Hitz egin dezala errepideak

Hitz egin dezala errepideak

Unai Zubeldia

Errepideen portaera termikoa nolakoa den aztertu nahi dute, “gune kritikoak zein diren jakiteko; izotza sortzeko edo elurra hasten duenean lehen geruza hori errepidean gelditzeko arriskua non dagoen jakiteko”. Eusko Jaurlaritzaren Neguko Planaren barruan, errepideen mapa termikoa osatzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren departamentua, eta mapa termiko bakarrean 677 kilometro txertatzeko erronka daukate orain. “Unean uneko neurriak hartzen lagunduko digu mapa termiko horrek”, zehaztu dute aldundiko ordezkariek. “Sentsore espezifiko batzuk jarriko ditugu gunerik kritikoenetan, alarma batzuen bidez ahalik eta azkarren eduki ahal izateko errepide bakoitzeko tenperatura aldaketaren berri”.

Gogor doa aurtengo negua, bi elurte handi samar izan direlako dagoeneko; abendu hasieran izan zen lehenengoa —itsas mailaraino egin zuen elurra abenduaren 1ean—, eta urtarril hasieran bigarrena —elur geruza handia pilatu zen gune askotan—. Elurra ederra da begira egoteko, baina arriskutsua errepiderako, eta aldundiak beste tresna bat eskura izango du laster, unean-unean balizko neurriak hartzeko. Aurtengo neguan ari dira garatzen sistema berri hori, eta, ondo bidean, 2018-2019ko neguan jarriko dute martxan, 2018ko azaroaren 15etik 2019ko apirilaren 15era. Mapan sartuko dituzte Gipuzkoako bost errepide nagusiak: AP-1a, AP-8a, A-15a, N-1a eta GI-632a. “Baina baita Donostia inguruan dauden beste hainbat errepide ere, N-634 kostaldeko errepidea, GI-627a, N-121a, GI-631…”.

Aldaketarik ezean, aldundiko teknikarientzat eurentzat izango da baliagarria informazio guztia. “Printzipioz, herritarrek ez dituzte izango eskura mapa termikoaren datuak, azken batean gure kudeaketarako tresna bat gehiago delako. Baina ikusiko dugu etorkizunean pauso hori emateko aukera dagoen edo ez”. Azken urte luzeetako errealitatea aztertuta, Gipuzkoako Foru Aldundia jakitun da elurrarekin eta izotzarekin zein errepidetan izaten dituzten arazorik handienak. “Udanan, adibidez, badakigu arazoak izaten ditugula, altu dagoelako eta elur dezente egiten duelako”. Baina hurrengo negutik aurrera “osagarri baliagarria” izango da aurten garatzen ari direna.

Gatza botatzean, lagungarri

Behin lanean hasita, errepideen mapa termikoak ez du bermatuko une jakin bateko erantzuna bakarrik. “Iragarpen zehatzagoak egiten ere lagunduko digu mapak, eta erabaki zuzenagoak hartu ahal izango ditugu horri esker”. Alegia, gatza botatzean, esaterako, gune zehatzagoan bota ahal izango dute. “Gatzak kalte egiten die bai errepideei eta bai autoei, eta, sistema berri honi esker, gunerik hotzenetan bakarrik bota ahal izango dugu gatza. Errepide guztiak behar badu, errepide guztian botako dugu, noski, baina zehaztasuna irabaziko dugu sistema berri honi esker”.

Tresna guztiak euren mesederako dituztela azaldu dute aldundiko Bide Azpiegituren departamentuko arduradunek. “Asfaltoaren azpiko lurzoruaren araberakoa delako, askotan, tenperatura hotzaren eragina. Zubi batean eta zorua duen azpiegitura batean, adibidez, portaera termikoa ez da berdina. Hori guztia kontrolatu nahi dugu. Kasu bakoitzean faktore meteorologikoak eta hortik kanpokoak hartu behar izaten dira kontuan”.

Aldundiaren hitzetan, baldintza jakin batzuk behar dira sistema guztia ondo garatzeko. “Egunez, hodei gutxi eta eguzkitsu egotea komeni da, zorua ahalik eta beroen egon dadin; eta gauez, berriz, batere lainorik ez. Ahalik eta aldaketa termikorik handiena lortzen saiatzen gara”. Horregatik beharko dute negu guztia errepidean barrena ibiliko den autoak informazio zehatza lor dezan. “Sentsore infragorriak dauzka auto horrek, eta baita tenperatura eta hezetasuna neurtzeko termohigrometro bat eta GPSa ere”. Hogei metrotik hogei metrora biltzen du informazioa—. Behin datu guztiak bilduta, “pare bat aste” beharko dituzte mapa osatzeko. Behin eta berriz argi geratzen den moduan, gizakiak nekez kontrola dezake naturaren indarra, baina unerik kritikoenetarako Gipuzkoak informazio baliagarria izango du hurrengo negutik aurrera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.