian; urtebete geroago zabaldu zuten Beasaingoa; eta 2008an, Azpeitikoa. Urte batzuk badaramatza, beraz, sektorean. Eta urteotan antzeman ditu aldaketak bezeroen erosteko ohituretan. “Lehen, oro har, aurrekontu handiagoa izaten zuen jendeak, diruari gutxiago begiratzen zion, eta denentzat erosten zituen opariak. Orain, berriz, lagun ezkutuaren kontua dela eta, bakoitzak pertsona bakarrari egiten dio oparia”. Erosketak azken unerako lagatzeko ohitura, berriz, betikoa da. “Lehen hala zen, eta orain ere bai. Erotzekoa izaten da abenduaren 24ko goiza”.
Jauregik ere erosketa ohituretan aldaketak nabaritu ditu jostailu dendan daramatzan hamabost urteotan. “Ez opariak goizago edo beranduago erosten dituztelako, edo opariak erosten diru gehiago edo gutxiago gastatzen dutelako; lehen, gurasoek erabakitzen zuten umeari zer oparitu; orain, umeak eskatzen duena behar da”. Horren atzean telebistaren eragin garbia ikusten du Jauregik, eta nolabaiteko kezka ere eragiten dio horrek. “Gurasoek izan behar dute irizpidea seme-alabentzat jostailu egokiak aukeratzeko. Telebistan ikusten dutena gustatzen zaie umeei, baina beti ez da izaten egokiena, eta gurasoek jakin behar dute ezezkoa esaten”.
Etxebestek, berriz, ez du aldaketa nabarmenik antzeman harategiko bezeroen artean. “Lehen eta orain antzera gastatzen dute, aurrekontuari gehiegi begiratu gabe. Denok geratu nahi izaten dugu ondo familiaren eta lagunen aurrean, eta behar dena gastatzen dugu. Normalean, gainera, aitona-amonek ordaintzen dute, eta…”, dio, barrez. “Guri tokatzen zaigunean ikusiko dugu zer egiten dugun”.
Easo Sporten, lau lagunek lan egiten dute urte osoan, horietatik batek egun erdiz. “Gaudenon artean moldatzen gara Gabonetan ere”, azaldu du Ruizek. “Gustura esango nuke langile gehiago hartzeko beharra izaten dugula, baina ez da hala”.
Alzuaranen ere ez dute langile gehiagoren beharrik izaten. Denda bakoitzean bi lagun jarduten dira, bata goizez eta bestea arratsaldez, eta daudenen artean moldatzen direla kontatu du Kerejetak. “Egin dezakeguna da egun jakin batzuetan denok egun osoz lan egin, baina langile gehiagorik ez dugu hartzen”. Ordutegiei dagokienez ere, betikoei eusten diete bai Easo Sporten eta bai Alzuaranen. Hori bai, Kerejetak azaldu du aurretik prestatua izaten dituztela oparitarako paketeak-eta. “Ez gara aritzen bobinatik tiraka opari bakoitza banan-banan biltzen. Aurreratuta izaten ditugu horrelako gauzak; bestela, horretan joaten zaigu denbora”.
Etxebestek ere ez du aurreikusten langile gehiago hartzerik edo harategia ordu gehiagoz zabalik izaterik. “Urte osoan bi lagun aritzen gara, eta, zorionez edo zoritxarrez, Gabonetan ere moldatuko gara”. Amets jostailu dendan, berriz, lantaldea bi lagunetik laura handitzen da Gabon garaian, eta ordutegiak ere zabaldu egiten dituzte. Datorren astelehenetik Errege eguna pasatu bitartean, 09:00etan irekiko dute denda, eta 20:30ean itxi, eguerdian atsedenik hartu gabe, astean sei egunez. Jauregiren hitzetan, “aukera, behintzat, ematen dugu”.
