Aralar, lehoinabarren bizileku

Aralar, lehoinabarren bizileku

Miriam Luki

Bai. Behinola, lehoinabarrak bizi izan ziren Aralarren. Gaur egungo begiekin begiratuta sinestezina dirudien arren, milaka urte atzera egin, eta orduko paisaia, fauna, landaredia zein bizimodua aztertzeko “jarrera irekia” behar dela azaldu du Jose Antonio Mujika EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta arkeologoak. “Alde batera utzi behar dira buruan ditugun eskemak”. 750 urte beteko dira aurten Ordiziak hiri-gutuna jaso zuela, eta hitzaldi sorta bat antolatu dute horren harira; tartean, Mujikaren beraren Bizitza eta heriotza Aralarren erromatarren aurretik hitzaldia.

Goierriko haranetan lehoinabarrak, elefanteak eta tximuak bizi izan ziren orain 125.000 urte, bai. “Duela 70 urte elefanteen aztarnak aurkitu zituzten Martuteneko harrobi batean, Donostian, eta, han bazeuden, Goierrin ere egongo ziren”. Izan ere, epelagoa zen orduko klima, eta paisaiak ez zuen zerikusirik egungoarekin. Izotz Aroa iritsi zen epelaldiaren ondoren. Ordukoak dira Aralarko aztarnarik zaharrenak; 100.000 urte egin behar da atzera.

Neandertalgo gizakiaren aroa izan zen. Haiek egindako tresnak aurkitu zituzten. Esate baterako, karraskagailuak. Besteak beste, larruak garbitzeko erabiltzen zituzten erauzitako harri printzekin egindakoak. Gaur egungoak baino sendoagoak ziren Neandertalgo gizakiak, astunagoak, eta hezur lodiagokoak. “Kopeta iheskorra” zeukatela azaldu du Mujikak, eta kokotsik ez zeukatela. “Hori da bereizten gaituen ezaugarri nabarmenena”.

Goierrin hutsunea dago garai hartako tresnak aurkitu osteko urteetan; historiaren isiltasuna. 75.000 urte inguruko isilunea da. Duela 25.000 urtera artekoa da hurrengo jauzia. Zergatik? “Kobazuloetan bizi zen gizakia, eta kobazuloak dauden tokietan bilatu behar da informazioa”. Gipuzkoari dagokionez, Deba inguruan, Errenterian eta Zestoan egin izan dituzte aurkikuntzak. “Baina ez ziren kobazuloetan soilik bizi, janaria zegoen edozein tokitan baizik”. Zein da, ordea, arazoa? “Toki haiek aurkitzea eta han aztarnak egotea. Goierrin goialdean daude kobazuloak; Ataunen, esaterako. Harperik ez dagoen tokietan ez dakigu non bilatu; hor sortzen da hutsunea”.

Duela 40.000 urte zabaldu zen Homo sapiens sapiens-a, lorratzetan hutsunea dagoen tarte zabal horretan, baina nor da gizaki hori? “Gu”, erantzun du Mujikak. Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik iritsi zen Euskal Herrira, eta bertakoekin nahastu zen gero, Goi Paleolitoan, duela 40.000 urtetik 11.500 urtera. Garapen bat dagoela uste du Mujikak. “Ehiza teknikak garatu ziren; hezur tresneria erabiltzen hasi ziren; lantza puntak eta zulatutako makilak apaintzen zituzten…”. Alabaina, ezer ez da gertatzen bat-batean: “Joera bat dago aroak tupustean hasten direla pentsatzeko”. Aldaketa ugari izan zen garai hartan, mundu sinbolikoaren garapena da azpimarragarriena —arte higigarria eta hormetakoa, ehorzketak…—. Aurretik ere, ordea, bazeuden aztarnak. Duela 80.000 urteko aurkikuntzak egin izan dituzte Afrikan, eta garai hartako ostruka arrautzak ere aurkitu izan dituzte margotutako irudi geometrikoetan.

Beste aldaketa nabarmen bat izan zen tarte horretan: klimarena. “Orain 11.500 urtetik honakoa da egun dugun klima”. Izotz Aroaren azken unean epelduz joan zen klima. Basoak ugaritu egin ziren; urritu egin ziren pinudiak, eta zabaldu haritzak zein ezkiak, hosto erorkorreko zuhaitzak, orokorrean. Ondorioz, aldatu egin ziren animaliak, eta espezie asko desagertu zen garai horretan: leize hartzak, mamutak, lehoinabarrak, lehoiak… Beste espezie batzuek, berriz, emigratu egin behar izan zuten landarediaren aldaketaren eraginez. Igo egin zen itsasoaren maila, eta gizakiak aldatu egin zituen bere teknikak. “Ez da gauza bera bisonteen atzetik joatea edo oreinen atzetik ibiltzea. Adibide gisa, arkua garatu zuten”. Ataungo Pikandietan eta Idiazabalgo Artegietan aurkitu zituzten Goierrin bizi izan ziren Homo sapiens sapiens haien aztarnak; azken ehiztari biltzaileak izan ziren haiek.

Neolitoa eta heriotza

Neolitokoa da hurrengo geldialdia. Harria leundu zuten garai hartan, eta, aizkorak egiteaz gain, zeramika lantzen eta animaliak nahiz landaredia etxekotzen hasi ziren. Garai hartakoak dira lehenengo herrixkak, eta Euskal Herrira orduan iritsi ziren ardiak eta ahuntzak, Ekialde Hurbiletik. Arabako Errioxan daude garai hartako aztarnarik zaharrenak. Baina isiltasuna nagusituko da, berriz ere, neolito garaiak oso aurrera egin arte. Duela 6.000 urtetik hona berriz agertuko dira aztarnak, eta aldaketa horrek badu zerikusirik heriotzarekin.

“Nomadak ziren gizaki haiek, eta denbora tarte laburrean egoten ziren indusketekin aztertzen dituzten haitzuloetan. Ezezagunak dira gainontzeko bizilekuak”. Mujikaren hitzetan, Neolito garaian herrixkak sortu zituztenean iritsi zen aldaketa. Duela 7.000 urteko hilerri bat dago Los Arcosen (Nafarroa); zulo bat dago hilotz bakoitzeko, eta, asko jota, binaka daude gorpuak. Animalia, apaingarri edo lurrontzi batekin daude batzuk. “Duela 6.000 urte ekin zieten talde ehorzketei. Hildakoak ezkutatu egiten zituzten ordura arte, baina handik aurrera eraikuntzak egiten hasi ziren —trikuharriak—”. Adituaren hitzetan, naturan zeuden haitzulo edo kobazulo txikiak baliatzen zituzten horretarako. “Paisaia banatu egin zuten haiek, eta erreferente izango dira, mugarri”.

Beste pauso bat emanda, duela 3.000 urte hasi ziren errausketak egiten. Harrespilak Leitzaran arte (Nafarroan) bazeudela eta Goierrin ezin aurkituta ibili ondoren, Ondarrekoa aurkitu zuen Mujikaren lantaldeak, Aralarren. Harri bat, bi… Indusketak egin, eta 35 bat harri agertu ziren bueltan-bueltan: harrespila bat. Harri bat, iraganaren zantzuak ikusteko begirada, eta zoria ere behar da aurkikuntzetarako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.