Unai Zubeldia
Lehiaz harago, akordeoiaren filosofia sustatzea da helburua, eta harrigarria da hiru egun horietan Arrasaten zenbat jende elkartzen den musika instrumentu horren inguruan”. In?igo Aizpiolea Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteko kidea da Arrasateko akordeoi jaialdiaren antolatzaileetako bat, eta sariketa hasteko irrikaz dago irundarra. Gaurtik igandera, akordeoi soinuz blai egongo da Arrasate. Amaia antzokian izango dira emanaldi gehienak, baina Kulturate kultur etxean eta Arizmendi ikastolan ere egingo dituzte hainbat ekitaldi.
Hiru zati dauzka Arrasateko akordeoi jaialdiak: Gipuzkoa jaialdia dago oinarrian, eta 30. urtea izango du aurten —300 bat parte hartzaile izango ditu, eta ez dauka lehiaketa kutsurik—; Gipuzkoa sariketa da bigarrena, eta 38. urtea izango du aurten —Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako 30 bat parte-hartzaile izango ditu—; eta Arrasate Hiria nazioarteko sariketa da nagusia; 25. urtea izango du azken lehiaketa horrek, eta hamabost parte hartzaile izango ditu, Euskal Herriko hiru tartean: Lore Amenabar, Maria Zubimendi eta Ane Urbizu. Gipuzkoa eta Arrasate Hiria sariketetako kanporaketak izango dituzte gaur; Gipuzkoa jaialdiaren txanda izango da bihar; eta Gipuzkoa eta Arrasate Hiria sariketetako finalak etzi.
Sariketa nagusiari dagokionez, Bielorrusia (Maria Arol), Serbia (Djordje Davidovic, Jelena Davidovic, Aleksandar Jovancic eta Bogdan Laketic), Polonia (Adam Maksymienko eta Aleksander Stachowski), Errusia (Juli Mistyukov), Eslovakia (Michal Ochodnicky), Eslovenia (Neza Torkar), Frantzia (Ambre Vuillermoz) eta Txinako (Haoyang Zhang) akordeoi jotzaileak izango dira Arrasaten, Amenabar, Zubimendi eta Urbizurekin batera. Hurrenez hurren, 4.000, 2.000 eta 1.000 euroko saria jasoko dute lehen hiru sailkatuek.
Iaz, Jianan Tian txinatarra izan zen irabazlea, eta Euskal Herrian dago jada, “antolatzaileek gonbidatuta hainbat kontzertu eskaintzen dituelako aurreko urteko irabazleak”. Sariketa nagusiaren 25. urtea izanik, berritasun gisa Hauspoz, Accordion Contemporary diskoa plazaratu berri dute antolatzaileek; Maria Zubimendi, Ander Telleria eta Olga Morral akordeoi jotzaileak dira musikariak, eta aurreko ekitaldietan saritutako hainbat konposizio interpretatu dituzte.
Akordeoi jotzaileekin batera, hainbat herrialdetako epaileek osatuko dute Arrasate Hiria sariketako epaimahaia: Stefan Hussong alemaniarrak, Mati Rantanen finlandiarrak, Vojin Vasovic serbiarrak, Friedritx Lips errusiarrak, Geir Draugsvoll norvegiarrak eta Iñaki Alberdi euskal herritarrak. “Nazioartean sona handia daukaten musikariak dira guztiak, eta guretzat ohore handia da haiek Arrasaten egotea”.
Gipuzkoa jaialdia, Gipuzkoa sariketa eta Arrasate Hiria nazioarteko sariketa, hiru oinarri horiek ditu Arrasateko akordeoi jaialdiak, baina hori baino askoz gehiago da. “Uste dut igandean 20:00etan Amaia antzokian egingo dugun ekitaldia dela bereziki erakargarria, akordeoiaz haragoko emanaldia izango delako”. Bi euro ordaindu beharko da ekitaldi horretarako —doakoa da gainerako jaialdi guztia—. Abesbatza bat, dantza ikuskizun bat… “Jendea guregana erakartzen saiatuko gara”. Eta akordeoia kalera ere aterako dute. Gaur, 17:00etan, kontzertua egingo dute Abaroa Arrasateko Jubilatuen Egoitzan, eta etzi, 11:00etan, beste emanaldi bat eskainiko dute Aita Menni ospitalean. “Larunbaterako, berriz, kalejira daukagu antolatuta; eguraldia lagun badugu, noski. Herria girotzea izaten da kalejiraren helburua”.
Hasieratik, aldaketa handia
Atzera begira jarrita, 25 urteotan izandako aldaketaz jabetu da Hauspoz elkartea. “Tarte horretan, mundu guztiko 500 bat akordeoi jotzaile igaro dira jada Arrasatetik, 10-11 herrialdetako musikariak izan dira irabazleak, eta, musika instrumentu horrekin batera, jaialdia bera asko garatu da urteotan”. Behartutako musika piezak eta aukeran utzitakoak, euskal akordeolarien lanak… Aizpioleak xehetasun txiki guztiak jarri ditu mahai gainean azken 25 urteotan izan den aldaketa azaltzeko.
Irundarra da Arrasate Hiria nazioarteko sariketa irabazi duen Euskal Herriko akordeoi jotzaile bakarra. “Eta ziurta dezaket musikari askorentzat erreferentzia dela jaialdi hau”. Akordeoi zaleei Arrasatera etortzeko gonbita egin die Aizpioleak. “Gozatu egingo dute, ziur”.
Leave a Reply