Beñat Alberdi
Eibar herri itsusia dela diote askok”, azaldu du Mikel Aparicio arkitektoak. Hura ari da Eibarko udal artxiboko dokumentuak aztertzen, argazki zaharrak ikuskatzen, eta oraindik zutik dauden eraikinak bisitatzen eta katalogatzen. “Jakin egin behar da Eibar itsusia zergatik den; industriak eragin zuzena izan du hirigintzan”. Baina garai bateko eguneroko bizimodura ere jo dute herriaren itxuraz harago. Bi zutabe ditu Ego Ibarra batzordea gauzatzen ari den proiektuak: alde batetik, enpresetan eta tailerretan lan egin zutenen testigantzak jasotzea; eta, beste alde batetik, Eibar hirigintza eta arkitektura ikuspuntutik aztertzea.
“Hiri tailer” gisa definitu dute Debabarreneko hiriburua. Beste industria hiri edo auzoekin alderatuz gero, “berezitasunak” dituela nabarmendu du arkitektoak: “Tailerrak beste erabilera bat zuten eraikinekin nahastuta zeuden herri guztian; hala nola etxebizitzekin edo eskolekin. Halakorik ez da ikusten beste toki batzuetan”. Apariciok azaldu duenez, Bilbon, adibidez, ibai ertzean kokatuta zeuden fabrikak, “bizitokietatik urrun”.
Berezitasun horretatik abiatuta ekin zion ikerketari Apariciok, eta hiriaren forma fisikoa aztertzea izan du lehen jomuga. Artxiboko dokumentuak izan ditu lehen pauso horren oinarri. Besteak beste, industria eraikinak zein arkitektok diseinatu zituen ikertu du, eta baita hasierako proiektutik ondoren eraiki zenera alderik badagoen edo ez, eta, izanez gero, nolako garapena izan duen.
Sakelako aplikazio batean argitaratuko dute bildutako informazioa, jendeari informazioa helarazteko “liburu bat kaleratzea baino hobea” izango delakoan. Eibarreko mapa izango du oinarri aplikazioak, sei kaparekin osatuta. Urte bat ordezkatuko du kapa bakoitzak, 1900etik gaur egunera arte. Kolorez bereizita egongo dira industria eraikinak, eta fitxa bat irakurri ahal izango da bertan klikatuz gero. “Zein enpresa zeuden eta horietan zein lan egiten zuten azalduko du fitxak. Lehengo argazkiak eta gaur egungoak ere sartuko ditugu, baita nire marrazkiak ere”.
Hasieran, eraikinak aztertzeko asmoa bakarrik zuen proiektuak, baina eraikinei bizitza eman behar zitzaiela ondorioztatu zuten ikerketarekin. Hots, barrukoa ere ezagutu behar zutela: “Zenbat langile zeuden, horiek nola egiten zuten lan… Informazio hori guztia ezin da lortu artxibo lanarekin soilik. Ahoz aho transmititzen da informazioa hori”, azaldu du Apariciok. Arkitektoak Ego Ibarra batzordeari proposatu zion ideia, eta berehala egin zuten bat. Testigantzak, berriz, Badihardugu Euskara Elkarteak jaso ditu.
“Ikerketaren arabera aukeratu dugu nor elkarrizketatu”, azaldu du Izaskun Gaston Badiharduguko kideak. “Dagoeneko existitzen ez diren enpresetako lanak ezagutarazi nahi dituzte, batez ere”. Hamar pertsona elkarrizketatu dituzte dagoeneko, baina beste hainbatekin hitz egiteko asmoa daukate etorkizunean. Hainbat ideia landu dituzte elkarrizketetan: nola egiten zuten lan, nolakoak ziren eraikinak barrutik, nondik ekartzen zituzten makinak… Eta baita lan prozesuek, tresnek edo lan zehatz bat egiten zuten pertsonek zein izen zuten ere; informazio hori guztia jaso ezean, ondare hori galduko den beldurrez ekin zioten lan horri.
Artisau lanak ezagutzearen garrantzia nabarmendu du Gastonek: “Gaur egun lan horiek ez dira horrela egiten, edo ez dira egiten. Ondare hori ez badugu jasotzen, galdu egingo da”. Esaterako, bolbora kartutxo batean nola sartzen zuten azaltzea. Hala ere, duela ehun urte gisan egiten dute oraindik ere lan hori. “Bitxia da, baina enpresarientzako ez da errentagarria horretarako makina bat erostea. Kartutxo gutxi ekoizten dituzte”.
Generoaren ikuspegia
Generoak ere izan zuen eraginik Eibarreko industria errealitatean. Elkarrizketatu dituzten emakumeek egin zituzten lanak nabarmendu ditu Gastonek: “Bulegoetan jarduten ziren gehienbat. Makinetan, oro har, ez; beharra zegoenean bakarrik”. Adela Telleriaren testigantza goraipatu du Badiharduguko kideak. “Ezkonduz gero, emakumeari lana uzteko diru laguntza eskaintzen zitzaiola kontatu zigun bere garaian. Diru laguntzak eskaini arren, lanean jarraitzea erabaki zuen berak”.
Enpresetako lana aztertzeaz gain, hainbat eibartar ere elkarrizketatu dituzte euren bizipenei buruz hitz egiteko: Eibarrera noiz iritsi ziren; zenbat urte zituztela hasi ziren lanean; zergatik; nolako lan baldintzak zituzten; sindikaturik bazuten… Eraikinen eta herritarren historiari tiraka, argazkia atera diote herriaren iraganari.
Leave a Reply