Leire Narbaiza
Goñiko udalekuan izan zen. Jaiki berri, nagiak ateratzeke, gosaldu barik nengoela, umetxo bat hurreratu eta “Leire, zer da kultura?”, bota zidan brastakoan. Halako atakan gutxitan jarri naute, baina gai izan nintzen zer edo zer esateko, erantzuna akorduan ez badaukat ere. Badakit azaldutakoarekin konforme geratu zela mutikoa. Ziur nago, ordea, adierazi niona ez zela azaldu nezakeen egokiena.
Kultura berbari nabil bueltak ematen azken boladan. Izan ere, aspaldion izan da hizpide. Batetik, Maialen Lujanbio eta Messi elkartu zireneko anekdota daukagu. Lau haizeetara zabaldu zen bosteko hura, baita titular bitxi eta lotsagorritzeko moduko batzuk ere: Messiri poesia euskaraz erakutsi zion emakumea, esate baterako. Argi laga ziguten kulturaren zabalkundea egin dadin futbola erabili behar dela, baina ez duela balio edozein partidak edo jokalarik, onenak baino ez omen dira egokiak horretarako. Espainiako hedabideek jaramonik egingo ote zioten Lujanbiori ohorezko sakea Reala-Eibar norgehiagokan izan balitz? Ez dut uste. Argi lagatzen digu anekdota horrek estatu, probintzia, herri honetan adierazpen kulturalari ematen zaion garrantzia.
Bestetik, nabarmendu gura nituzke azken boladan politikariei entzun eta irakurri dizkiedan adierazpenak. Esandako kontuek kulturaren gainean jarri dute fokua. Aitortu beharra dut horietako berba batzuek ikaragarri despistatu nautela. Batez ere, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuaren hitzak izan dira krakatekoa eragin didatenak.
“Krakatekoa, zergatik?”, galdetuko du batek baino gehiagok. Itxasori entzun izan diot, birritan-edo, turismoa hitzarekin erantzuten kultura gaiez galdetu diotenean. Behin, Txillida-Leku zen gaia, eta bestea Balentziaga museoa. Bietan azpimarratu zuen turistak erakarriko zituztela museo horiek; behin ere ez, ostera, gipuzkoar eta euskaldunondako zein garrantzitsua izan zitekeen halako espazio bi izatea kulturaz disfrutatzeko. Harrigarria kultura diputatuaren ahotik halakorik entzutea, nahiz eta badakidan turismo diputatua ere badela. Kontua da bere karguan zeri ematen dion garrantzi handiagoa. Niri, behintzat, garbi laga zidan adierazpen horietan.
Bestalde, Ismael Manterolak orain hilabete BERRIAko artikulu batean kontatu zigun Urkulluk Gasteizko Artiumen egindako ekitaldia. Kritikatu egin zuen museo horretan propaganda egitera joan zirela, lehendakariak adierazi zuelako euskal kulturak eta arteak momentu goxoa bizi dutela. Manterolak hitzez hitz dio: “Nola azaldu esaldi hori gure inguruan egoera prekarizatu batean bizi diren ikasle ohiei? Orain dela 10 urte artearen bideari ekin ziotenei eta etsipenez beste zerbaiti heldu behar izan diotenei? Nola esan daiteke horrelakorik azken urteetan 0 euroko aurrekontuarekin lan egin duen museo batean? Nola esan daiteke horrelakorik artearentzat azpiegitura eta diru laguntza gutxien duen lurraldean?”.
Gure mentalitate industrial honetan, beharrezkoa ez den zerbait da kultura. Agian polita egiteko balio duena, dekoratiboa daukaguna, turistendako kontua. Apaingarri hutsa.
Azkenean, Kortatuk arrazoi izango du La cultura es tortura, no nos vamos a engañar esaten duenean (Kultura tortura da, ez gaitezen engaina). Tortura erdigunera ekarri nahi izanez gero, jakina!
Leave a Reply