Asier Perez-Karkamo
Basahuntzak balira bezala, haitz batetik bestera jauzika, enborretatik gora eta behera, orain bizikletaren atzeko gurpilaren gainean zutik, orain aurrekoan buruz behera jarrita. Gainontzekoentzat fisikaren eta logikaren mugei muzin egitea litzatekeena bike-trialeko pilotuentzat oreka kontua baino ez da. Eta orekaz asko dakite Irene Caminos tolosarrak eta Ion Areitio hondarribiarrak. Azaroan, Txinako Chengdu hirian, munduko txapelketan hirugarren geratu ziren biak.
Trialeko motoan oinarritutako txirrindularitza modalitatea da bike-triala, eta ibilbide bateko oztopoak oinak lurrean ahalik eta gutxienetan jarrita gainditzean datza. Hitz gutxitan esanda, bizikleta baten gainean eskalatzea bezala, arnesik eta aulkirik gabe.
Ion Areitio 6 urterekin hasi zen matxinsaltoarena egiten. “Beti izan ditut gustuko gurpilak dituzten kirolak; aitak betidanik izan du afizioa trialeko motoan ibiltzeko, eta bera imitatu nahian hasi nintzen bizikleta gainean saltoak egiten”. Hemeretzi urtean hainbat apalategi betetzeko adina sari lortu ditu; besteak beste, Haur, Kadete eta Gazte mailetako Munduko Txapelketak, eta seniorretan, urrea Espainiako Txapelketan, zilarra Munduko Kopan, eta bi brontze munduko txapelketan.
Areitioren lorpenei esker, sillinik gabeko bizikleta asko ikusten dira Hondarribian. Beste hondarribiar bat ere, Gorka Susperregi, nazioartean lehiatzen da, eta askotan antolatu dira modalitate ikusgarri honi lotutako erakustaldiak herrian. Orain sei urte, orduko munduko txapeldun Rafa Tibau katalana gonbidatu zuten, eta hura ikustera 13 urteko neskatila bat hurbildu zen aitarekin, Tolosatik: “Kirola asko gustatu zitzaidan, eta aitari bizikleta bat eskatu nion”, kontatu du Irene Caminosek. Hiru urte geroago, munduko onenekin hasi zen lehiatzen; 16 urte baino ez zituen.
Areitioren ustez, urruti irits daiteke tolosarra: “Gaztea da oraindik, baina onenekin dabil lehian. Gauzak behar bezala joanez gero, punta-puntan ikusiko dugu hemendik gutxira”. Caminos oso eskertua dago hondarribiarrarekin, eta, horregatik, Chengdun lortutakoa berezia izan zen berarentzat: “Hasi nintzenetik asko lagundu dit. Askotan joaten gara elkarrekin entrenatzera, eta egunero zerbait berria ikasten dut berari esker. Oso polita izan da Munduko Txapelketan biok hirugarren geratzea”.
Areitio nolakoa den galdetuta, “teknika eta konstantzia handiko pertsona” dela erantzun du tolosarrak. Horrelakoa izateak mugak gainditzen lagundu diola aitortu du hondarribiarrak: “Altuerak igotzen ni baino jende hobea dago, baina nire mugak ongi erabiltzen dakit nik”. Bike-trial pilotu batek burua, oreka, indarra eta malgutasuna behar dituela azaldu du, eta berari kontzentrazioa lantzea dela hobetzeko falta zaiona: “Fisikoa eta teknika egunero lantzen ditugu. Azken hilabeteetan burua lantzen aritu naiz, eta datorren urteari begira indartsu jarri nahi dut horretan”.
Urtea ohi baino luzeagoa izan da bientzat, munduko txapelketa normalean udaran egiten delako, eta aurten azaroan antolatu dutelako. Datorren urtea “normalagoa” izango dela aurreratu du Caminosek: “Munduko Kopa ekainean hasiko da; aurretik Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketak ditugu. Ekainetik aurrera izango dira lehiaketa inportanteenak, Munduko Kopako probak —bost izaten dira—, eta Europako eta Munduko txapelketak”.
Amets olinpikoa
Duela hiru urte denboraldi ia osoa galdu zuen Areitiok, entrenamendu batean eskumuturra puskatuta. Agian horregatik, 2018ari osasuna eskatu dio: “Eskaera bakarra, osasuna. Hori izanez gero, gogor lan egiteko indarra nahikoa izaten da”. Caminosek, berriz, hobetzen jarraitzea eskatu du: “Munduko Kopan podiuma —azken bi ekitaldietan bosgarren eta seigarren sailkatu da—, eta mundialean errepikatzea edo hobetzea”. Ez da gutxi.
Ondo bidean, hurrengo urteetan ere nazioarteko lehietan dominen borrokan ibiliko dira Ion Areitio eta Irene Caminos. Baina pena bat dute, eurena ez dela kirol olinpikoa. Tolosarrak aitortu duenez, “kirolari guztien ametsa da olinpiar jokoetara joatea”. Behar bezalako zabalpena ez du oraindik, baina hazten ari da, geroz eta federazio gehiago daude UCI Nazioarteko Txirrindularitza Federazioaren barruan, eta hori da kirol modalitate bat olinpiko izendatzeko bidea.
Amets olinpikoa errazteko xedez, iaz lehen aldiz, Hiri-Txirrindularitzaren barruan antolatu zuten trialeko munduko txapelketa —2016ra arte mendiko modalitateekin egiten zen—, eta horrekin esperantza du Caminosek: “UCI Urban Cycling formatuan sartu dute triala, BMX eta Eliminator modalitateekin, jokoetan hirurak sartzeko”. Areitiok, baina, ez du hain gertu ikusten: “Triala zabalduz doa urtetik urtera, baina zaila ikusten dut olinpiko izateko aukera. 2020koetan BMX izango da aukera hori izango duen diziplina, beraz gu ezingo gara bertara iritsi. 2024rako akaso”.
Kirola olinpiko izan ala ez, berdin-berdin jarraituko dute bi pilotu gipuzkoarrek, gogor entrenatuz eta egunetik egunera koska bat igoz. Hasi zirenean ez zuten imajinatzen hain gora iritsiko zirenik. Orain ez dute hortik jaitsi nahi, eta gorago igotzen jarraitu nahi dute, bizikleta gainean zutik, gurpil baten gainean saltoka, trialeko tronuan esertzeraino.
Leave a Reply