Eguzkiak berotutako ura

Eguzkiak berotutako ura

Tere Madinabeitia

Errefuxiatuen guneetan bizi direnen bizimodua hobetzeko bidean da Goierriko zigilua duen punta-puntako teknologia. NBE Nazio Batuen Erakundearen errefuxiatuak laguntzeko ACNUR agentziako teknikariek mahai gainean dute Ordiziako Orkli kooperatibak garatutako OkSol eguzki kolektore termikoa. Eguzki energiaren bidez ura berotzen du sistema horrek, eta ez du argindarrik behar; errefuxiatuen guneetarako baliagarria izan daitekeen aztertzen ari dira.

ACNUR agentziak aldiro-aldiro azokak antolatzen ditu errefuxiatuen alde mundu osoan egiten duen lanerako onuragarriak izan daitezkeen produktu eta zerbitzuen bila. Orkli kooperatibako Antolaketa-garapeneko teknikaria den Axier Lekuonak azaldu duenez, 2017an Valentzian (Herrialde Katalanak) egin zen azokan aurkeztu zuen komertzial sailak, OkSol-a parametro horietan sartzen zela iritzita. OkSol-aren sare elektrikoarekiko autonomoa eta garraiatzen erraza izatea izan dira produktua azokan onartua izateko giltzarriak; hau da, “argindarrik gabeko eremuetan erabilgarria izatea, eta leku batetik bestera eramangarria izatea”.

OkSol-a errefuxiatuen guneetan aplikagarri izan daitekeen aztertzen ari dira; eta Orkli, berriz, ACNURen hornitzaile izan ahal izateko homologazio prozesuan murgilduta dabil orain.

Merkatuan bakarra

Merkatuan dagoen eguzki kolektore termiko autonomo bakarra da OkSol-a; ez du argindarrik behar funtzionatzeko. 2×1 metro ditu, eta aparatu berean biltzen ditu osagai guztiak: eguzki izpien beroa jasotzeko plaka xurgatzailea, bero hori uretara helarazteko zirkuitua eta ponpa, 150 litroko ur biltegia… eta hori guztia abiarazten duen panel fotovoltaikoa. Eguzki energia eraldatu eta argindarra sortzen du panel horrek, sistema martxan jartzeko adina. “Ura eta eguzkia besterik ez dira behar”, azaldu du Lekuonak.

Baina bere ahalmenagatik eta eguzkiarekiko mendekotasunagatik, OkSol-ak ezin ditu ase etxe batek urte osoan dituen ur beroaren premia guztiak. “Eta horregatik planteatzen da sistema osagarri gisa”. Hala ere, Lekuonaren arabera, “aproposa” izan daiteke baserri, etxe bakarti edo kanpinetarako. “Eta argindar horniketarekin arazoak dituzten tokietarako; baita, oro har, kontsumo pauta txikia duten guneetarako ere”.

Urte askoko lanaren emaitza da OkSol-a. Merkatuan dago dagoeneko, eta harrera ona jasotzen ari da. “Kontzeptuak atentzioa ematen du azoketan eta produktua aurkezten dugun guneetan, baina sistemak zehaztapen gehiago behar ditu oraindik”. Hori dela eta, etengabekoa da ikerketa, eta lantokian bertan metro koadro ugari eskaini diote produktuari. “Orklin ilusio handia jarri dugu bere garapenean, eta enpresaren berrikuntzaren ikur bihurtu dugu”, adierazi du Lekuonak.

Plan estrategikoa, martxan

Beraz, OkSol-a da Orkliren etorkizuneko erronketako bat, baina ez da bakarra. Izan ere, negozioa hiru lerrotan du banatuta egoitza Ordizian duen kooperatibak: berokuntza, ur beroketa eta gasaren segurtasuna. “Eta bakoitzak bere jomugak ezarrita dauzka oraintxe martxan jarri dugun 2017-2020 Plan Estrategikoan”.

Hala, merkatua Europara zabaltzea da berokuntzaren negozioaren erronka nagusia —atal horretan kokatuta dago OkSol-a—, bai eta produktuetan izaten ari den aldaketari eustea ere. Ildo horretan, Orkli beti identifikatu izan da etxeko erradiadore balbulekin, eta zoru erradiatzaileen bidezko berokuntza sistemaren aldeko apustua egin du azkenaldian, tenperatura baxuko soluzioak ezartzeko joerari jarraikiz. Fabrikatzaile izatetik proiektu diseinatzaile izatera igaro da Orkli, eta horixe da, hain zuzen, “etorkizuneko negozio iturria”.

Beroketan, berriz, aldaketak izan dira negozioaren ikur izan diren ura berotzeko galdaretarako piezen produkzioan. Hidraulikaren alorreko piezak soilik fabrikatu dituzte orain arte; hau da, ura garraiatzeko latoizko tuboak, ponpak… Gasa erretzen den gunera pasatu, eta Orklik bakarrik erabiltzen duen zeramikazko pieza duen erregailu bat egiten hasi dira orain. Galdaretako hidraulika piezekin bezala, erregailuarekin ere “erreferente” bihurtu nahi du Goierriko kooperatibak.

Gasaren segurtasunaren adarrean, berriz, gasak berez duen arrisku potentziala ekiditeko konponbideetan “lidergoa mantentzea” da erronka, Lekuonak azaldu duenez. Gasa erabiltzen duten sukaldeko tresnetarako bi pieza fabrikatzen dituzte alor horretan; pieza horiek ziurtatzen dute ez dela gas isuririk egongo erregailuan sua falta denean. Historikoki Orklirekin identifikatu izan diren produktuak dira arlo horretako bi pieza horiek.

Orklik badu beste helburu bat hiru negozio lerroen erronkekin batera: “Berrikuntza mailan disruptiboak izan behar dugu; produktu edo negozio lerro berriak garatzearen alde gaude”. Hasita daude gogoeta egiten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.