Aitziber Arzallus
Ez da erraza Mamen Etxaniz (Azpeitia, 1961) etxean harrapatzea. Jakan (Aragoi, Espainia) da egunotan. “Elurra asko gustatzen zait, eta negu partean ahal dudan guztietan etortzen naiz hona”, azaldu du azpeitiarrak, telefonoaren bestaldetik. Eskiatzeko afizioak mundu guztian barrena bidaiatzeko aukera eman dio Etxanizi. Baina, afizio askoko emakumea izan, kirolari amorratua, eta azken abentura, eskien gainean egin beharrean, bi gurpilen gainean egin du: AEBetako Route 66 ibilbide mitikoa, bizikletan. 3.450 kilometro egin ditu, 35 egunean, bakar-bakarrik. Izatez, 3.939 kilometro ditu bideak, eta sei estatu gurutzatzen ditu: Illinois, Missouri, Texas, Mexiko Berria, Arizona eta Kalifornia. Baina, euriteak tarteko, 500 bat kilometro autobusean egin behar izan ditu.
“Ez pentsa, ordea, goizetik gauera egin dudan zerbait izan denik”, argitu du. Etxanizek “bizitza guztia” darama bizikleta gainean, “zakutoa hartu eta alde batetik bestera”. Gogoratu du lehendabiziko aldiz Norvegian ibili zela, orain dela 30 urte baino gehiago. “Eta, gerora, Pirinioetan, Espainian zehar, Landetan, etab. Ezer handirik ez, baina beti bizikletan”. Duela sei urte Tibetera eta Nepalera ere joan zen bizikletaz bidaiatzera.
Batere planifikatu gabe
Iaz, berez, ez zuen asmorik ezer berezirik egiteko, baina ekainean erretiro aurreratua hartu zuen, eta, hil berean, ama galdu zuen. Denbora nahikoa zuela aprobetxatuz, pentsatu zuen: “Zer arraio!”. Eta, halaxe, bidaia prestatzeari ekin zion. “Mapak eta ibilbideak begiratu nituen, baina, gainontzean, ez nuen ezer planifikatuta eraman. Gauzak zetozen bezala hartzeko asmoz joan nintzen”. Hori egin ahal izan zuen. “Nahikoa denbora neukalako, eta ez neukalako presiorik halako egunetarako halako lekutan egoteko. Horregatik, asko gozatu dut, neure buruan ez dudalako loturarik eduki. Horrela bidaiatzeak ez dauka zerikusirik denbora muga bat izanda bidaiatzearekin”.
Entrenatu ere, apenas entrenatu zen. “Azken hiruzpalau urteotan oso gutxi ibili naiz bizikletan. Ama ez zebilen ondo, eta harekin pasatzen nuen libre neukan denborarik gehiena”. Gainera, uste du horrelako ibilaldi luze batera hobe dela gehiegi entrenatu gabe joatea. “Horrenbeste kilometro egin behar dituzunean, garrantzitsua da bizikletan ibiltzeko gogo handiz irtetea. Aurretik asko ibiltzen bazara, arriskua dago hasterako bizikletaz kokoteraino eginda egoteko”. Alde horretatik, lasai joan zen azpeitiarra, bazekielako bidean aurrera egin ahala lortuko zuela sasoi puntua. “Hara joan aurretik, bi aste Landetan pasatu nituen, eta bizikletan ibiltzeko baliatu nituen. Baina, gainontzean, ez nuen egin beste prestakuntzarik”.
Iazko irailaren 27an hasi zuen ibilbidea, bizitzeko behar den guztia bizikletaren gainean hartuta. Hasierako egunetan, kanpadenda batean egin zuen lo, baina, egunak aurrera joan ahala, moteletan ostatu hartzea erabaki zuen. Ibilbideko kilometro gehienetan, basamortua izan du paisaia Etxanizek. “Une gogorrak ere pasatu ditut, baina, oro har, esperientzia zoragarria izan da”. Ibilbidearen lehen zatia “erraz” egin zuela azaldu du. “Indartsu hasi nintzen, bai fisikoki eta bai mentalki”. Bigarren astea “gogorragoa” egin zitzaion. “Fisikoki ondo nengoen, baina gogorra egin zitzaidan Missouritik Mexikora sartzeko basamortu hura; bakardade handia sentitu nuen. Eguraldi eskasa izan nuen, gainera”. Baina emakume amerikar batekin topo egin zuen han. “Eta asko lagundu zidan hark; bidaiaren bigarren zatia egiteko behar nuen konfiantza eta indarra eman zizkidan”. Horren ondoren azken astea “plazer hutsa” izan zela kontatu du.
Hala ere, harrituta dago ibilbidean jende gutxi topatu duelako. “Udaberrian jende askok egiten du Route 66 ibilbidea, baina udazkenean oso gutxik, haize handia egoten delako”. Bakardadeari musikarekin egiten zion aurre. Bizikletaren eskulekuan bozgorailu txiki bat jarri, eta kantuan pasatu ditu orduak eta orduak, basamortuan.
Okerren, janariarekin moldatu da azpeitiarra. AEBetan asfaltatu zuten aurreneko errepidea da Route 66. 1926an zabaldu zuten, baina 1985ean autobide berria egin zuten haren ondoan, eta ordutik jende gutxi ibiltzen da bide zaharrean. “Horregatik, oso zerbitzugune gutxi daude, eta supermerkatuak, hiri handietan bakarrik. Gezurra badirudi ere, McDonald’s-ek eta jatetxe mexikarrek salbatu naute. Behin Kaliforniara ailegatu nintzenean, zeruan nengoela zirudien”. Ziurtatu du handik bueltatu denetik askoz gehiago gozatzen ari dela janariarekin.
AEBetako ibilaldiak ez dio nekerik eragin Etxanizi. Handik itzuli denetik, hurrengo zeharkaldia darabil buruan. “Itsasertzean izango dela uste dut, Mediterraneo inguruan. Ikaragarri gustatzen zait itsasoa; hobeto esanda, bizikletan ibiltzea eta itsasoan bainatzea. Baina, oraingoz, ez dut gehiago aurreratuko”.
Leave a Reply