Elkar elikatzen duten bi herri

Elkar elikatzen duten bi herri

Aitziber Arzallus

Hilabete barru abiatuko da elikagaiz betetako karabana Euskal Herritik Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpalekuetara. Sei trailer, kamioi zurrun bat, bi autobus, bi anbulantzia eta 220 tona oinarrizko produktu eraman zituzten iaz, eta are gehiago eraman nahi lituzkete aurten. Horregatik, azken asteotan buru-belarri ari dira lanean saharar errefuxiatuei laguntzea helburu duten elkarteetako boluntarioak. Baita Zumaiako Darahli elkartekoak ere. Joan den astean egin zuten bilketa herriko ikastetxe eta saltokietan, eta, Samuel Ruiz elkarteko koordinatzailearen arabera, “gustura” daude emaitzarekin. “Ehundik gora gazte jardun dira lanean, eta 3,5 tona bildu ditugu, iaz baino 300 bat kilo gehiago”.

Bilketak eragindako lanak bukatu dituzte, baina oraindik ere badute zer eginik. Izan ere, Aste Santuan Zumaiako 85 bat ikasle eta begirale Tindufera joango dira hango egoera bertatik bertara ezagutu eta hango herritarren bizi kalitatea hobetzeko hainbat lan egitera. Eta bidaia hori finantzatzeko, zesta-punta jaialdia antolatu dute biharko.

Lau pilotari handi ariko dira lehian Zumaiako Aitzuri pilotalekuan: Iñaki Osa Goikoetxea eta Gotzon Enbil, Mikel Egiguren eta Eric Irastorzaren aurka. Enbilek iragan abenduan jokatu zuen profesionaletako azken partida, baina biharko partidarekin esango dio agur bi hamarkadako ibilbideari. Aurretik, zesta-punta eskolako pilotari gazteek jokatuko dute partida. 19:00etan hasiko da jaialdia, eta 10 euroan eros daitezke sarrerak, Zumaiako turismo bulegoan, Aitzuri frontoian, Lubaki kiroldegian, BQD Bidaiak agentzian eta Sei Zortzi tabernan. “Sarrera polita” izango dutela aurreratu du Ruizek.

Zumaiako gazteek Tindufeko errefuxiatu guneetara egingo duten bosgarren bidaia izango da aurtengoa. Orain dela dozena bat urte, Saharan zela, Zumaiako Maria eta Jose ikastetxeko irakasle batekin topo egin zuen Ruizek. “Zumaiako institutuko irakaslea naiz ni, eta esaten hasi ginen herriko ikastetxeetan Sahararen aldeko egitasmo bateratu bat sortu behar genuela”. Hala, 2006an egin zuten lehen bidaia. Hamabost bat irakasle eta 70etik gora ikasle joan ziren, astebeterako. Baita herriko alkatea eta Euskal Telebista ere. “Oso bidaia polita izan zen, esperientzia bikaina; oso pozik bueltatu ginen bai ikasleak eta bai gu, irakasleak. Eta bidaia horren ondoren sortu genuen Darahli, saharar herriaren aldeko Zumaiako elkartea”. Darahli hitzak besarkatu esan nahi duela kontatu du Ruizek: “Besarkatu bi herri, Euskal Herria eta Mendebaldeko Sahara, Zumaia eta Zug. Hain zuzen, Zug herria senidetuta dago Zumaiarekin, eta horregatik daukagu harekin harremana”.

Horrelako bidaia bat egitea, ordea, asko kostatzen da azpiegitura eta finantzaketa aldetik. “Ez da urtero egin daitekeen bidaia bat”. Hiru urtean behin DBH4ko ikasleek egitea erabaki zuten. 65 ikasle eta hamalau begirale joango dira aurten, duela hiru urte ikasle gisa joan zirenak. Eta, horiez gain, Darahli elkarteko kide batzuk, sendagile bat eta erizain bat ere bai. 85 bat lagun guztira.

Bidaia, baina, proiektu oso baten “azken ginda” besterik ez dela azaldu du Ruizek. “Urtebete daramagu lanketa egiten, ikasleek jakin dezaten nora goazen, zer topatuko dugun, zer behar dituzten eta zein den gure egitekoa”. Bi proiektu garatuko dituzte aurten: elektrizitate arlokoa bata, eta margoketa arlokoa bestea. “Elektrizitatea aurten sartu dute kanpaleku guneetara, eta guk egin behar dugu argiteria instalazio osoa udaletxeak dituen hemezortzi guneetan eta eskola batean”. Horretan ariko dira 30 bat lagun, eta pintaketan ariko dira gainontzekoak, udaletxea barrutik eta kanpotik margotzeko eskatu baitiete.

Horrez gain, bestelako ekintzak ere izango dituzte: arratsalde batean zenbait tailer egingo dituzte eskolan; sahararrei euskal dantzak erakutsiko dizkiete, eta haiek eurenak erakutsiko dizkiete gero; antzerki bat prestatzen ere ari dira gero hango eskola handi batean egiteko… Gainera, janariaz gain, sendagaiak eta eskolako materiala biltzeko kanpaina bat ere egingo dute otsailean Zumaian, bildutakoa hara eramateko.

Ruizen hitzetan, “oso gogotsu” daude ikasleak, “joateko falta diren egunak kontatzen”. Baina urduri ere badaudela azaldu du. “Erantzukizun handia dutelako. Astebetean gauza asko egin nahi ditugu, ikasle bakoitzak bere zereginak ditu, eta oso garrantzitsua izango da dena pentsatu bezala egitea”.

Saharautzekoak, abenduan

Saharautz Zarauzko elkartasun taldeko kideak, berriz, abenduan izan dira saharar errefuxiatuen kanpamentuetan, hiru lankidetza proiektu garatzen: 750 euroko laguntza eman diete beharrik handieneko familiei, ur-hodirik ez zuten bost haimatan bidoi bana jarri dute, eta baratze-haztegi bat eraikitzeko lehen urratsak ere egin dituzte, Zestoako Tebal elkartearekin batera. Iazko udan egindako Sahara Gara jaialdiari esker lortu zuten proiektu horiek finantzatzeko dirua.

Aurten ere iazko ildotik jarraituko dutela azaldu du Xabier Euzkitze elkarteko lehendakariak. “Egunotan ari gara egiten elkartasun karabana. Kutxak jarri ditugu herriko saltoki nagusi denetan, eta ikastetxeak ere ohi bezala laguntzen ari dira. Zinez eskertzen dugu eskaintzen diguten azpiegitura”. Bestalde, Saharautz elkartasun taldeko kideak eskolaz eskola dabiltzala gaineratu du Euzkitzek. “LH4, LH5 eta LH6 mailetako ikasleei Saharari buruzko oinarrizko informazioa eman, eta Oporrak Bakean programarako familiak bilatzen ari gara. Aurten ahalegin berezia egiten ari gara harrera familiak lortzeko. Ea ahaleginak emaitzarik duen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.