Bakardadearen egunerokotasuna

Bakardadearen egunerokotasuna

Beñat Alberdi

Gizarte zerbitzuek badaukate halako estigma bat lanerako: behar larriak dituztenek soilik jotzen dute bertara, edo, nahiz eta beharra izan, baztertu egiten da laguntzaren beharra. Traba horiek zaildu egiten dute errealitatearen argazki on bat lortzea. Egoeraren jakitun, diagnosia egiteari ekin dio Aretxabaletako Udalak. 70 urtetik gora dituzten eta bakarrik bizi diren pertsonen bizi kalitatea zein den jakin nahi dute zehazki. Begoña Arenaza eta Mireia Aiastui udaleko gizarte zerbitzuetako langileek argi dute helduen beharretara egokitu behar dituztela zerbitzuak, eta, batez ere, asebeteko dituzten zerbitzuak prestatu.

“Guregana beti etorri izan dira behar handia daukatenak edo osasun zerbitzuetatik bideratu dituztenak”, azaldu du Aiastuik. “Baina susmoa daukagu badaudela beharra duten eta zerbitzua ezagutu ere egiten ez duten beste batzuk”. Informazioa falta dutela oinarri hartuta hasi dute diagnosia. Datuak bilduko dituzte, herriak dituen beharrak ase ditzaten. “Oso garrantzitsua da beharrak zeintzuk diren jakitea, horren arabera diseinatuko ditugulako erantzunak”.

Errolda erabili dute bakarrik bizi diren 70 urtetik gorako pertsonak zenbat eta zein diren jakiteko. Hala ere, ez dituzte elkarrizketatuko bi baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiak. “Herri txikia da Aretxabaleta, eta bertakoak gara gu biok”, nabarmendu du Arenazak. Diagnosirik egin gabe, pertsona askoren bizimodua ia bertatik bertara ezagutzea ahalbidetu die horrek. Egun 70 urte baino gehiago izatea ez dela duela 50 urte zenaren berdina zehaztu du, ordea: “Bestelako bizi kalitatea daukate orain, eta bestelako ahalmen ekonomikoa. Askok ez dute ikusiko gizarte zerbitzuen beharrik. Are gehiago, atzera bultza ditzake eurengana hurbiltzeak”.

Banan banako elkarrizketak egingo dituzte, bakoitzaren egoeraren berri izateko. Bost bloketan bereizi dituzte galderak: egoera pertsonala, etxebizitzaren egoera, elkarbizitza, osasun zerbitzuekiko harremana eta gizarte zerbitzuekiko harremana.

Egunerokotasuna aztertuko dute lehenengo hiru blokeek, hala nola etxetik zenbatero irteteko joera duen edo bisitarik izaten duen. Familiarekin eta ingurukoekin duen harremanak ere badu garrantzia. Arazoren bat izanez gero norengana jotzen duen, adibidez. Baina etxebizitzaren egoera da azpimarragarriena: eraikinak igogailurik ba ote duen, komuna erabiltzeko arazorik sortzen ote zaion, obraren baten beharra ikusten ote duen… Egunerokotasuna euren kontu gara dezaketen jakingo dute horri esker. Bestelako funtsa dauka osasun zerbitzuekin duten harremanaren azterketak. Medikuarengana noiz joan behar izaten duten jakiteaz gain, tratamenduaren jarraipena nork egiten dien ere aztertuko dute.

Gizarte zerbitzuekin duten harremanaren diagnosiak aseko du diagnosia egingo dutenen helburuetako bat: zerbitzuak eta langileak ezagutaraztea. “Askok esan izan digute ez zekitela gure lana hori zenik, eta urte asko daramatzagu hemen lanean”, zehaztu du Arenazak. Gizarte zerbitzuetako langileen izenak ba ote dakizkiten galdetuko diete, adibidez, baita zer eskaintzen duten ba ote dakiten ere. Izan ere, askotan ezezagunak dituzte eskura dauzkaten zerbitzuetako batzuk, telelaguntza, esaterako. Etxeko telefonoan modem bat kokatzen dute kasu horretan, eta kasu larriren batean botoi bat sakatuta adineko horiek zuzenean jartzen ditu SOS Deiak larrialdi zerbitzuekin harremanetan.

Egoerari erantzuteko neurriak hartuko dituzte behin benetako argazkia lortuta. “Garrantzitsua da jakitea sortzen dugun horrek erantzuna jasoko duen”, esan du Aiastuik. “Antola genezake zerbait gero balio izango duen jakin gabe, baina gainditu egin nahi dugu hori. Erabiltzaile potentzialek esan dezatela zer behar duten eta nola jaso nahi duten”.

Kirola egitea sustatuz

Adin eta baldintza jakin batzuetako pertsonen egoera ezagutzeko egingo dute diagnosia, baina egunerokoan ere diagnosiak egitea izaten da euren lana. Arenazak familia medikuen lanarekin alderatu du eurena: “Medikuek gripea edo eztula duzun diagnosia egiten duten moduan, unean uneko egoera irakurtzen dugu guk ere, eta horren araberako erantzuna eman”. Pertsona autonomoen, hots, euren kabuz bizi direnen, eta mendekotasun txikia dutenen kargu egiten da udala, eta aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren esku gelditzen dira mendekotasun ertain eta handia dutenak. “Dena dela, guk geuk bideratzen ditugu zerbitzu horietara”, argitu du Aiastuik.

Egunerokoan beharrik ez duten pertsonak ere aipatu dituzte biek. “Osasun zerbitzuek aspalditik martxan daukate kirola sustatzeko kanpaina bat”, zehaztu du Arenazak. Gimnasiora joatea baino gehiago, egunero kirol pixka bat egitea bultzatzen du kanpainak, paseotxo bat emanez, esaterako. “Eta heldu guztientzat da hori, ez mendekotasunen bat dutenentzat bakarrik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.