Lehia handia, laguntza gutxi
Gaur egun, saltoki gune handiak, denda kate indartsuak, eta Interneteko erosketak dira herrietako denda txikien amesgaizto. Inorentzat ez da erraza haiei aurre egitea, baina ahalegintzen ez direnik, behintzat, ez dago esaterik. Alzuaranen, batez ere, sare sozialak erabiltzen dituzte denda ezagutzera emateko. “Webgunea izan badugu, baina ez diogu kasu handirik egiten. Azkenean, gogotik lan egin behar da webgune eguneratu bat eta on line denda indartsu bat izateko”, dio Kerejetak. “Denok dakigu Zara hor dagoela, baina oso zaila da, adibidez, Madrilgo bat Alzuaranen webgunean begira hastea”. Kerejetaren ustez, errazagoa da Alzuaran Facebooken bidez ezagutzera ematea. “Norbaitek zerbait partekatu eta besteren bati iritsiko zaiolako”. Horrela bai, horrela ailegatu izan dira bezero berriengana.
Jendea herriko dendetan erostera bultzatzeko deskontu kanpainak, ordea, ez ditu atsegin Kerejetak. “Ni ez naiz horrelako promozioen oso aldekoa. Adibidez, %20ko deskontua egin genuen black friday-n, mundu mailako eguna delako. Baina iruditzen zait denbora guztian deskontuak eskainita bezeroak nahastea bakarrik lortzen dugula. Badirudi beti beherapenen bat egin beharra daukagula, eta ez da horrela. Horregatik, merkealdia bakarrik egiten dugu guk”.
Easo Sportek, berriz, webgune eta on line denda txukuna ditu, eta sare sozialetan ere badu presentzia. “Gaur egun, ezagutzera emateko ezinbesteko erremintak dira”, Ruizen arabera. “Hor gaude, eta zerbait saltzea lortzen badugu, hori gehiago guretzat”. Kirol arropa denden kate handien lehiari aurre egitea, ordea, ezinezkoa zaiela onartu du. “Kate handiek asteak daramatzate %40tik gorako deskontuak eskaintzen, eta guk ez daukagu horretarako gaitasunik”.
Alde horretatik, haserre dago Ruiz. “Denda txikiok jasaten dugu lehiarik bortitzena; aldiz, inondik ez zaigu iristen laguntzarik”. Ez zaio ongi iruditzen herritarrei merkataritza gune handietara erosketak egitera joateko erraztasunak ematea, horrek denda txikiei kalte egiten dielako. “Ordu erdiro autobusak dituzte etxeko portaletik merkataritza guneko ate aurrera. Gu, berriz, Donostiako erdigunean gaude, Artzain Onaren plazan, eta bezero batek autoa bigarren ilaran uzten badu, minutu bat igarotzerako jartzen diote isuna”. Gero herrigune eta hiriguneak hilda daudela esatea alferrikakoa dela dio. “Garaiz hartu behar dira neurriak, eta laguntza behar denean eman, ez dendak itxitakoan”.
Amets jostailu dendak ere baditu webgunea eta on line denda, eta sare sozialetan ere badago. Duela urtebete hasi ziren sarean saltzen, eta oso pozik daude. Bezeroei “ahalik eta erraztasunik handiena” ematea garrantzitsua iruditzen zaio Jauregiri. “Internetez eskatu eta dendan jasotzea da aukerarik onena; bezeroa etortzen denerako paketea prestatua izaten dugu, eta, aurretik ordaindua izaten duenez, hartu eta eraman besterik ez du egin behar”.
Euren dendan erosteak abantailak besterik ez dituela nabarmendu du Jauregik. “Saltoki handietan dituzten prezio berberak ditugu, euro baten gorabeheran, eta tratu bereziagoa ematen diegu bezeroei; nahi diguten guztia galdetu diezagukete. Gainera, biltegi zerbitzua dugu, eta dendan erositako jostailuak azken egunera arte biltegian gordeta izateko aukera ematen diegu”. Askok baliatzen dute zerbitzu hori.
Herriko dendetan erostearen alde onak azpimarratu ditu Kerejetak ere. “Alde batetik, esklusibotasuna eskaintzen dugu; eta, bestetik, hurbileko arreta eta aholkularitza ematen diogu bezeroari”. Bat dator Ruiz ere. “Herritarrek jakitun izan behar dute gurean erosita herrigune biziak sustatzen ari direla”.
Leave a Reply