Unai Zubeldia
Atzoko hotzalditik eta euri zaparrada desatseginetatik urrun, uda giroa izan zen herenegun Gipuzkoa osoan. Eguzkiak ondo goxatuta, askori joango zitzaien pentsamendua udako terrazetako egonaldietara edo kontzertu epeletara. Udak, Donostian, berekin izaten du beti Jazzaldia, eta hala izango da aurten ere, uztailaren 25etik 29ra. Sei hilabete falta dira, oraindik, bost eguneko gozatu horretarako, baina, oinarrira joanda, dagoeneko hasi da Donostiako 53. Jazzaldia. Izan ere, joan den astean hasi zen tokiko hamar talde aukeratzeko prozesua, eta, astez aste, kontzertu bana izango da Donostiako gune jakin batean; ia ehun musikari izango dira denera.
Nazioartean sona handia daukaten talde ugari izaten da beti Donostiako Jazzaldian, baina antolatzaileek zaindu egin nahi izaten dute bertakoa ere —2006an ekin zioten tokiko taldeen hautaketa prozesuari—. Aurten, 50 proposamen jaso dituzte antolatzaileek, eta, “lurraldetasuna kontuan hartuta”, hamabost onenak aukeratuta egin zuten lehen galbahea. Hilaren 18an hasi zen bigarren fasea, zuzeneko emanaldiena, eta martxoaren 23an izango da azken kontzertua, K3 taldearena. Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan, Kutxa Kultur Klubean eta Fnac-en eskainiko dituzte kontzertuak. Ez da sarrerarik ordaindu beharko aretoetan sartzeko, baina, Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoaren kasuan, gonbidapenak lortu beharko dira aurretik. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Katapulta plataformaren babesa dauka ekimenak.
Epaimahai gisakoa izango da hamabost kontzertu horietan, baina “kalitate artistikoa eta ikusleen erreakzioa” edukiko dute kontuan gainerako artista eta taldeekin batera uztailaren 25etik 29ra Jazzaldian parte hartuko duten hamar taldeak aukeratzeko. Euskal Herriko musikariek edo Euskal Herriko kontserbatorioetakoren batean ikasten ari direnek soilik parte har dezakete tokiko taldeen lehiaketa honetan.
Double Drums Quartetek bere lanak eginda, Ana Bejerano Concept taldearen txanda izango da hurrengo asteartean, hilaren 30ean, Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan. Bejeranok jarriko dio ahotsa laukoteari —Mocedades taldean aritu zen 1985etik 1993ra—, Miguel Salvador ariko da gitarrarekin, Marcelo Enrich kontrabaxuarekin eta Gorka Iraundegi bateriarekin. Bejeranok eta Salvadorrek 2012an sortutako proiektua da.
Proiektu berrientzat aukera
Hurrengo bi kontzertuak, berriz, otsailaren 7an eta 8an izango dira. Reunion Big Band Musikeneko 21 musikarik eta musikari ohik osatutako taldea ariko da otsailaren 7an, Kutxa Kultur Klubean; eta Les Fousen txanda izango da biharamunean. Santi Romanok, Olatz Otxoak, Ainhoa Egigurenek eta Unai Morazak osatzen dute soula, popa eta rhythm and blues musika uztartzen dituen taldea.
Esperientzia handiko taldeak daude lehen pausoa eman duten hamabost talde horien artean, baina Jazzaldian lehen aldiz parte hartu nahi duten beste hainbat proiektu ere badaude tartean. Ulrich Calvo Jazz Quartet, No More Blues, Albericola, Spirit eta David Cid Trio, hain zuzen ere. Uztaileko Donostiako Jazzaldi erraldoiaren aurretik, martxan da, jada, poltsikoko jazzaldia.
Leave a Reply