Rebeka Calvo
Asteburu honetan, Gipuzkoako hainbat herritan ospatuko dituzte inauteriak. Azpeitian bereziak izaten dira oso, eta gaurtik hasi eta hilaren 13ra arte ospatuko dituzte; baita Arrasaten ere; eta Donostian prest daukate astelehenera arteko egitarau zabala. Dena den, Tolosako inauteriak dira ezagunenak, eta festan murgilduta dabiltza jada, atzotik. Txupinazoarekin batera, festa lehertu zen Plaza Zaharrean. Kabi Alai elkarteak izendatzen duen Inauterizale Kuttunak izan zuen suziria botatzeko ardura; aurten, hain justu, Berazubi auzoko karrozako kideek: Agustin Arriola, Ana Ardanaz, Jesus Carabellos, Iñaki Beitia eta Ignacio Alfonsok.
Ez dira horiek, dena den, aurtengo inauterietan omenduko dituzten pertsona bakarrak; herritar askori esker dira hain ezagunak Tolosako inauteriak. Inon idatzirik ez dauden arauez josita dago festa, eta herritarrek zintzo-zintzo betetzen dute urteroko errituala.
Aurten, beraz, luzea da omenaldien soka. Urrutira joan gabe, duela bi aste omendu zuten Tomas Hernandez, 50 urtez inauterien kartela egiteko ardura izan duen artista. Beste hainbat urteurren ere izango dituzte aurten. Herritarrek egiten dituzte inauteriak, eta elkarte gastronomikoetako edo txarangetako kideak dira horietako asko; ospakizunetan murgilduta dabiltza horietako hainbat. Polvo y Paja txarangak 90 urte bete ditu aurten; Aiz-Orratz eta Kabila txarangek, 75; Alcoyano txarangak, 60; Poca Tripa txarangak, 55; Urdiña-Txiki txarangak, 50; eta Sukalde txarangak, 45.
Hainbat aldaketa
Inon idatzirik ez dauden arauak daude Tolosako inauterietan; zaldunita, astelenita eta asteartita dira mozorrotzeko egunak; ia ezinbestekoa da txarangen atzetik saltoka joatea; eta baita arratsaldeetako zezen festetara joatea ere. Aurten badaude berrikuntza batzuk, hala ere. Hirugarren urtez geldirik egongo dira zaldunita, astelenita eta asteartitako karrozak eta konpartsak, baina Tolosako karrozetako ordezkariek ibilbide berria adostu dute udalarekin zaldunita eta asteartita egunetarako, urteotako pilatzeak eta leku faltak saihesteko.
Betiko moduan, San Frantzisko pasealekua eta Rondilla kalea hartuko dituzte karrozek, baina baita Oria kalea, Nafarroa etorbidea eta Foruen etorbidea ere. Neurri horiekin, Triangelu plazaren inguruko pilaketak saihestu nahi ditu udalak. Horiek horrela, 30 karroza eta konpartsa handienek leku zehatza izango dute ibilbidean, eta ezingo dira mugitu; 30 metroko distantzia izango dute elkarren artean. Bestalde, plataforma eta konpartsa txikiagoek aukera izango dute leku finkoan egoteko edo nahi duten moduan mugitzeko, baina hamar metroko distantzia errespetatu beharko dute guztiek.
Karroza eta konpartsa handienetako arduradunek Tolosako Karrozak elkartea sortu dutela, hori da beste aldaketetako bat. Aimar Alonso ordezkariak azaldu duenez, “inauterien antolaketari nahiz denen ongizateari begira erabakiak hartzea eta ordezkaritza izatea” da helburua. 77 karroza eta konpartsa aterako dira aurten, eta 1.400 haurrek parte hartuko dute astelenitan, aisialdi taldeekin.
Zezen plazako festa ondokoa izaten da inauterietako momentu kutunenetakoa. Alde zaharrerantz abiatzen dira txarangak, eta atzetik joaten da jendea. Iaz, dena den, haserre amaitu zuten txarangetako kideek. Ez da arazo berria, baina iaz lehertu zen. Karrozen, jendearen eta txarangen arteko espazio eta zarata arazoak zirela medio, izugarri luzatu zen zaldunita eguneko jaitsiera, eta, horregatik, aurten akordio bat egin dute udalak, txarangek eta karrozek: zaldunita egunetik asteartitara bitarte, karrozek eta konpartsek ezingo dute musikarik jarri 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Zezen plazako sarrerek ere buruko min dezente sortzen dute urtero. Edukiera kontrolatu nahian, udala duela urte batzuk hasi zen zezen plazan sartzeko sarrerak Internet bidez eta Leidorreko leihatilan saltzen. Urtero kexa ugari izaten da herritarren artean, eta aurten ere hamahiru minutuan amaitu ziren sarrerak Internet bidez salgai jarritakoan. Leidorreko leihatila ireki zuten egunean, berriz, ilara luzeak sortu ziren kalean, eta leihatila 16:00etan irekitzekoa bazuten ere, bat baino gehiago 05:00etatik egon zen ilaran.
Danborrada berpiztu nahian
Zaldunita bezperako danborradak ere eman du zeresanik aurten. Izan ere, indarra galduz joan da azken urteotan, eta, horregatik, ohitura hori berritzen eta indartzen saiatu dira aurten. Batetik, talde bateratu bat osatu dute danborradan parte hartzen duten taldeetako parte hartzaile guztiek, antolakuntza lanak hobetu eta hura sustatzeko asmoz. Aurten, Plaza Zaharretik abiatuko da martxa, eta bertan amaituko da. Galtzaundi pieza joz ekingo diote danborradari, eta kantatu ere egingo dute danborra jotzearekin batera. Behin hura amaituta, eta talde giroa sustatzeko asmoz, parte hartzaile guztiek, lehen aldiz, elkarrekin afalduko dute Zerkausian.
Leave a Reply