Joxe Mari Izeta: “Benetako eztabaidarako aukera lapurtu zaio herriari”

Joxe Mari Izeta: “Benetako eztabaidarako aukera lapurtu zaio herriari”

Eider Goenaga Lizaso

GuraSOSeko lehendakaria da Joxe Mari Izeta (Usurbil, 1966), eta GuraSOSek proposatu zuen Hitzartu dinamika abian jartzea. Beste hainbat eragilerekin batera, abenduan aurkeztu zuten 2018an gauzatuko duten parte-hartze prozesua. Hiri hondakinen kudeaketarako plan berria adostu eta diseinatzea dute helburu, betiere demokrazian sakonduz. Dirua ere behetik gora bilduko dute, auzolanean, finantzaketa kolektibo bidez. Gutxienez 30.000 euro lortzea dute xede, eta jada lortu dute lehen fasean jarritako 10.000 euroko helburua. Kopurua erraz gainditu zuten astearterako, eta ekarpenak jasotzen ari ziren atzo.

Zer da Hitzartu dinamika?

2016an amaitu zen PIGRUG Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralaren iraupena, eta Europako araudiak dio herritarren partaidetzarekin landu behar dela plan berria. 2016ko maiatzean Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak iragarri zuen hiri hondakinen kudeaketari buruz inoiz egin gabeko parte-hartze prozesu bat egingo zela. Hurrengo egunean tiradera batean gorde zuten asmo hori. Gaur arte ez dute horretaz ezer gehiago esan, eta horren ondorioa da Hitzartu.

Zuek hartuko duzue herriari hitza emateko ardura?

Hori da. Herriari benetako informazioa jasotzeko, benetako eztabaida bat egiteko, benetako ahalduntze bat egiteko aukera lapurtu zaio. Hondakinen kudeaketa gainditzen duen zerbaiti buruz ari gara: demokraziaz ari gara. Berez agintariek egin behar zuten, eta egin ez duten hori herritarrok egingo dugu orain, guk jarriko dugu martxan benetako parte-hartze prozesu bat, eta horretarako tresna da Hitzartu. Urtea amaitzerako 2017-2030erako PIGRUG plana denon artean lantzea da xedea, eta horri baliagarritasuna emateko berme guztiak eskaintzea.

Gatazka ugari sortu du hondakinen auziak. Helburua hori gainditzea ere badela diozue…

Bai. Parte hartzeko eskubidea ez ezik, ados jartzeko aukera ukatu zaigu herritarroi. Liskarra eta tirabira bilatzen zuen eredu horretan ez zaigu utzi adostasunerako bidea egiten. Eta, bide hori egin gabe, hurrengo 35 urteak baldintzatuko dituen proiektu bat daukagu martxan: errauste planta. Liskarra eta haustura gainditu nahi dugu guk, jendea lubakietatik atera dadin nahi dugu, bakoitzak bozkatzen duen alderdiak esandakoa itsu-itsuan defendatzearen eskema puskatu. Orain arteko parametroetatik ateraz gero, sinetsita gaude ados jar gaitezkeela, eta sinetsita gaude, halaber, gizartearen gehiengo handi bat demokrazian sakontzearen alde dagoela.

Abenduan aurkeztu zenuten Hitzartu. Nolako harrera izan du?

Behin errauste plantaren obrak hasi ondoren, halako etsipen bat sumatu da gizartean, galdutzat emate bat, ezer gehiago egiterik ez balego bezala. Guk ere bagenuen etsipen puntu hori parte-hartze prozesu bat proposatu genuenean. Baina ikusten genuen betiko dinamika onartzea zela gauzak bere horretan uztea; agintariek nahi dutena egiten dute, eta herritarrok ezin dugu ezer egin. Etikoki ere ez genuen onartu nahi. Baina badirudi, etsipen horri buelta eman, eta ari dela berriro ere abiadura hartzen. Ari zaigu jendea biltzen, eta ea lortzen dugun gero eta herritar gehiagok ikustea honen beharra. Erraustegiaren eta hiri hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida gainditzen duelako; aldarrikatzen dugulako eskubidea dugula erabakitzeko, lau urtean behin botoa emateaz harago. Hiri hondakinez ari gara, bai, baina, aldi berean, demokrazia sakontzeaz ere bai.

Errauste plantaren obrak martxan daude, eta kudeaketa 35 urterako lotu dute. Zirrikiturik bada ezer erabakitzeko?

Dena itxita dagoela ematen du, ezin dela ezer erabaki; baina, oraindik badaude aukerak, bai adosteko eta bai erabakitzeko. Zergatik? Sinatu den kontratuaren laurden bat obraren kostuari dagokio, beste hiru laurdenak kudeaketari dagozkio, eta %75 hori baldintza dezakegu oraindik. Europak oraindik ez du ezer esan kontratuari buruz, eta salaketa bat egongo da hor; gainera, klausulak sina daitezke, baina legezkoak baldin badira aplikatzen dira. Hor badago aukera oraindik. Halaber, prozesu hau baliatu nahi dugu informatzeko, herritarrek ez baitute informazio osoa; adibidez, jendeak badaki errauste plantan Gipuzkoatik kanpoko hondakinak erre daitezkeela? Jendea ados dago horrekin? Nork erabaki du hori? Hori jakinda, babestuko dute erraustegia?

Proposamen zehatzen bat egingo diezue eztabaidan parte hartuko duten herritarrei?

Ez. Hiru baldintza bakarrik jarriko ditugu guk. Batetik, adostasuna: adostasun gehien duen proposamena onartuko da. Bestetik, osasuna: osasun irizpideak gehien errespetatzen dituenak egingo du aurrera. Eta hirugarrena, Europako ingurumen irizpideak betetzea. Hori bakarrik jarri dugu mahai gainean, eta pentsatzen dugu Gipuzkoan ez dela inor egongo irizpide horien kontra.

Nola gauzatuko da prozesua?

Oraintxe amaitu dugu crowdfunding kanpainaren lehen fasea. 10.000 euro jarri genituen gutxieneko bezala, eta gainditu da; beraz, hurrengo fasean sartuko gara. Prozesuaren dinamizazioari ekingo zaio ekain arte, herritar eta eragileekin batzarrak eginez, iritziak eta ekarpenak jasoz. Ekainetik abendura, jasotako ekarpenekin, mahai sozial bat eta mahai tekniko bat arduratuko dira, elkarlanean, 2017-2030 arteko hiri hondakinen kudeaketarako plana lantzeaz. Plana herritarrei aurkeztuko diegu gero, eta haien oniritziarekin, erakundeetara eramango dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.