Iñigo Terradillos
Bertako merkataritza da Tolosari buruz hitz egitean nabarmentzen diren ezaugarrietako bat, kopuruagatik, aniztasunagatik eta kalitateagatik. Badu, baina, beste bereizgarri bat: historia. Izan ere, Euskal Herrian ez dira herri asko izango Tolosaren tamainaren parekoarekin atzean mendearen bueltako historia daukaten hogei saltoki baino gehiago dituztenak.
Herriko hainbat dendak duten itxura zaharra ikusita, liburu batean kontatu eta gordeta uztea pentsatu zuten Joxemi Saizar irakasle eta kazetariak eta Joseba Urretabizkaia argazkilariak. “Buruan genituen denda horien historiak bildu, eta argitalpen batean jasotzea merezi zuela ikusi genuen”, azaldu du Saizarrek, testuen arduradunak. Bada, ideia martxan jarri eta dokumentuak biltzen hasi zirenean konturatu ziren buruan bueltaka zebilzkitenak baino gehiago zirela mendearen bueltako saltokiak. “Aldizkari zaharrak aztertu ditugu, eta denda asko itxi arren beste asko mantendu egin dituztela ikusi dugu garai hartako iragarkiei begiratuta”. Saizarrek onartu du “dozena erdi saltoki” izango zirela pentsatu zutela hasieran. “Baina 24 dira azkenerako”.
Farmaziak, gozotegiak, iturgintza dendak, loradendak, arropa eta zapata dendak… Askotariko saltokiak daude 24 horien artean. Zerrenda horretan falta dira batzuk, ordea; tabernak, esaterako: “Badaude ehun urte dituzten tabernak, baina ez hasieratik familia berberak mantendutakoak”. Ezaugarri hori daukaten ile apaindegirik edo liburu dendarik ere ez dago. “Besteren artean, zaila delako hainbeste urtean negozioa familia berak mantentzea”.
Saltokien etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa da belaunaldien jarraipena. 100 urte jendaurrean liburuan argi gelditu da familia bereko hiru, lau eta kasu batzuetan bost belaunaldi igaro direlako mantendu dituztela saltoki horiek gaur egunera arte. “Poza ematen du belaunaldi gazteek ere aurrekoari eustea erabaki dutelako. Hala ere, askok esan digute penatuta daudela eurena izango delako azken belaunaldia eta euren dendak etorkizun handiegirik ez daukalako”.
Saltokien etorkizuna, sorrera eta hamaika pasadizo bildu ditu Saizarrek denden jabeekin izandako elkarrizketei esker. Familia bereko belaunaldi bat baino gehiago bildu ditu, gainera, solasaldi horietako batzuetan. “Belaunaldi zaharrak eta gazteak biltzen saiatu gara 24 denda horien ibilbide osatuena jasotze aldera. Horrekin batera, dokumentuak ere eman dizkigute ahalik eta informazio gehien izateko”.
Elkarrizketa horietan etengabe errepikatu dira hainbat gogoeta eta kontakizun, gizarteko gertakizunei erreferentzia egiten dietenak, hain zuzen: “Ehun urteotan izan diren gertakari garrantzitsuenen artean, guztiek dituzte gogoan 36ko gerra eta Tolosan 1953an eta 1983an izandako uholdeak. Alde Zaharrean egonik, kalte handiak jasan zituzten dendek. Gerrari dagokionez, berriz, kartzelatuak edo erbesteratuak aipatu dituzte hainbatek”.
Saltokien sorrerei buruzkoak dira lerro ugari; sorrera gehienak “xumeak” izan zirela kontatu du Saizarrek, baina bada bereziren bat ere: “Longaron dendakoak, esaterako, kantabriarrak dira jatorriz, eta Pasiego etxea deitzen zioten haien saltokiari, gurdi batekin herriz herri arropa saltzeko denda bat zabaltzea erabaki zuten arte”. Berezitasunak aipatuta, ikaztegiarena ere nabarmendu du Saizarrek. “Gipuzkoan ez da egongo gisa horretako asko, baina egungo jabeek etorkizuna kolokan ikusten dutenetako bat da, tamalez”.
Tolosari buruzko liburua izanda, gozotegiek ere ezin zuten hutsik egin: “Sektore horrek aspalditik dauka indarra herrian. Gaur egunera arte mantendu diren hirurak sartu ditugu liburuan, baina aurretik gehiago ere bazirela ikusi dugu”. Saizarren hitzetan badira, hala ere, urteen poderioz eskaintza aldatuz joan diren saltokiak ere. “Garai batean etxerako eta baserrirako tresnak saltzen zituen gaur egun jostailu denda denak; estetika zentroa eta loteria saltokia da lehen drogeria zena; gaur egun optika da garai batean bitxi denda eta erloju denda zena; eta poltsak eta osagarriak saltzen dituzte urte batzuk lehenago altzari denda zen tokian”.
Saltzeko modua, aldatuta
Saltzaileen arabera, saltokiak eguneratu diren neurri berean, urteen poderioz aldatu egin da erosteko eta saltzeko modua ere: “Garai batean bi azoka izaten ziren Tolosan: larunbatekoa eta astelehenekoa. Egun horietan eskualdeko jende asko inguratzen zen herrira, eta denda asko ez zituzten ixten eguerdietan. Gaur egun asko jaitsi dela diote”.
Testuak osatuta, Urretabizkaiak eman dio itxura liburuari. Argazkilariarena da diseinua, eta hark egin dizkie argazkiak saltokiei. Garai bateko argazkiak uztartu dituzte gaur egungoekin batera; historian atzera egiteko bide ematen dute horiek. “Hainbat liburu eginak ditu jada, eta, aurrekoetan bezala, oso ondo zaindu ditu argazkiak, diseinua… Ederra izan da emaitza”.
Egilearen hitzetan, protagonistak “gustura” gelditu dira emaitzarekin. Saizarrek azaldu duenez, lehenengo elkarrizketa zen horietako askorentzat, eta pozik aritu dira euren saltokien historiaren kontaketan. “Herriaren historiaren zati bat eraiki dute denda horiek, eta euren lana oroitu eta kontatzeaz gain, eurei eskainitako omenaldi xume bat ere bada liburu hau”.
Leave a Reply